Irakasleak

Zipitria Irastorza, Elbira

1968 urte klabea izan zen ikastolen mugimenduan. Ordurarte euskal irakasleak beren lana klase pribatuen moduan estaltzen zuten, tituludun irakasle batek hamar ikasletik beherako talde bati irakastea baimendua baitzegoen. Irakaskuntza hiru urtetik bederatzi urte arteko haurrez arduratzen zen; adin horretara iritsitakoan ikastola utzi eta gaztelerazko eskoletara joan behar izaten zuten, non sarrerako azterketa bat egin behar zuten, ondoren prestakuntza-ikastaro batean Batxilergoan sartzeko azterketa gainditzeko. 1967-1968 ikasturtean beharrezkoa egin zen prestakuntza-ikastarorako eskolatze-liburua aurkeztea. Ikastolek ez zeuzkaten liburu hau eskaintzeko aukerarik. Bestalde polizia-miaketak eta irakaskuntzako-ikuskatzaileak ugaritu ziren. Azkenean, 1868an Gipuzkoako Gobernadore Zibilak, Oltra-Moltok, zirkular bat atera zuen baimen hau ez zeukaten ikastetxe berriak debekatuz eta jadanik zeudenei bere egoera legeztatzera behartzen zuena.

Elbira Zipitriak bere ingurura deitu zituen Mª Karmen Mitxelena, Miren Terese Aleman eta Koro Aldanondo andereñoak Orixe ikastola sortzeko asmoz. Ikastetxe berria Santa Maria Parroki Eskola izenpean sortu zen eta bere burua Jose Elgarresta Iturbe Donostiako basilikako apaiza agertzen zen. Lehen egoitza eliz atzealdean zeuden eta kasurako egokituak izan ziren lokal batzuk izan ziren. Legalizatzeko baimena 1968ko abenduan aurkeztu zuten. Irakaskuntzako inspektoreak 1969ko ekainean bisitatu zuen zentroa eta ondorioztatu zuen ikasleek zeukaten ezagutza-maila eta erabiltzen zen pedagogia oso egokia izan arren, "Espiritu Nazionalaren Prestakuntza" onartezina zela. Hamabost hilabete itxaron ondoren txostenaren bideratzea etenda gelditu zen baina 1970eko irailaren 8an hainbeste desiratzen zuten irekitze-baimena jaso zuten. Zipitria andereñoak 1971an utzi zuen Orixe ikastola, 65 urte zituela. Bizitzako azken urtetan depresio handiak jasan zituen; badirudi euskara batuaren inguruko eztabaidek sortu zizkiotela. 1982ko abenduaren 26an hil zen Donostian.