Monarkia eta noblezia

Naiarako Gartzia Santxez III.a

Iruñeako erregea (1035-1054).

Antso Gartzes III.aren -"Nagusia" edo "Handia" ezizenekin ezaguna- lehenengo legezko semea izan zen, Gaztelako Munia andrearekin izan zuena. Haren aurretik, Antso III.ak beste seme bat izan zuen Antsa Oibarkoarekin, Ramiro, alegia, eta haren ondoren, Gonzalo eta Fernando eduki zituen, Munia andrearekin. Gartzia erregeari "Naiarakoa" deitu zioten, Naiarako Andre Maria Erreginaren monasterioa fundatu baitzuen.

Aita hiltzean, haren agindupeko lurretan oinordekotza hartu zuen, Aragoin eta Gaztelako konderrian izan ezik. Izan ere, Ramirok hartu zuen Aragoiko konderri zaharraren gainean eraikitako erresuma, eta Gaztelako konderria 1029tik Fernandok gobernatzen zuen, iraganean Antsoren babespean egon bazen ere. Ribagorzako eta Sobrarbeko lurrak Gonzaloren esku geratu ziren, eta gero, Ramirok bereganatu zituen. Hortaz, Gartzia Santxez erregeak Iruñeako erresumako ondare-nukleoa jaso zuen.

1038an, Estefania andrearekin ezkondu zen. Zenbait egileren hitzetan, Estefania andrea Bernargo Roger Foixeko eta Couseranseko kondearen eta Bigorrako Garsindaren arteko alaba zen; baina, beste batzuen ustez, Berenguel eta Sancha Bartzelonako konde-kondesaren alaba zen. Gartziak emaztearekin egindako ezkontza-hornian (1040), Nafarroaren mendebaldeko mugak zehazten dituzten toki eta "mandatios" (jabetza) batzuk agertzen dira. Emazteari hainbat lur eman zizkion, besteak beste: Tutera (Retes) eta Lanteno, Aialako haranean, eta gaur egungo Burgoseko eta Kantabriako probintzietan dauden zenbait leku, hala nola Bribiesca, Oca, Tedeja, Peralada, Arreba, Turiego, Arruesga, Soba, Mena, Castro, Samano eta Colindres.

Tronura iritsi eta urte gutxira, Gartzia Santxez hainbat gatazka militarretan nahasia egon zen. Beraren anaia, Gaztelako Fernandok, erregealdiaren hasieratik Leongo Vermudo III.a koinatuaren aurka borroka egin zuen. Fernando Vermudoren arreba Antsarekin ezkonduta zegoen (1032), eta Pisuerga eta Cea arteko lurrak ezkonsari izan zituen. Leongo erregea urte batzuk beranduago lur horiek berreskuratzen saiatu zen. Leondar erregeak mehatxatuta, Fernandok laguntza eskatu zion Gartzia anaiari. Horrela, Gaztelako-Nafarroako armada eta Vermudo III.aren armada lehian aritu ziren Carrion inguruan. 1037ko irailaren 4an, Leongo erregea garaitu zuten Tamaronen (Burgosen), eta bataila-eremuan bertan hil zen. Antsa arrebak hartu zuen oinordekotza, eta 1038ko ekainaren 22an, Fernando, Leongo Fernando I.a izendatu, eta koroatu zuten. Leongo erresuma berrantolatu ondoren, aitak iraganean Iruñeako erresumari erantsitako lurrak berreskuratu nahi izan zituen, eta, ondorioz, aurka egin behar izan zion beraren anaia zen Iruñeako erregeari.

Moreten hitzetan, 1043. urtean, Aragoiko Ramirok eraso egin zion Gartzia erregeari. Ramiro Zaragoza eta Lerida gobernatzen zituzten errege musulmanekin aliatu zen, Nafarroan sartzeko, eta Tafallari eraso zioten. Aragoiko erregea garaitua izan zen. Gertaera horren ostean, erregeak Ororbiako jaurerria eman zion Sancho Fortuñezi, Ramiro erregeak Tafallako batailan zeraman zaldia jaso baitzuen harengandik.

