Toki-erregimena Autonomia Erkidegoaren eskumen esklusiboa da Euskal Autonomia Estatutuaren arabera. Hain zuzen ere, Autonomia Erkidegoaren eskumen esklusibokoa da erregimen lokala eta Euskadiko eta bertako Administrazio Lokaleko funtzionarien Estatutoa, Konstituzioaren 149.1.18 artikuluan jartzen denari kalterik egiteke; azken artikulu horren arabera, Toki Korporazioen antolamenduaren, funtzionamenduaren eta eraentza juridikoaren oinarriak finkatzeko eskumena esklusiboa Estatuak du.
Konstituzio Auzitegiak ulertu duenez, administrazio publikoari buruzko eraentza juridikoaren parte da toki-erregimena eta, ondorioz, antolamendu, eskumen eta beste administrazio publikoekiko harreman-sistemei buruz oinarrizko alderdiak arautzea Estatuari dagokio, Konstituzioko 149.1.18 artikuluaren arabera. Orobat, Auzitegi hark adierazi duenez ere, toki-erkidegoen eskumenak eta gobernu-organoen eraketa definitzea, eskubide horri buruz Autonomia Erkidego bakoitzak egin dezakeen interpretazioaren arabera ezin da utzi.
Doktrina horren ildotik, oinarriak jartzea Estatuko legegileari dagokio, Konstituzioko Lehen Xedapen Gehigarrian aurreikusitako Lurralde Historikoen foru-eskubideak errespetatuz beti ere, eta oinarri horiek garatzea, berriz, Autonomia Erkidegoari dagokio. Halaber, Autonomia Erkidegoaren baitan berriro banatzen dira eskumenak, instituzio komuneko organoen (Eusko Legebiltzarraren eta Eusko Jaurlaritzaren) eta foru-lurraldeetako organoen (Batzar Orokorren eta Foru Aldundien) artean.
Autonomia Estatutuak Lurralde Historikoei eskumen esklusiboa ematen die toki-erregimenaren gain eragina duten zenbait arazo arautzeko:
"Probintziako neurrien barruan dauden esparru supramunizipaleko lurraldeen mugaketa", "Probintzia eta Udaletako ondasunen erregimena, nahiz daitezen publikoak edo patrimonialak, propioak edo komunalak" eta "Udaletako hauteskunde erregimena" (37.3 art.).
Instituzio komunen eta foru-instituzioen arteko eskumen banaketa hori arrunki LTH izenez ezagutzen den lege bidez egin da: 27/1983 Legea, azaroaren 25ekoa, autonomia-elkarte osorako erakundeen eta bertako kondaira-lurraldeetako foruzko ihardutze-erakundeen arteko harremanei buruzkoa (aurrerantzean LHL); xedez, Autonomia Erkidegoa politikoki egituratzeko emana.
Lurralde Historikoen foru-organoen eskumen esklusiboak 7. artikuluan zehazten ditu LHLk eta, Autonomia Estatutuan adierazitakoarekin alderatuz, toki-erregimena arautzeko eskumen zabalagoak ematen zaizkie foru-organoei. Horiek, zehazki, eskumen esklusiboa dute hauen gainean:
- Udal eta maila apalagoko Toki-erakundeetako hauteskunde-jaurpideak.
- Udal-barrutien eta udalez gainetikakoen mugapena, Kondaira-Lurraldeez gaindikakoak izan ez daitezela.
- Herrilan eta Zerbitzuen Foru-Egitamua idaztea eta ontzat ematea. Toki- Erakundeekiko teknikazko laguntza eta aholkularitza.
- Autonomia-Estatutoaren 41garren Atalak esaten dituenak eta, orohar, Ekonomia-Itunearen Legeak edo zergalaritza-alorreko beste arau edo manuren batzuk emanda izan ditzaten guztiak.
- Probintzia eta udal-jabetzapeko ogasunentzako jaurpideak, ogasun hoiek herri-baliapidetarakoak, ondarezkoak, Udalak berak ez bestek erabiltzekoak nahiz udalkideek erabiltzekoak izan (HAEEren itzulpena).
