"Zuzenbide Estatu" terminoak jatorri alemaniarra du (Rechtsstaat). Estatuaren Alemaniako doktrina du sorburu, XIX. Mendeko lehen hereneko Alemaniako lehen liberalismoaren iusnaturalismo arrazionalista ageri duena (Welcker, von Aretin, von Mohl), nahiz eta kontzeptuan pentsalari zaharragoen ekarpenak ere jasotzen diren, alemaniarrak (Kant, Pufendorf) nahiz europarrak (Coke, Grotius, Hobbes, Locke, Montesquieu, Rousseau). Zuzenbide Estatuaren kontzeptuaren historia Alemaniako Konstituzioaren historiarekin lotuta dago, jarraian azalduko denez; baina kontzeptuan barneratzen diren ideiak azken mendeetan taxututako gogoeta politiko, filosofiko eta juridiko askoren jomuga izan dira.
Alemaniako lehen liberalismoan honako esanahia zuen kontzeptuak: A) Funtsatze bat alboratzea eta estatuaren xede transpertsonala: estatua ez da ordena edo instituzio jainkotiarra, baizik eta baterako tresna bat (res publika), norbanako guztien onura bilatzen duena. B) Estatuaren helburu eta zereginak pertsonen askatasun eta segurtasunera eta haren jabetzara mugatzea. C) Estatuaren antolamendua eta bere jarduera printzipio arrazionalen arabera arautzea: hemen barneratzen dira herritarraren eskubideen aitorpena, legearen aurreko berdintasuna, jabetzaren bermea, epaileen independentzia, gobernuaren erantzukizuna, legearen agintea, herritarren ordezkaritza eta ordezkaritza horren partaidetza funtzio legegilean. Zuzenbide Estatuaren aurkako kontzeptuak ez ziren monarkia edo aristokrazia, baizik eta teokrazia (egia errebelatu baten agintea) eta despotismoa (autokrata baten borondate arbitrarioaren edo herriaren borondate oso eta mugagabearen agintea). Oinarrizko ideia zera da, zuzenbideak gobernatu behar duela eta ez gizakiek. Zuzenbide Estatu kontzeptuaren esentzia garai horretan defendatzen den legearen kontzeptura murrizten da. Legea arau orokorra da, eztabaida eta publizitatea ezaugarri dituen prozedura baten bitartez herriaren ordezkaritza baten baimenarekin onartzen dena. Zuzenbide Estatu kontzeptuaren ideiak 1789ko Gizakiaren eta Herritarraren Eskubideei buruzko Adierazpenetik erator daitezke. Adierazpen hori izan zen Frantziako Iraultzan eragin nabariena izan zuen agiria: "Askatasuna besteei kalterik egingo ez dien edozer egin ahal izatean datza. Horrela, gizonaren eskubide naturalen erabilerak ez du beste mugarik gizarteko beste kideei eskubide berorietaz gozatzea ziurtatzen diena baino. Muga horiek soilik lege bidez zehaztu daitezke" (4. artikulua); "(...) Legeak debekatzen ez duen guztia ezin daiteke eragotzi, eta inor ezin da behartu legeak agintzen ez duena egitera" (5. artikulua); "Legea borondate orokorraren adierazpena da. Herritar guztiek dute legearen osaketan parte hartzeko eskubidea, pertsonalki edo beren ordezkarien bidez. Legeak bat bera izan behar du guztientzat, bai babesten duenean eta bai zigortzen duenean" (6. artikulua).
Zuzenbide Estatu kontzeptuaren bidez garai hartan oposizioan zeuden botereko bi printzipio legegileen arteko konpromisoa erdiesten zen, hots, printzipio monarkikoaren eta printzipio demokratikoaren artekoa. Konpromiso horren ondorioa monarkia konstituzionala zen. Horren bidez, Alemaniako estatuetan absolutismo monarkikoa (Errusiar Inperioaren eta Otomandar Inperioaren antzera) nahiz azpikoen iraultza (Frantziako Iraultzaren antzera) saihesten ziren.
