Kontzeptua

Udala

Nafarroak, Administrazioari eta tributuei buruzko bere foru-erregimena Konstituziotik sortutako erregimen berrira egokitu behar izan zuen 13/1982 Lege Organiko bidez -abuztuaren 10ekoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoa (NFEBHLO)-. Lege organikoak berak adierazten duenez, Nafarroak, Espainiako nazio-batasuna eratzeko prozesuarekin bat egin zuenean, bere Erresuma izaera gorde zuen. XIX. mendea aurrera zihoala, Nafarroak Erresuma izaera galdu zuen, baina 1839ko urriaren 25eko Legeak haren Foruak berretsi zituen, konstituzio-batasuna deusetan ukatu gabe, eta xedatu ere zen ezen, Nafarroaren partaidetzaz, batasun horren interesak eskatzen zituen nahitaezko aldaketak sartuko zirela Foru horietan Nazioaren eta Monarkiaren Konstituzioaren interes orokorrekin bat eginez

Xede hori zutela lotu ziren negoziazioei Nazioko Gobernua eta Nafarroako Diputazioa, eta hondarrean erdietsi zuten akordioan du sorburua Espainiako Monarkiaren Gorteek onetsi zuten 1841eko abuztuaren 16ko Lege Itunduak. Bere jatorrizko eskubide historikoetatik heldu ziren lege horien gerizapean, Nafarroak bere foru araubidea gorde zuen, eta foru-erregimen hori 1978ko Espainiako Konstituzioak errekonozitu du, bere Lehen Xedapen Gehigarriaren lehen lerroaldean, zeinak babestu eta errespetatu egiten baititu Nafarroaren eskubide historikoak.

Nafarroako Foru Eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko prozesua 1979ko urtarrilaren 26ko Errege Dekretuak abiarazten du, aurrez Foru Diputazioarekin akordioa itxi eta gero. Nafarroak autonomia-erregimenera iristeko segitu duen bide bereziari aipamenik egiten die Konstituzio Auzitegiak emandako 16/1984, otsailaren 16ko, eta 104/1990, irailaren 20ko, epaiek.

Aipatutako NFEBHLOk errekonozitzen duenez, Toki administrazioaren alorrean, Nafarroari honako hauek dagozkio: gaur egun dituen ahalmen eta eskumenak, 1841eko abuztuaren 16ko Lege Itunduan, 1925eko azaroaren 4ko Errege Dekretu Lege Itunduan eta xedapen osagarrietan erabakitakoaren babespean; eta aurrekoekin bateragarriak izanik ere, Estatuko oinarrizko legeriaren ariora komunitate autonomo edo probintziei dagozkiekeenak.

Bestalde, NFEBHLOk agintzen duenez, Foru Diputazioak, justizia auzitegien jurisdikzioa deusetan ukatu gabe, Nafarroako udal, kontzeju eta toki entitateen jarduketen legezkotasunaren eta interes orokorraren kontrola eramanen du, foru lege batek xedatzen duenari jarraikiz. Nafarroako udalek, gutxienez, Nazioko gainerako udalei izaera orokorrez onartzen zaien autonomia izanen dute.

Euskal Autonomia Erkidegoak ez bezala, Nafarroan bada Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Lege bat: 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Administrazio Lokalari buruzkoa.

Lege horrek 1928.eko otsailaren 3ko Nafarroako Udal Administrazioaren Arautegiarekin du harreman estua. Azken hori, bere garaian, Foru Komunitateko administrazio lokalaren bizitzan garrantzi berebiziko arauteria izan zen, Nafarroako egituraketa lokal berezia 1839.eko urriaren 25eko Legearen eta 1841.eko abuztuaren 16ko Lege Hitzartuaren ondorioz sortutako planteamenduetara egokitzea ekarri zuena, eta baita 1924.eko martxoaren 8ko Udal Estatutua Nafarroan aplikatzeko Oinarrietan bildutako jarraibide eta orientabideetara haren administrazio eraentza lokala apailatzea ere, eta bidenabar, lehendik Nafarroako Administrazio lokala erregulatzen zituzten orotariko arau sakabanatuak legeria uniforme batean birbiltzea lortu zuen. Arauzko testu horrek gobernatu izan du geroztik Foru Komunitateko bizitza lokala, indarrean den 6/1990 Foru Legea onartu arte.

