Jaialdiak-Ekimenak

Xabierraldia

Xabierraldiaren jatorri ofiziala 1940. urtean kokatzen da. Orduan, Marcelino Olaechea Iruñeko gotzainak, Gurutzeko Zaldun Boluntarioen Ermandadeak, gerra zibilean Francoren bandoan lehian aritu zirenek eta Ekintza Katolikoko Gazte Mugimenduko zenbait kidek lagunduta, martxa hori abiarazi eta jarraipena eman zioten. Dena den, aipagarria da aldez aurretik ere Xabierreko santutegiak halako lilura sortzen zuela eskualdean kokatzen diren Nafarroa eta Aragoiko herrietan. Horrela, adibide batera, dokumentuetan jasotzen denaren arabera, XIII. eta XIV. mendeetan inguruko herrietako herritarrak Xabierreko kaperan paratutako Kristora hurbiltzen ziren erromerian Graziako bederatziurrenean (martxoaren 4-14 bitartean). Mesede pertsonal bat eskatzeko egiten zen erromesaldi hori, osasunarekin, lanarekin edota familiarekin lotutako mesede bat eskatzeko. Beranduago, 1657an Frantzisko Xabier Nafarroako zaindari izendatu zuten eta horren ondorioz ukan zuen ospea lagungarri izan zen lekua eskualdeko mugak gainditzen dituen erromesaldi baten jomuga izatera iristeko.

Gaur egun, Nafarroako mapari begiratzen badiogu Xabierreko herria eta gaztelua periferian kokatzen dira. Erdi aroan ez zen horrela izan. Berez, Aragoiko pasabidea eta Nafarroa eta Aragoiko erreinuen arteko muga zaintzen zituen gaztelua Leireko monasteriotik kilometro gutxira kokatzen da, lerro zuzenean. Monasterio hori Nafarroako lehen erregeen sorleku, babes eta hilobia izan zen. Gainera, beranduago, Antso Handiak (1004-1035) eta haren ondorengoek (Gartzia Naiarakoa eta Antso Peñalenegoa) mugimendu espiritual, politiko eta kultural bat sustatu zuten bertatik, gerora erdi aroko estatua izango zena. Horretarako, kontrako norabidetik Xabierreko erromesaldiaren ibilbidearekin bat egiten duen (Tolosako bidetik behinik behin) Done Jakue Bidea sustatu zuten.

Bestalde, Frantzisko Xabierren bizitzak, bere sorlekua izan zen gaztelutik egin zuen bidaiak eta munduan zehar egin zuen ereduzko erromesaldiak zentzu berezia hartu zuten Nafarroako Erreinua, konkistaren ostean, Gaztelaren barnean geratu zenean (XVI. mendea).

Gorabehera historiko horien eta XIX. mendean, antzinako erreinuaren nortasun politikoa galdu izanaren sentimendua gero eta handiagoa zen testuinguru batean (1841eko Lege Itundua, etab.), sortu zen Nafarroako jatorriaren gaineko interes erromantikoaren eraginez, leku mistiko horren erakarpena areagotu egin zen. Modu horretan, une horretatik aurrera nafartasunaren nolabaiteko gune izaten hasi zen.

1886ko martxoaren 4an Nafarroako Foru Aldundiak Xabierrera erromesaldi bat antolatu zuen, santuak Nafarroan sukar beltzaren izurrite gaitz bat ekidin zuela-eta eskerrak emateko (Arregui,1998:8). Zenbaiten ustez, historiako lehen Xabierraldia izan zen hura eta, 12.000-15.000 nafar elkartu zirela uste da (Porcal, 2006:114). XIX. mende horretan izan ziren beste Xabierraldi gogoangarri batzuk ere, esate baterako, 1896koa, santuari Kubako gerraren amaiera eskatzekoa (Martinez Magdalena, 2003:76).

Hemeretzigarren mendean Xabierrera egiten ziren erromeria horiek noizbehinkakoak ziren arren, egun Xabierreko erromesaldiaren ezaugarri diren indarra eta nortasun kutsua zuten jadanik. Francoren garaian katolizismo nazionalak jarraipena eman zien erromesaldiei. Horrez gain, santuaren eta harekin lotutako erlikien (eliteengandik hasita) erakarmena probestu zuten, probintzia-batasunari kohesioa emango zion nafartasun guztiz kontserbatzaile baten ideia sustatzeko.

Dena den, nafartasunaren sentimendua sakonagoa eta hedatuagoa zen uste zutena baino. Hala, jadanik hirurogeiko hamarkadan sartuta, ideologia, klase, genero eta herriartekotasunetik haratagoko indarra zuen sentimenduak eta, pixkanaka gizarte berri baten nortasunaren ikur bilakatu zen. Horretan, ziur aski, eragina izango zuten industrializazioarekin Nafarroan eman ziren aldaketa sozial eta kulturalek. 1959an emakumezkoen Xabierraldia ezarri zen. Azken hori aurreko erromesaldiaren hurrengo astean ospatzen da aipatu urteaz geroztik; gainera, pixkanaka erlijioz aparteko motibazioak dituzten pertsonek parte hartzen dute: kirola egitea, abentura pertsonal txiki bat izatean, lagun berriak egitea, tradizioari eustea, etab.

"Orduz geroztik penitentziako erritual bat zena (...) nafarren identitate kolektibo baten berrespen garrantzitsua da. Herria bera izan da udaberrian egiten den penitentziazko eta iniziaziozko erromesaldiaren nafartasun hori semantikoki aldatzen joan dena" (Aguirre Baztan, 1998:55)(Itzulpen moldatua gaztelaniatik).