Egiaztatu daitekeenez, euskal toki-erregimena izaeraz hirukoitza da, izan ere hiru erakunde hauek parte hartzea baitute: Estatuko legegileak oinarriak jartzeko, eta Autonomia Erkidegoko eta Lurralde Historikoetako legegileek Euskal Autonomia Erkidegoko udal-erregimena egituratzeko. Gauzak horrela, oso zaila da euskal udal-lege bat onartzea.
Ondorioz, TEOLean udal-erregimenari buruz jasotako oinarrizko legedia errespetatu behar du azaldu den arau-esparru horrek, baina TEOLean bertan Bigarren Xedapen Gehigarrian jasotako berezitasunak eragotzi gabe. Xedapen horrek, euskal udal-erregimenari dagokionez, ñabardura hauek jasotzen ditu:
- Kondaira-lurraldeek udal-arloan beren jaurbide berezia gordetzen jarraituko dute ekonomia-eta finantza-sistemari dagozkionetan, Ekonomia-Ituneari buruzko Legeak dioenaren arabera; hala ere, horrek ezingo du ekarri euskal toki-erakundeek gainerako toki-erakundeek izan dezaten autonomia-maila baino txikiagoa izaterik.
- Kondaira-lurraldeek Euskal Estatutuak eta hori garatzeko eta ezartzeko eman daitezen Autonomia-Elkartearen beraren legeek aitortzen dizkieten aginpideak gauzatuko dituzte, eta baita lege honek orokorki probintzietako diputazioei aitortzen dizkienak ere (HAEEren itzulpena).
Bere aldetik, 7/2007 Legeak, apirilaren 12koak, Administrazio Publikoko Langilearen Oinarrizko Estatutuari buruzkoak, hirugarren xedapen gehigarrian hau agintzen du: Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan, Konstituzioko lehen xedapen gehigarriaren, Konstituzioko 149.1.18 artikuluaren eta Euskadiko Autonomia Estatutuaren arabera aplikatuko da administrazio publikoko langilearen estatutua. Horren ondorioz, Estatuko gaikuntza duten funtzionarioei erreserbatutako lanpostuak sortzea, sailkatzea edo kentzea batetik eta funtzionario horiei dagozkien plazak bete gabe egon eta betetzeko lan-eskaintza egitea bestetik, lurralde historikoetako Foru Erakundeen edo Autonomia Erkidegoko Erakunde Komunen eskumenekoa izango da, araudi autonomikoan zehazturiko moduan.
Estatuko legeak, beraz, Estatuko gaikuntza duten funtzionarioen gaineko ahalmenak baliatzeko eskumena zein Administraziok (autonomikoak edo foralak) izango duen zehazteko zeregina legedi autonomikoaren esku uzten du. Ondoren, 6/1989 Legeak, uztailaren 6koak, Euskal Funtzio Publikoari buruzkoak -16/1997 Legeak emandako idazkeraren arabera-, Foru eta Toki Administrazio eta horien Erakunde Autonomoak bere eremuan hartuko ditu.
Euskal udal-erregimenaren berezitasunak eratzeko elementuei buruz dagoen araudi sakabanatuaren aurrean, beharrezkoa eta komenigarria dirudi Euskadiko udal-lege bat egitea, udal foru-erregimenetik eratorritako berezitasunak sistematizatzeko gure lurralde-eremuan. Oraindaino lege hori gauzatu ez izana euskal udal-erregimenari buruz bi kontzepzio desberdin egoteak esplikatzen du bereziki. Jarrera udalzalearen arabera, udalek autonomia maila handiagoa izan beharko lukete Lurralde Historikoen organoekiko; jarrera foruzalearen arabera, berriz, foru-lurraldeen erakunde-egituran txertatutako euskal udal-erregimena bultzatu eta gauzatu beharko litzateke.