Nafarroako udalak, egun, 6/1990 Foru Legean agindutakoaren arabera, Foru Komunitateak gai horien gainean emanen dituen xedapenen arabera eta entitateek beraiek beren barne antolatze eta erregulatze ahalmenak erabiliz emanen dituztenen arabera arautuko dira. Gainerako gaietan, Estatuko beste entitate lokalentzat izaera orokorrez xedatutakoari jarraikiz arautuko dira. Halaber, arautegi hau aplikatuko da Nafarroak berari dagozkion gaietan zuzenbide arautzaile berezkorik ez duenean ere.

Nafarroako Foru Erkidegoan bi udal-mota bereizten dira: udal bakunak eta udal elkartuak (Foru Erkidegoko bereizgarriak). Udal bakunetan, antolamendu bakarra dago, udalbatza hain zuzen ere. Horrek udaleko lurralde osoan gobernatuko du.

Udal elkartuetan, berriz, lurralde osoaren gain gobernatzen duen udalbatza dago, baina lurraldea, aldi berean, beste toki-entitateetan zatitua dago; horiei kontzejuak deritze eta beren lurralde, biztanleria eta antolamendu propioarekin osatuta daude. Horrela, udal elkartua osatzen dute, batetik, udalbatzak, zeinak bere eskumenen arabera udalbarruti osoa administratzen baitu, eta, bestetik, kontzeju bakoitzaren gobernu-organoek. Toki-entitateen eskumenak, beraz, udalbatzaren eta kontzejuen artean banatzen dira.

Kontzejuak berrogeita hamar biztanle baino gehiago baldin badauzka, bost kidez osatutako biltzarrak gobernatuko du. Biztanle-kopuru hori edo gutxiago baldin badauzka, kontzeju irekia eratuko da; bertan, auzoko guztiek osatzen dute korporazioa eta hauteskunde libre eta demokratiko bidez hautatutako alkate edo kontzejuburu batek izango du burutza. Berrogeita hamaika biztanle baino gutxiago dituen kontzejuez gain, ehun biztanletik beheitiko udalek ere kontzeju irekiaren eraentzan funtzionatuko dute.

Korporazioari, udalen kasuan, udalbatza deritzo eta, kontzejuen kasuan, berriz, biltzarra. Kontzeju ireki bidezko sisteman, auzoko biztanle guztiek parte hartzen duten batzarrari, zenbait eskualdetan, "batzarrea" deritzo.

Kontzeju irekiak duen berezitasuna da, hain zuzen, auzokide guztiek parte hartzen dutela batzarreko bilkuretan. Bozketa bidez kontzejuko burua bakarrik aukeratzen da. Administrazio Lokalari buruzko 6/1990 Foru Legeak zehazten ditu kontzejuek dituzten eskumenak. Lege horrek agintzen duenez, kontzejuen kudeaketa- eta administrazio-organoei dagokie ondoko arlo hauei buruzko eskumenen erabilpena:

  1. Ondarearen administrazio eta mantenimendua, hala nola hura probetxatu eta erabiltzeko arautegia eta antolamendua.
  2. Dermioko landa bideen mantenimendua eta zaintza, baita kontzejuaren interesekoak bakarrik diren erabilpen eta zerbitzu publikorako gainerako ondasunena ere.
  3. Planeamenduari jarraikiz hirigintza lizentziak ematea, Udalaren aginduzko txosten loteslea aurretik dela.
  4. Kale eta bide garbiketa.
  5. Argiteria publikoa.
  6. Hilerrien mantenimendua eta zaintza.
  7. Kontzejuaren artxibategia.
  8. Herriko jaiak.

Kontzeju7ko komunitatearen interesekoak baino ez diren lanen exekuzioa eta zerbitzuen eskaintza kontzejuak berak eramaten ahalko ditu aurrera, haren eta ez beste inoren kargura, udalak ez baditu burutzen edo eskaintzen. Halaber, erabiltzen ahalko dituzte udalak edo Nafarroako Gobernuak haien esku utzitakoak.

