Irakasleak

Zipitria Irastorza, Elbira

Gerra ondorengo ikastolen sorkuntzan funtsezko papera eduki zuen. Elbira Zipitriari onartu behar zaio ikastolak didaktika-metodo berri eta orijinal batez dohatu izana, garaian Espainian erabiltzen zen metodo didaktikoarekin aldenduta aurreratuagoa zena. Izaera geldiezina eta bizia zuen Elbirak, irakaskuntza munduan argitaratzen ziren teoria berri eta aurrerapenak ezagutzen saiatzen zena, Frantziako lanei arreta berezia eskainiz: bere ahizpari esker, Marseillan zegoen lekaime bezala, Frantziako irakasle batzuekin harremanetan jarri zen: haiei hainbat pedagogi-arazo azaltzen zizkien eta gaiari buruzko informazio eta bibliografia espezializatua lortzen zuen. Horrez gain Zipitriari beti interesatu zitzaion adimen-desgaitutako haurren heziketa. Miguel Maria Eguiarekin eginiko lanak eta arlo honetan Katalunian zeuden esperientziek eta pertsonalki ezagutzen zituenak, esperientzia iturri izan ziren. Elbirak pedagogiako aurrerapen asko, arlo honetatik zetozela defendatzen zuen, hezitzaileak bere metodo eta sistemak modu sakonagoan hausnartu, esperimentatu eta ebaluatzera bultzatzen baitzuen.

Bestalde, Joxe Migel Barandiaran, Manuel Lekuona edo Nemesio Etxaniz bezalako kulturako zenbait pertsonalitaterekin mantendutako elkarrizketek Historia, Etnografia eta Euskal Literaturako gaietan sakontzeko aukera ematen zioten. Ikerketa, analisi eta ondoren euskal kontestura egokitzen ziren aurrerapen pedagogikoak, Zipitriak Espainian zegoen oroimen-tradizioa gainditu eta Maria de Montessoriren intuizio-metodorantz bideratzea egin zuen. Horrela, Matematiken irakaskuntzan adibidez, elementu errealetatik abiatuz ibilbide logiko jarraitu ondoren, abstrakziora iristeko gai zen. Neska-mutilak objektuak kontatuz, gehituz eta kenduz hasten ziren (gaztainak, zuhaitzen hostoak...), ondoren paperean irudikatzen zituzten objektuak: batasuna, bikotea, hirukotea, katu, sagutxo laukotea, boskotea, eta abar. Ondoren kanikekin lan egitera pasatzen ziren: buztinezkoak batasuna adierazten zuten eta kristalezkoek dozena. Bi edo hiru ikaslek zerotik ehun arteko batuketak eta kenketak gauzatzen zituzten, gainontzeko gelakideek estrofaren bat abestuz eginiko ariketa matematikoa deskribatzen zuten bitartean. Kanikekin eginiko ariketak gero koadernoetan irudikatzen ziren eta azkenik beharrezko zenbaki-ikurrak idazten zituzten. Elbiraren ikasleak bederatzi urte betetakoan batuketak, kenketak, biderketak, zatiketak, sistema metriko hamartarra eta geometriako oinarrizko kontzeptuak menperatzen zituzten. Behin baino gehiagotan gaztelerazko eskoletako arduradunek aitortu izan zioten andereñoei ikastoletan lortutako maila.

Hizkuntzari zegokionez, ikaskuntza bokalak gorputz-mugimendu batekin identifikatuz hasten zen eta kontsonanteak marrazki edo ikur zehatz batekin. Ikasleak ondoren, bokala lurrean txotxak jarriz irudikatzen zuten eta kontsonante ezberdinei hitzak sortu arte gehituz joaten ziren. Hitz hauek marratu gabeko koadernoetan idazten ziren ondoren, letra larriaz. Letra larria menperatua zeukatenean, letra xehea irakasten zieten. Irakurketa lanak gerra aurretik argitaratutako bi liburuxkekin egiten zuten: "Martin Txilibitu" eta "Xabiertxo". Elbirak interes berezia jartzen zuen haurrak ondo ahoskatu, ondo intonatu eta irakurtzen ari zirena ulertu zezaten. Olerki ederrak errezitatu eta haurren adinen arabera klasifikaturik zeuzkan abestiak abesten zituzten; hau zen euskararen aberastasunean sakondu, lexiko aberats bat ikasi eta espresio eta onomatopeiak ezagutzeko metodorik egokiena. Zortzi urterekin ikastoletako ikasleek gazteleraz irakurri eta idazten zekiten, baita esaldi gramatikalen zortzi zatiak bereizten ere. Matematika eta Hizkuntzaz gain, erlijio-heziketak funtsezko papera betetzen zuen ikastoletan. Egunero errezatzen zituzten otoitzak eta salmoak eta Idazteunak aztertzen zituzten.

Baina Elbira ez zen praktika hauetara mugatzen eta Erlijioa bere ikastolako ohiko bizitzara lotzea lortzen zuen; senide baten heriotza, ikasle baten anai-arrebaren bataioa, lehengusu baten ezkontza, andereñoak Sakramentuak aztertu eta azaltzeko erabiltzen zituzten. Katekesia irakurketa, marrazki eta antzezlan txikiak eginez ikasten zuten. Gainontzeko ikasgaientzat, Historia, Geografia eta Natura-Zientziak, txangoak antolatzen ziren Kontxako hondartzara edo Urgull mendira eta horrela ikasleek irla, lurmutur, kostalde, badia... edo zuhaitza espezie ezberdinak beren hostoen bidez ezberdintzen ikasten zuten. Elbira neska-mutilei irakasten zitzaien hura ulertu zezaten saiatzen zen, kontzeptuak eta emandako ideiak arrazoitzen zituen errealitate batetik hasi eta abstrakziora iritsi arte. Euskal aditz laguntzailearen hautatze-metodoa Nor-Nori-Nork galdetzaileen bidez, gaur egun hain erabilia dena, Zipitriari eskertu behar zaio: konturatu zenean haurrak ez zirela esaldi gramatikaletako subjektu egilea eta subjektu jasailea ezberdintzeko gai, Nor jauna, Nori jauna eta Nork jauna bilatzeko eskatzen hasi zen.