Bestetik, Gartzia Santxez III.ak monasterio ugari fundatu zituen eta ondasunak dohaintzan eman zizkien. 1042an, egile batzuen esanetan, eta 1047an, beste batzuen ustetan, Laredo inguruan dagoen Santa Maria de Puerto monasterioari zenbait lur ematea agindu zuen. 1045ean, eliza bat eraikitzeko agindua eman zuen, Naiarako ama birjinaren omenez, eta Terrazako Zalduntza eratu zuten. Urte berean, Gartzia erregeak Kalagorri setiatu zuen, musulmanen esku zegoena. Apirilaren amaiera aldera hartu zuten hiria. Garaipen horren bidez, Ebro erdialdeko haranaren gaineko jabetza bermatu zuten. Ondoren, erregeak dohaintza handiak egin zizkion hiriko Andre Maria elizari. Haren seme Antso agertzen da dohaintza-eskrituretan, fede-emaile gisa. 1045ean bertan, erregeak Iratxeko abadeari Yarteko Monasterioa eman zion Deyoko gazteluaren ordez (Monjardin), eta trukearen eskrituran, haren anaia Ramiro erregea izan zen fede-emaile.

Hurrengo urteetan, dohaintza gehiago egin zituen, Kalagorriko elizari (1046), besteak beste. San Millani ere hainbat ondasun eman zizkion dohaintzan: San Ciprianoko monasterioa, Arlanzon ibaiaren arroan (1048); San Felix de Oca monasterioa; San Miguel de Pedroso monasterioa, Beloradotik gertu; eta eskualde berean dagoen Paduleta izeneko herria (1049). 1050eko maiatzaren 29an, erregea lekuko izan zen San Millanen gorputza Susoko monasteriotik Yusoko monasteriora lekualdatu zutenean, erresumako gorteak eta Iruñeako, Kalagorriko -Oca gobernatzen zuen baita ere- eta Arabako gotzainak lagunduta.

Monasterioei barrutiak eta beste ondasun batzuk dohaintzan emateaz gain, Gartzia Santxez III.ak beste mota bateko emakidak ere egin zituen, esate baterako: 1051. urtean, Gartzia erregeak eta Bizkaiko Iñigo Lopez kondeak Bizkaiko eta Durangoko monasterioak izan zitzaketen zortasunetatik libre utzi zituzten.

1052an, Naiaran eraikitako Andre Maria eliza inauguratu zen, eta abagune hori dela medio, erregea, haren anaiak eta haren koinatu zen Bartzelonako Ramon kondea bildu ziren. Erregeak eliza berriari hainbat objektu eman zizkion oparitan, besteak beste: Andre Maria aldareko aurrealdea eta urrez eta harribitxiz egindako gurutzea, Antso Abarkarena izandakoa (erregearen aitona). Santuen erlikia ugari toki horretara eramateko agindu zuen, hala nola San Prudencio, San Vicente eta Santa Columba. Era berean, askotariko dohaintzak egin zizkion tenplu hari. Emandako ondasunen artean daude Santa Maria de Puerto, Barrikako Andra Mari (Bizkaian) eta Ages herria, Montes de Ocan. Eskrituraren sinatzaile izan ziren: Gaztelako Fernando; Aragoiko Ramiro; Bartzelonako Ramon kondea; Iruñeako, Arabako eta Naiarako gotzainak eta beste horrenbeste abade eta jaun. Urte berean, Naiarako Andre Mariari San Martin del Castillo eliza eta beste ondasun batzuk eman zizkion dohaintzan, eta horrela berretsi zuten haren seme-alabek: Ramiro, Ramon, Ermesenda eta Antsok -Gartzia Santxezen oinordeko izango zena-.

1053 urte inguruan, Gartzia Santxezen eta Fernando beraren anaiaren (Gaztelako errege) arteko gatazkak hasi ziren berriro. Armadak Atapuercan aritu ziren borrokan, Burgos inguruan. Azkeneko bataila 1054eko irailaren 1ean izan zen, eta bertan hil zen Gartzia erregea. Antso semea tokian bertan errege izendatu zuten, Antso Gartzes IV.a izenez. Beranduago, ordea, "Peñalengoa" ezizenarekin ezagun egin zen. Gartzia erregea Naiarako Andre Maria Erreginaren monasterioan lurperatu zuten.