Kontzejuak egoteaz aparte, foru-erregimenean agertzen den beste berezitasun bat bada, izan ere Nafarroako Foru Erkidegoan errekonozitzen dira toki-entitate jakinak eta berariazkoak. Toki Eraentzaren oinarriak arautzeari buruzko Legeak, toki-entitate gisa, hauek aipatzen ditu: probintzia, irla, udal-eremua baino txikiagoa izan eta autonomia-erkidegoek eratu edo errekonozitutako entitateak, hainbat udal biltzen dituzten eskualdeak edo beste entitateak, metropoli-guneak eta udal-mankomunitateak. Bere aldetik, Administrazio Lokalari buruzko Foru Legeak, eskualdea eta metropoli-gunea ez ditu aipatzen, baina bai administrazio-barrutiak, tradiziozko toki-entitateak (Bardeak, Aezkoa, Erronkari, Zaraitzu eta abar) eta zerbitzu administratiboen batasunak.

Nafarroan, Populazio Handiko Udalei buruzko erregimen berezia ematen dio Iruñako Udalari Toki Administrazioari buruzko Foru Legeak. Udala antolatzeko eraentza berezi bat da, Toki Eraentzaren oinarriak arautzeari buruzko Legean Toki Gobernua gaurkotzeari buruzko 57/2003 Legeak sartu zuena.

Nafarroako foru-erregimenaren berezitasunen artean, Nafarroako Administrazio Auzitegiaren berri ere eman behar da. Udalaren erabakiak helegiteko dagoen eraentza komunaz gain (administrazioarekiko auzien jurisdikzioa, hala badagokio, egintza edo erabakia eman duen udal-organo beraren aurrean aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ostean), Foru Erkidegoan Nafarroako Administrazio Auzitegiaren aurrean erabakiak errekurritzeko aukera ere bada. Auzitegi horrek emandako ebazpena errekurritu ahal izango da administrazioarekiko auzi bidez. Administrazio Foru Kontseiluak sortu zuen, 1964ko ekainaren 24ko erabaki bidez, Nafarroako Administrazio Auzitegia.

Toki Administrazioari buruzko Foru Legeak ezartzen ditu, nafar udalentzat, ondasun komunalak aprobetxatzeko modu ezberdinak, haiek izan laborantzako lurrak, larreak edo beste ondasun komunalak. Lehenik, lehentasunezko herri aprobetxamenduak daude; horren arabera, diru-sarrera gutxien -per capita balioetsita- duten auzoko familiei emango zaie komunalen aprobetxamendua. Gainerako ondasun komunalak, berriz, zuzeneko esleipenez emango zaizkie auzoko familiei, lurrak beraiek zuzenean ustiatzeko. Azken finean bakarrik enkante publiko bidez egingo da esleipena.

Nafarroako udalen baliabide ekonomikoei dagokienez, Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legea dago indarrean. Berau, 17/2004 Foru Legeak, Toki Ogasunek Nafarroako Foru Erkidegoko Tributuetan Parte Izateko Funtsa arautzeari buruzkoak garatu du.

Baliabideak aldi berean nola zatitzen diren ezartzen du Foru Legeak, zehazki sei sailetan: tributu-baliabideak, tributuak ez diren baliabideak, Estatuko tributuetan parte izatea, Foru Erkidegoko tributuetan parte izatea, subentzioak eta kreditu-eragiketak.

Udal guztiek nahitaez ezarri behar dituzten udal-zergak hauek dira: Lurralde Kontribuzioa, Jarduera Ekonomikoaren gaineko Zerga, Zirkulazio Zerga, Eraikuntzen, Instalazioen eta Obren gaineko Zerga, eta Hiri Lurraren Balioaren Gehikuntzaren gaineko Zerga. Udalek, bidenabar, eska ditzakete okupatu gabe dauden etxebizitzen gaineko zerga, eta luxuzko gastuen gaineko zerga; azken horrek hiru egitate desberdin hauen gainean eror daiteke: ehiza- eta arrantza-barrutiak disfrutatzea, ikuskizun publikoetan apustu gurutzatuak egitea eta bingo-jokoan sariak lortzea.

