Kontzeptua

Vasconum Saltus

Garatu dugun planteamenduaren arabera, VSri Ager Vasconumen aurkako izaera hori kendu diogu lurraldearen ustezko antolaketa erromatarrean, eremu atlantikoko (basotsua) eta mediterraneoko (nekazaritzakoa) balio ekologikoak aintzat hartuta. Interpretazio tradizionalak oinarri sendorik ez duela arrazoitu ondoren, proposatu dugu deskribapen pliniarraren VS kostalde kantauriarreko toki geografiko zehatz bati dagokiola; Oiasso eta Pirinioen arteko toki bati, hain zuzen. Aiako Harriko erromatarren meatzaritza eta Bidasoako igarobidea ere aurkeztu ditugu erromatarrek saltus gisa har zitzaketen toki gisa. Amaitzeko, VS eta Oiassoko hiri-aglomerazioa lotzen dituzten loturak marraztuko ditugu.

Hasteko, beharrezkoa da nabarmentzea Plinioren jatorrizko testuan puntuaziorik ez dagoenez, ezin da alde batera utzi egileak berak VS eta Olearso gauza bera balira bezala izendatu izanaren aukera. Hala ere, ez gara tematuko bi terminoen parekotasunaren kontuan, berriro ere arrazoiketa arkeologikoei begiratuta.

Aiako Harrian erromatarrek egindako meatzaritzako erauzketei buruzko lekukotzetara itzulita, ikus daiteke gehienak meatzaritza modernoko lan garrantzitsuak egin diren meatzaritzako esparruei lotuta daudela. Arditurriko meatzaritzako esparrua (Oiartzun) Gipuzkoa osoko meatzaritza-gunerik garrantzitsuena izan da 1984an itxi zen arte eta badirudi erromatarren garaian ere hala izan zela, azken urteetan jaso diren aztarna arkeologikoak ikusita. Oiassoko hiri-aglomerazioaren gunetik 6,5 km-ra dago zuzenean, Pasaiako badian itsasoratzen den Oiartzun ibaiaren bailaran. Bidasoaren isurialdean San Fernando, San Nartziso eta Belbio esparruak kokatzen dira. Horietan biltzen dira Irunen egiaztatutako erromatarren lan gehienak. San Nartzisoko esparruan, Altamirako meatze-eremuan aurkitutakoak Oiassoko hirigunetik 2,5 km-ra soilik daude eta San Fernandokoak, berriz, 5,5 km-ra.

Oiassok, horrez gain, kaien, ontzitegien eta eskualde mailako portuko biltegiaren aztarna arkeologikoak ditu, nekropolia, termak eta Irungo hirigunean identifikatutako beste hainbat hiri-elementu, Estrabonek adierazitako bideari gehitzen zaizkionak (M. Urteaga, 2008, "El asentamiento romano de Oiasso (Irun); red viaria, puerto y distrito minero", Hiri erromatarreko obra publikoen IV. Kongresuko aktetan, Lugo-Guitiriz, 303-329. or.). Aiako Harrietako meatzaritza erromatarra, beraz, ezin bereiz daiteke Oiassotik, bertara jo behar izaten baitzuten hornitzeko, hiri-zerbitzuei zegokien guztirako (auzi administratiboak ere), metal estrategikoen (zilarra) errepide bidezko garraiorako eta berunezko eta burdinazko lingoteak itsasoz garraiatzeko. Bidezkoa dirudi Oiasso eta meatzari ingurunea ez zeudela elkarrengandik isolatuta pentsatzea, baterako antolamendua osatuz baizik.

A.M. Hirt-i (Imperial Mines and Quarries in the Roman World, 2010, 51. or.) jarraiki Aiako Harrietako meatzaritzaren lurralde-antolamenduak Vipasca-ren meatzaritako legeetan azaltzen diren hiru erakunde motei erantzuten ote zien planteatu daiteke: "vicus", "metallum" eta "territoria metallorum". Kasu horretan, vicus metalli Vipascensis-en baliokidea, bainu, eskola, bizargin eta hilerriarekin, Oiassoko hiri-aglomerazioa izango litzateke. "Metallum" kategoriak, berriz, meatzaritzako lurraldeko oinarrizko unitateari egingo lioke erreferentzia (izendatu ditugun esparru indibidualak) eta "territoria metallorum" kategoriak procurator metallorum-en kontrolpeko ustiaketen multzoari, hau da, mendigune granitikoko erauzketa-jardueren multzoa biltzen duen meatzaritza-barrutiko ustiaketak. Nolanahi ere, hiri-establezimenduaren eta meatzaritzako ustiaketa-eremuen arteko loturak nabarmenak dirudite, bai hurbiltasun geografikoa dela eta, bai alderdi funtzionalak direla eta; horrek VSren -meatzaritzako bertsioan- eta Oiassoren artean loturak finkatzera eramango gintuzke.

Lotura estuak izango genituzke Bidasoako igarobidea, Pirinioak zeharkatuta, VStzat hartu ahal izango balitz ere. Kasu horretan, Bidasoako zubiaren zurezko zimenduen aztarna arkeologikoak Oiassoko hirigunean bertan daude, Ama Xantalen nekropolia baino hurbilago.

Vasconum saltus puntu geografiko zehatza da, Kantauriko kostaldean kokatuta dagoena, Pirinioen oinetan, Oiassoren ondoan edo Oiasson bertan VS Bidasoaren gaineko igarobidetzat hartzen badugu. VSk Aiako Harriko meatze-barrutiarekin duen lotura nahiago bada, Oiasso Vasconum Saltus-en parte zela ere onartu ahal izango litzateke.

Ondorio hori gaiari buruzko ikerketan aurrerapauso handia da bere horretan, baina zer da edo zer esan nahi du, bada, saltus Vasconum-ek Plinioren testu horretan? Javier Arcek ("Conclusiones" Saltus ¿concepto geográfico, administrativo o económico?, Arkeolan aldizkaria 15, 2008, 185-190. or.) bere buruari galde egiten dio ea saltus vasconum "Augustok biztanle haiei egindako oparia, "kontzesioa", ote zen, Erromarekin zuten itunaren ondorioz eta kantauriar gerretan bere tropen eta ontzien aurka ez parte hartzearen ondorioz". Baskoiek "eremuko meatzeen ustiaketarako eta Pirinioetako igarobideak kontrolatzeko" kudeatutako inperioko jabetza izan zitekeen ere galdetzen du. Historialari horren ustetan, azken aukera hori da probableena eta horregatik uste du aipatu zuela Pliniok Vasconum saltus bereizita.