EUDEL udal-elkarteak eginkizun garrantzitsua bete du prestatu beharreko zerbitzu desberdinak modu koordinatuan burutzeko, zuzendaritza-zeregina bere gain hartuz eta udal-administrazioen arteko eta foru-administrazioekiko artikulatze eta koordinatze-lanak gauzatuz. Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundien arteko bilera batean erabaki zenez, Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluko Kide izango da EUDEL 2008ko urritik aurrera. Agian hain premiazko dirudien euskal udal-legeari buruzko eztabaida serioski irekitzeko garaia iritsi da.
Euskal Autonomia Erkidegoak tributu-erregimen berezia du: bere esparruan, zerga erregimena mantendu, ezarri eta erregulatu ahal izango du. Horren arabera, bere tributuak ezarri eta bilduz, bere gastuak finantza ditzake eta, gero, Autonomia Erkidegoan Estatuak prestatu dituen zerbitzu orokorrek eragindako zama guztiak ordaindu beharko dizkio Erkidegoak Estatuari, diru-transferentzia bat eginez. Estatuari entregatu beharreko kopuru horri kupoa deitzen zaio.
Lurralde komuneko udalak finantzatuta egotea Estatuko Administrazioaren esku dagoen bitartean, euskal udalak finantzatzea Lurralde Historikoetako foru-organoen eskumena da.
Izaeraz derrigorrezkoak izan eta udaletako tributu-sistema osatzen duten hiru zergak hauek dira: Ondasun Higiezinen gaineko Zerga, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga eta Trakzio Mekanikoa duten Ibilgailuen gaineko Zerga. Izaeraz borondatezkoak diren zergen artean hauek aipa diatezke: Eraikuntzen, Instalazioen eta Obren gaineko Zerga, eta Hiri Lurraren Balioaren Gehikuntzaren gaineko Zerga.
Udal-zerga horiek izaera kontzertatua dute eta Lurralde Historiko bakoitzeko tributuei buruzko foru-arau orokorrak arautzen ditu, hor aurreikusten baita Euskadiko udal-ogasunen baliabideei buruzko arauketa; udal-zerga eta tasa nahiz prezio publikoei buruz Estatuko araudi orokorreko funtsezko elementuak derrigorrez jasotzera behartuta daude arau haiek. Araudi orokor hori, 2/2004 Legea, martxoaren 5ekoa, Toki Ogasunak Arautzeari buruzko Legearen Testu Bategina da.
Estatuko araudiarekin alderatuz gero, Lurralde Historiko bakoitzean tributuak arautzen dituzten foru-arauek badituzte zenbait berezitasun. Horien artetik aipagarriena hau da: tributuen aplikazioaren gaineko, tributu-santzioak ezarri izanaren gaineko eta zuzenbide publikoko beste diru-sarrerak biltzearen gaineko arazoak Foru Auzitegi Ekonomikoaren aurrean erreklamatzeko aukera, bide ekonomiko-administratiboa erabiliz. Halaber, udal ogasunak arautzeari buruzko foru-araudiaren arabera, euskal udalen finantza-autonomia garatzeko aukera gehiago ematen dira, horien esku uzten baita zergen tarifak erabakitzeko gaitasuna, Estatuko gainerakoei emandako marjinak baino zabalagoak ezarri baitira euskal udalentzat. Horrela, aurrekontu eta finantzei buruzko beren erabakiak malgutasun handiagoz har ditzakete euskal udalek.
Udal-tributuen bidez udalek lortzen duten finantzaketak nekez asetzen ditu udalaren aurrekontuetako beharrak. Horregatik, kontzertatu gabeko tributuetan parte hartuz ere jasotzen dute dirua udal-ogasunek. Horrela, 12/2002 Legeak, maiatzaren 23koak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Kontzertu Ekonomiko onartzen duenak, hau ezartzen du: Foru Aldundiek, beren Lurralde Historikoko udal-entitateei, izaera orokorreko banaketa-arauen arabera dagozkien diru-kopuruak zeharkako ekarpen moduan banatuko dizkiete kontzertatu gabeko tributuetan parte harraraziz. Parte hartze hori, aipatu denez, zeharka egiten da, udalak finantzatzea, berez, foru-organoen eskumeneko zerbait baita; horrela, baliabideen banaketan Foru Aldundiei dagokien portzentaiak beren lurralde-eremukoak diren udalen finantziazioa ere barnebiltzen du. Baliabide horiek Foru Aldundi bakoitzaren aurrekontu propioa osatuko dute eta Foru Aldundiak zehaztuko ditu baliabideak udalei emateko irizpideak.
