Kontzeptua

Upeltegiak. Arkitektura

Biztanleriaren kopurua eta eskaria handitzen diren heinean, ardoarekin zerikusia zuten prozesu industrialak bizkortu egin ziren. Ardogintzak ere kontsumorako beste ondasun gehienak bezala, bere iraultza propioa ezagutuko du. XIX. mendearen amaieran kontsumo gizartea gero eta espezializatuagoa garatzen den neurrian, ardoaren ekoizpenak eremu pribatua gainditu egingo du eta ondasun ekonomiko garrantzitsua bihurtuko da, berezko industria garatuz eta ekoizpenerako enpresa propioak sortuz. Horietako asko hasiera batean kooperatibak besterik ez ziren, gero garrantzitsuenak sozietate mugatuak edo anonimoak bihurtuko dira. Ardoa ekoizteko eta biltegiratzeko eraikuntza handiak behar zituzten. Industriako beste jardueretarako lantegiak sortu ziren bezala, upeltegiek ere euren lantegi propioak eraikiko dituzte, ezaugarri bereziekin alegia.

Hasieran, lehen upeltegi horiek hasieran ardoa biltegiratzeko eraiki ziren ere, pixkanaka ekoizpenaren fase guztiak bertan bateratzen hasi ziren. Azkenean eraikinak antolamendu horizontala izango du, mahatsaren prozesua errespetatuz -eraikinaren albo batetik mahatsa sartzen baitzen eta bestetik ardoa atera botiletan-. Upeltegiak ardo-lantegi bihurtuko dira. Lehen eraikin horiek XIX. mendearen amaieran eraikitzen hasi baziren ere, material berriekin burututako arkitekturak eskaintzen zituen aukera guztiez baliatuz -espazio zabalak, altuera handia, hezetasuna eta argia kontrolpean izateko aukerak alegia-, urrezko garaia XX. mendearen lehen hamarkadetan ezagutuko dute, modernismoaren eraginpean. Horrela, lehen eraikinak arrazionaltasunaz eraikitzen baziren ere, hizkuntza arkitektoniko eklektikoarekin bat eginik, bigarren belaunaldian egiturak eta apaindurek bat egingo dute eta eredu liluragarriak sortuko dira, horietako asko "katedrala" ezizenez ezagunak direnak.

XX. mendearen bigarren erditik aurrera upeltegiek gero eta itxura industrialagoa hartuko dute eta askotan kanpotik behintzat, ez dira beste lantegi industrialetatik bereiziko. Baina egoera hori XX. mendearen azken hamarkadetan nabarmenki aldatuko da, berriro ere upeltegi berriak eraikitzeko orduan grabitatea irizpide gisa kontutan hartzen hasiko baitira. Horrela, eraikuntza horizontalki antolatu beharrean bertikalean egingo da, goialdean mahatsa jasoz eta behealdean, lur azpian, ardoa bilduz, aurrena kupeletan eta gero botiletan.

Horrekin batera, aipatu beharrekoa da ere upeltegien inguruan sortu den turismo enologikoa eta fenomeno honek izan dituen ondorioak tipologi arkitektoniko honetan. Berez, orain upeltegiek ez dute soilik ardoa ekoizten, biltegiratzen eta saltzen, aitzitik beste zerbitzu asko ere eskaintzen dituzte, esaterako bisita gidatuak, ardo dastaketak edo otorduak. Horretarako bezeroen arreta guneak, tabernak, jatetxeak eta hotelak gehitu dizkiete upeltegiei.