1870ean Alemaniako Inperioa sortzearekin batera botere legegile berri bat nagusitu zen: estatua. Zuzenbide Estatu kontzeptua desagertu egin zen eztabaida politiko eta konstituzionaletik eta kontzeptua interpretazio formalista batera murriztu zen: aurrez aipatutako bermeak mantendu egiten ziren, baina kontzeptuaren ideia nagusiak, legearen gobernuarenak, indarra galtzen zuen kontzeptu berriaren aurrean, hots, estatuaren aurrean. Berez, Zuzenbide Estatu kontzeptuari zegokion programa betetzat jotzen zen testuinguru konstituzionalean. Ondorioz, arreta konstituzioaz aparteko testuinguruan jarri zen, hots, administrazioak Zuzenbidearekiko zuen menderakuntzan, arlo horretan oraindik gauzak nahasi samar baitzeuden. Boterea Zuzenbidearen mende egotean, Administrazio Zuzenbidean eta jurisdikzio-prozesuan (bereziki administrazioarekiko auzian) nabarituko ziren ondorioak zehaztu nahi ziren. Administrazio Zuzenbideak segurtasun juridikoa eman behar zion herritarrari eta, horrekin batera, haren eskubideak babestu behar zituen, Zuzenbide zibilak egiten zuenaren antzera. Kontzeptuaren bertsio edo ikuspuntu hau izendatzeko "Zuzenbidezko Estatu Formal" espresioa erabili izan da. Zenbaiten ustez horixe izango zen Zuzenbide Estatuaren urrezko aroa.
XX. mendean, kontzeptua ikuskera filosofiko eta juridikoen eboluziora egokitu zen. Alde batetik, eguneratu egin zen (kontzeptuaren adieran eragiten ez zuten xehetasunak erantsiz) eta, beste alde batetik, bi jomuga berri ezarri ziren, kontzeptuaren jatorrizko adiera aldatzea eragingo zutenak.
Lehenik eta behin, demokratizazioa izan zen kontzeptuaren lehen erronketako bat. Sufragio unibertsala orokortu zelarik, batez ere lehen mundu-gerratik aurrera, estatuaren boterearen legitimazio demokratikoa zilegitu zen. Herritar orok (eta ez zati batek soilik) parte hartzen zuen legearen eraketan eta lege hori zen borondate orokorraren adierazpena. Hala, Zuzenbide Estatu kontzeptua, hasiera batean, demokratiko izatearekin lotuta ez bazegoen ere (nahiz eta aukera hori baztertu ere ez zen egiten), ordutik aurrera "demokratikoa" zen. Zuzenbide Estatua dagoeneko "Zuzenbidezko Estatu Demokratiko" gisa soilik hautematen da; modu horretan "Zuzenbide Estatu" eta "Zuzenbidezko Estatu Demokratiko" adierazpen baliokide bilakatu ziren.
Bigarrenik, legearen nagusitzan oinarritzen den Zuzenbidezko Estatu Legegilea Zuzenbidezko Estatu Konstituzional bilakatu zen. Horren ondorioz, Konstituzioaren esanahia ere moldatu egin zen eta botere publikoen muga eta lotura izango zen. Positibismo klasikoaren paradigma eta legegile guztiahaltasunaren ikurra den legezkotasun (hutsaren) printzipioak ez ditu islatzen dauden funtsezko muga eta lotura oro. Batez ere, Konstituzioan oinarrizko eskubideak eta bestelako printzipio material batzuk positibizatzearen eraginez legediak dituen mugak eta loturak. Legeak, bere balioa aintzat hartuta, hura eratzeko aurrez ezarritako forma batzuk errespetatzeaz gain, Konstituzioan ezartzen diren printzipioak eta oinarrizko eskubideak errespetatu behar ditu derrigorrez.