EUDEL Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluko kide izatea elementu azpimarragarria da aipatutako ildoan, izan ere politika fiskalaren instrumentu desberdinen koordinazioa bermatzea baita Kontseilu horren eginkizun nagusia.
Euskadiko Autonomia Erkidegoko Estatutuak 6. artikuluan ezartzen duenaren arabera, euskararen izaera ofiziala arautzea euskal erakundeei dagokie. Agindu hori betetzeko, azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legea, Euskeraren erabilpena arauzkotzezkoa, onartu zuen Eusko Legebiltzarrak.
Lege horren arabera, "Euskal Herritar guztiek dute hizkuntza ofizialak hitzez nahiz idatziz ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea", eta Euskadiko hiritarrei eskubide hau errekonozitzen zaie: Arduralaritzarekin eta Autonomia-Elkartean kokatutako edozein Ihardutze-Sail edo Erakunderekin harremanak hitzez edo/eta idatziz euskeraz edo gaztelaniaz izateko eskubidea.
Herritar guztiei, Autonomia-Elkarteko lur-eremuan Herri-Ardularitzarekin izan ditzaten harremanetan euskera nahiz gaztelania erabiltzeko eta bakoitzak aukera dezan hizkuntza ofizialean harrera egin dakioneko eskubidea aitortzen zaie. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako Administrazioek bezala, behar daitezen neurriak hartuko dira eta eskubide honen erabilpena arian-arian bermatzeko beharrezko gerta daitezen eskuarteak ebatziko dituzte euskal udalek.
Beste alde batetik, Udalen menpeko agiripaperak herri-erroldetegietaratzea, egon daitezeneko hizkuntza ofizialean egingo da; gainera, udalek hartutako xedapenen edo ebazpenen publizitate ofiziala modu elebidunean egingo da; eta jakinarazi beharreko administrazio-egintzak ere modu elebidunean idatziko dira, doakienek berariz Autonomia-Elkarteko hizkuntza ofizialetatik bat aukeratu dezatenean salbu.
Euskal-Herriko Autonomia-Elkarteko herri-agintaritzak erabili beharreko iragarki edo itxura-eredu ofizial guztiak bi hizkuntzetan egon beharko dute.
Bestalde, legeak hau aurreikusi zuen: udalaren gizarte-hizkuntzazko egoera dela eta, herritarren eskubideen kaltetango gerta ez dedinean, herri-agintariek, Toki-Ardularitzaren alorrean, euskera bakarrik erabili ahal izango dute. Aurreikuspen hori Konstituzioaren kontrakotzat jo zuen Konstituzio Auzitegiko 82/1986 epaiak, ekainaren 26koak, auzitegiaren ustez EKko 3.1 artikuluan xedatutakoa urratzen delako, Estatuko lurraldean inon ezin baita ezarri euskara jakin beharra.
Bere aldetik, 6/1989 Legeak, uztailaren 6koak, Euskal Funtzio Publikoari buruzkoak, ezarri duenez, Administrazioetan dauden lanpostuetako bakoitzak bere hizkuntza eskakizuna jarria izango du, eta, bestalde, dagokion erakunde lanpostuen zerrendan jasota egon. Behin hizkuntza eskakizunak ezarri eta gero eta, hala badagokio, derrigortasun-egunak, derrigorrezko da hizkuntza eskakizun horiek egiaztatzea beroien derrigortasun-egunak betetzen dihoazen neurrian.
Hizkuntz eskakizunak egiaztatzeko azterketak, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (HAEEk) antolatzen ditu. Froga horiek izaera irekia dute eta horietara aurkeztu daitezke Autonomia Erkidegoko Toki eta Foru Administrazio Publiko desberdinetako langileak, beti ere Administrazioaren baimena baldin badu langileak.
