Kazetariak

Uriarte, José Rufo de

Argentinaren mendeurren ospakizunak prestatzen ari zirela-eta (1910) 1908an Andree Moch eskultore eta pintore frantziarra (Paris 1879, Buenos Aires 1953) iritsi zen herrialdera.

Frantzian eta Espainian aurrekari profesional azpimarragarriak zituen artista hark aurkezpen-gutunak ekarri zituen Uriarterentzat eta Buenos Aireseko egunkari ezagunetako zuzendarientzat. Lehenengoak euskal kolektibo anitza bateratzen zuen Laurak Bat delakoarekin lotzen zuen artista. Bertan, artista frantziarrak (euskaraz hitz egiten zuen) bere lanak erakutsi zituen, eta horietako askotan Euskal Herriko paisaiak, baserriak eta pertsonaia herrikoiak irudikatzen ziren. Erakusketa hark arrakasta izan zuen eta, ondorioz, hainbat pertsonaia ezagun erretratatu eta zizelkatu zituen, esate baterako, Florencio de Basaldua, Daniel de Lizarralde, Florencio Constantino eta Jesus Guridi. Horrez gain, beste lan askoren artean Juan Pedro Passicot-i egindako bustoa azpimarratu behar da. Andrea Mochek (izena gaztelaniaz ezarri zuen) Uriarterekin maitasunezko harreman bat izan zuen eta Uriartek amarekin batera artistaren departamentu-lantegian kokatu zuen bere bizilekua, Avenida de Mayo 1480 delakoan. Urte horietan editore-kazetaria lan bat taxutzen ari zen: "Los baskos en la Nación Argentina". Lan horretan frantziarrak aktiboki kolaboratu zuen, hainbat ohar eta pintura inprimatuta. 1909az geroztik Andrea Moch "korrespontsal grafikoa" izan zen. Jardun horretan bi hamarkada baino gehiagoan aritu zen euskal kulturaren alde, hala, aldizkariari kutsu kultural nabarmena eman zion.