Aipatutako zerga bidez lortutako diru-sarrerez gain, Foru Erkidegoko Tributuetatik lortzen dute dirua Toki Ogasunek, Nafarroako Foru Erkidegoko Tributuetan Parte Izateko Funtsaren bidez. Hortik diru-zenbateko bat ematen zaie toki-entitateei beren eguneroko gastuak eta kapitalarenak finantzatzeko. Zenbat emango zaien eta dirua banatzeko formula lau urtetik behin arautzen du Lege berezi batek; legealdi bakoitzeko bigarren urtean igorri behar da lege hori Foru Parlamentura.

Jarduera ekonomikoa ikuskatzea eta kontrolatzea kanpotik egiten da, Nafarroako Kontuen Ganberaren zeregina baita. Toki Ogasunek dituzten baliabideen kudeaketa publikoa legea betez eta efizientzia-, efikazia- eta ekonomia-printzipioak betez egiten dela kontrolatzea da organo haren zeregina. Kontuen Ganberak jadanik egindako jarduerak ikuskatzen ditu, kopuru bat gainditzen duten kontratazio-egintzak berrikuskatzen ditu eta Nafarroako Toki Administrazioaren egoera orokorrari buruzko txostenak egiten ditu aldizka.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legeak bereizten ditu: Foru Erkidegoaren Administrazioak emandako gaikuntza duten langileentzat erreserbatutako lanpostuak beteko dituzten langileak; eta gaikuntza horren beharrik ez duten langileak.

Foru Erkidegoaren Administrazioak emandako gaikuntza behar duten pertsonentzat gordeta ez dauden lanpostuak bete behar dituzten langileak hautatzea, toki-korporazio bakoitzari dagokio. Gaikuntzarik behar ez duten lanpostuak ez izan arren, funtzionario horiek hautatzeko oinarrizko arauak emanen ditu Foru Erkidegoko Administrazioak, eta hautapenean gainditu beharreko gutxieneko frogak, programen gutxieneko edukiak eta kasu bakoitzean aplikatu beharreko baremoak zehaztuko. Oinarrizko arau horiek eta hautapen prozesuko gutxieneko froga eta edukiak finkatzekoan, Toki Administrazioko ordezkariek parte hartuko dute, arautegi bidez ezarritako moduan.

Bestalde, Foru Erkidegoaren Administrazioari dagokio Idazkaritza eta Kontuhartzailetza lanpostuak bete behar dituzten langileak hautatu eta trebatzea. Nafarroako toki-korporazioetako Idazkari edo Kontuhartzaile izan ahal izateko, ezinbestekoa da Foru Erkidegoko Administrazioak ematen duen gaikuntza lortzea eta, horretarako, Nafarroako Gobernuak ezarritako programa eta baremoei jarraituz, Administrazioak berak antolatzen dituen oposizio edo oposizio-lehiaketetako froga kanporatzaileak eta idazkaritzarako trebatzeko ikastaroak gainditzea. Idazkari edo kontuhartzaile izateko hautafrogetarako programak eta baremoak zehaztekoan Toki Administrazioko ordezkariek ere parte hartuko dute, arautegi bidez ezarritako eran.

Erregimen komunean ez bezala, lanpostu horiek ez dute gaikuntza nazionala eskatzen, Foru Erkidegoko Administrazioaren gaikuntza besterik behar ez duten lanpostuak baitira.

Legeak berak agintzen duenez, Nafarroako Administrazio Publikoen Institutua arduratuko da toki entitateetako funtzionarioen prestakuntzaz.

Nafarroan, NFEBHLOren arabera, euskarak ere hizkuntza ofizialaren maila izanen du Nafarroako eskualde euskaldunetan. Foru lege batek zehaztuko ditu eskualde horiek eta euskararen erabilera ofiziala arautu ere. Hiru eremu hauetan zatitzen du Nafarroa 18/1986 Foru Legeak: eremu euskalduna, eremu mistoa eta eremu ez-euskalduna.