Hirugarrenik, Europako estatu ia guztietan Zuzenbidezko Estatu Liberala pixkanaka Zuzenbidezko Estatu Sozial bihurtzeko joera da nagusi. Zuzenbidezko Estatu Liberalak ez zion inolako erantzunik ematen haren eredu sozial eta ekonomikoak eragiten zuen auzi sozialari: ondasunen jabetzan ezberdintasun sozialak, klaseen arteko aurkakotasuna eta askatasun sozial desorekatua. Liberalismoak auzi soziala bazter utzi zuen eta horren erantzun konstituzionala da Zuzenbidezko Estatu Soziala. Estatu sozialaren printzipioa ez da justizia soziala zilegitzeko asmoz egiten den Zuzenbide Estatuaren (tradizioz liberalak diren bermeak) mugapen edo murrizketa; aitzitik, printzipio horren zeregin eta xedea guztien askatasuna ahalbidetuko duten baldintza sozialak sortzea da, ezberdintasun sozialak baztertuz. Arlo sozialari dagokionez esku-hartzean, asistentzian eta birbanaketan oinarritzen den estatua da Estatu sozial klausularen funtsa. Hala ere, esku-hartze, asistentzia eta birbanaketa hori ez dira Konstituzioan jasotzen. Hori dela eta, legegilean eta administrazioan zehaztu egin behar dira, betiere, Zuzenbide Estatuaren konstituziozko berme klasikoak errespetatuz (autonomia pertsonala, enpresa-askatasuna, lanbidearen aukera askea, jabetza pribatua, etab.). Estatu sozialaren klausula 1949ko Bonneko Funtsezko Legean aldarrikatu zen (20.1 artikulua), eta gerora Europako konstituzio berantiar ugaritan txertatu zen (Espainiako Konstituzioaren lehen artikulua, etab.), Europako estatu konstituzionalaren ereduari dagokion ezaugarri gisa.
Laugarrenik, Zuzenbide Estatua indargabetu eta ukatu zuten esperientzia totalitarioen ondotik, nolabaiteko iusnaturalismoa birsortu zen eta Zuzenbide Estatuaren kontzeptu material bat sendotzearen alde egin zen, indar juridiko loteslea duten balio eta printzipio material batzuk barneratuz. Zuzenbide Estatuaren kontzeptu material bat aldarrikatzeak aurreko eboluzio-lerroek baino arazo gehiago sortzen ditu. Böckenförde irakasle alemaniarra Zuzenbide Estatuaren kontzeptu material horren aurka azaldu da eta Zuzenbidezko Estatu Liberala balio eta eduki materialei dagokienez ez zela hutsala azpimarratu zuen: ezarritako balioen edo absolututzat jotzen ziren balioen izenean herritarren edo gizataldeen bizitzan eragiteko aldizkako saiakeran aurrean, berme juridiko eta formalei eta askatasun indibiduala eta soziala babesteko legezko prozedurei garrantzia materiala ematen zitzaien eta horixe zen, hain zuzen, hartako balioa. Horren atzean "demokrazia militante" delakoaren ordez aukera konstituzionalaren alde egiteko eztabaida ezkutatzen da. Postulatu etiko eta moralei edo guztien askatasunaren bermetik eta bizikidetza ordenatu baterako oinarrizko baldintzen ezarpenetik haratago doazen balio materialei izaera juridiko loteslea aitortzen bazaie, ondorioa, Böckenförderen ustez, balio edo postulatu horien interpretazioaren monopolioa eskuratzen edo bereganatzen dutenen gobernua izango da. Erkidego politiko batek bozkatu ezin denarekiko erabateko adostasuna izateari buruzko argudioari dagokionez, alemaniarrak adierazten duenez, erkideko horri ezinbestekoa zaionari buruzko adostasun hori proposatu egin behar den edo, aitzitik, agintaritza konstituzional edo legal batek (gatazka baldin badago gehiengoz erabakiko dena) inposatu egin dezakeen, hori da gakoa.