Euskal Autonomia Erkidegoarentzat azaldu den erregimen oso antzekoa dute eremu euskaldunean kokatutako toki entitateek euskararen eraentzari dagokionez: hiritar guztiek, Administrazio Publikoekiko harremanetan, euskara nahiz gaztelera erabiltzeko eta hautatutako hizkuntza ofizialean harrera izateko eskubidea dute; izendapen ofiziala euskalduna izanen da, gaztelerazko beste izen bat izan ezik, kasu honetan biak erabiliko baitira; erabilitako hizkuntza edozein izanik, administrazio jarduera guztiak baliozkoak izanen dira eta legezko eraginkortasun osoa izanen dute eta, horren ondorioz, Administrazio Publikoen organoek parte hartzen duten ekintza guztiak, baita administrazio jakinarazpen eta adierazpenak ere, bi hizkuntzetan idatzi beharko dira, interesatu guztiek espresuki bakar bat erabiltzea aukeratzen badute izan ezik; agiri publikoak, emaileak aukeratutako hizkuntza ofizialean idatzi beharko dira, edo emaile bat baino gehiago balitz, hauek aukeratutakoan; Erregistro Publikoetan, idazpenak dokumentua dagoen hizkuntza ofizialean luzatuko dira, eta beti ere, gazteleraz.

Eremu euskalduneko udalen zerbitzura dauden langileei dagokienez, gaikuntza progresiboa sustatuko dute udalek eremu euskaldunean lan egiten duten langileek euskara erabil dezaten. Udal bakoitzak zehaztuko du zein lanpostutarako izanen den nahitaezkoa euskaraz jakitea eta, gainerakoentzat, kontutan hartzeko merezimendutzat hartuko da besteren artean.

Eremu mistoan, Nafarroako toki administrazioei zuzentzeko gaztelera nahiz euskara erabiltzeko eskubidea dute hiritar guztiek. Eskubide honen erabilera bermatzeko, aipatu udalek honako hau egin dezakete: urteroko lanpostuen eskaintza publikoan zein lanpostutarako izanen den nahitaezko euskaraz jakitea zehaztu; eta gainerako lanpostuetara iristeko deialdietan euskararen ezagupena merezimendutzat baloratu.

Eremu ez-euskaldunean, hiritar euskaldunek Administrazio Publikoetara euskaraz zuzentzeko eskubidea dute, baina ahalmen aktiboa baliatzeko eskubidea baizik ez da izango. Izan ere, Administrazio Publikoek euskara erabiltzeko obligaziorik ez dute eta, interesatuari, horrek aurkeztu dituen dokumentuak gaztelerara itzultzea eska diezaiokete edo aurreikusitako itzulpen zerbitzuak erabiltzea.

Legeak aurreikusten duenez, Nafarroako Gobernuak Iruñean euskara-gaztelera itzulpen ofizialeko unitate administratiboa sortuko du.

AGIRREAZKUENAGAk adierazi duenez, euskaldunen hizkuntza-eskubideak normalizatzeko eta erabiltzeko erabakigarria izango da bi eremu haietan kokatutako Toki Korporazioek espresuki adierazitako borondatea (AGIRREAZKUENAGA, 1994: 28). Erregelamenduak emateko ahalmena baliatuz, euskara ofiziala izateak sortuko dituen ondorio juridikoak ordenantza bidez zehaztuko ditu udal bakoitzak; udalaren barne-eremuan hizkuntzen erabilera arautzeko eskumena Administrazio bakoitzari dagokio. Horrela, funtzionarioak aukeratzeko hizkuntza-irizpideak bezalako aspektuak arau ditzakete ordenantzek. Administrazio-gaietan euskara erabiltzeari buruzko arauek ere antzeko arazoak arautzen dituzte batik bat: langileen hizkuntza-gaitasuna, kaleetako seinaleak, euskararen erabilpena erregistroetan eta espedienteetan, eta abar.

Nafarroako Gobernuak aldizka euskararen errealitate soziolinguistikoari buruzko azterlanak egitea aginduko du, eta horien berri emanen dio Parlamentuari. Beraz, udal bakoitzean euskarari emandako trataera juridikoa izaeraz aldagarria da, erkidego bakoitzak bizi duen errealitatearen arabera zehaztuko baita.