Kontzeptua

Udala

Hasteko, 1978ko Espainiako Konstituzioak estatuaren lurralde-antolaketaren barruan kokatzen du Udala eta bere interesak kudeatzeko autonomia ematen dio. Konstituzioa eman ostean, lehen toki-hauteskunde demokratikoak egin eta udalei buruzko araudia onartzen da: 7/1985 Legea, Toki Eraentzaren oinarriak arautzeari buruzkoa (TEOL), eta lege hori garatzeko araudia. Legedi horren arabera, ordura arte Administrazio zentralak baliatzen zituen zaintza-botereak kendu eta udal-autonomia errekonozitzen da; aldi beran, Udalei zenbait eskumen ematen zaizkie, toki-eskumenen irismena eta eremua sektore bakoitza garatzeko eskumena duen estatuko edo autonomia-erkidegoko legegilearen esku utzi izan badira ere.

Toki-autonomiaren printzipioarekin bat etortzeko eta udaletako diru-kutxak hornitzeko asmoz, udalek nahiko errekurtso izango dituztela bermatzeko sistema aurreikusten du 39/1988 Legeak, Toki-Ogasunak arautzeari buruzkoak.

Bestalde, toki-autonomiaren printzipioa botere publiko guztiak lotzen dituen interpretazio-irizpide bihurtuko da, baita legegilearen jarduera epaitzeko ere; horren arabera, toki-erkidegoaren interesekoak diren gai guztietan udal erakundeen aldeko eskumenak errekonozitu beharko ditu legegileak. Gai jakin baten gaineko eskumena toki-erakundeei ezin bazaie esleitu bereizita, tokiz gaindiko interesak ere agertzen direlako, orduan eskumena duten goiko Administrazioekin batera erabakitze-prozeduran parte hartzeko eskubidea bermatu beharko zaie udal-erakundeei.

Konstituzio Auzitegiak askotan egin izan ditu toki-autonomiaren printzipioari buruzko adierazpenak. Ezarri duen doktrinaren arabera, Konstituzioko ordenamenduaren zutabe garrantzitsuak dira udalak eta, ondorioz, legegile arruntaren aurrean babestu egin behar dira; legegileak, horrela, toki-autonomiaren muina edo mami xedaezina errespetatu beharko du legeak emateko orduan. Konstituzio Auzitegiaren 32/1981 epaiak, uztailaren 28koak, errekonozitzen du badela Konstituzioak "instituzio-berme" bidez bermatutako funtsezko muin bat autonomia gorde beharra ezartzen duena, baita legegilearen aurrean ere. Kontzeptu berari buruz, Konstituzio-Auzitegiko 4/1981 epaiak, otsailaren 2koak, hau defendatu zuen:

"el principio de autonomía es compatible con la existencia de un control de legalidad sobre el ejercicio de las competencias, si bien entendemos que no se ajusta a tal principio la previsión de controles genéricos e indeterminados que sitúen a las Entidades locales en una posición de subordinación... En todo caso, los controles de carácter puntual habrán de referirse normalmente a supuestos en el que el ejercicio de las competencias de la Entidad local incida en intereses generales concurrentes con los propios de la Entidad, sean del municipio, la provincia, la Comunidad autonómica o el Estado".

Instituzio-bermearen printzipio hori, bestalde, TEOLko 2. artikuluan jasotzen da. Artikulu horrek hau xedatzen du: Konstituzioak toki-erakundeei bermatzen dien autonomia eraginkorra izan dadin, herri-ekintzaren arlo guztiak arautzen dituzten Estatuko eta autonomia-elkarteetako legeek -Konstituzioak ezarritako aginpide-banaketaren arabera- udalei, probintziei eta irlei ziurtatu egin beharko diete beren interesen esparruari zuzenean eragiten dioten gai guztietan esku hartzeko eskubidea. Udalen eskumenekoak diren gaien zerrenda TEOLko 25. artikuluak ezartzen du; hain zuzen ere, gai horien irismena zehaztu beharko du legedi sektorialak.

Toki-autonomiari buruzko Europako Gutunak, 1985eko urriaren 15ean onartu zenak, toki-erakundeen autonomia politikoa azpimarratzen du. Gutunean jasotzen denez, toki-erakundeak dira erregimen demokratiko baten oinarrietan nagusienetakoak; gainera, arazo publikoen kudeaketan hiritarrei dagokien parte hartzeko eskubidea da, Europako Kontseiluko estatu kide guztietan, printzipio demokratiko komunetako bat. Toki-autonomiaren defentsan, Toki-autonomiari buruzko Europako Gutunak aditzera ematen duenez, beren eskumenak libreki baliatzeko eta Konstituzioan nahiz barne-legedian jasotako toki-autonomiaren printzipioak errespetarazteko, toki-erakundeek eskura izan behar dute jurisdikzio-bideetara jotzeko aukera.

Dena den, autonomia hori urratuz Estatuak edo Autonomia Erkidegoek eman ditzaketen legeak Konstituzio Auzitegiaren aurrean inpugnatzeko toki-erakundeen legitimazioa ez da errekonozitu izan 1999. urte arte. Konstituzio Auzitegiari buruzko 2/1979 Lege Organikoa aldatzen duen 7/1999 Lege Organikoak Konstituzio Auzitegiaren aurrean toki-autonomia bereziki babesteko bidea ireki du, modu mugatuan izan bada ere.

Toki-autonomia izan da, udal-ordenamenduan, erdiguneko printzipioa Udal guztientzat, hala erregimen komunekoentzat nola foru-erregimenekoentzat. Beraz, foru-udalen berezitasunek beren eskubide historikoak udal-autonomiaren printzipioaren arabera osatu beharko dituzte.

1Tokiko erregimenari buruz indarrean dagoen apirileko 18eko 781/1986 Legegintzako Errege Dekretuaren bitartez onartutako lege xedapenen Testu Bategina; Antolamendurako Araudia, Tokiko Udalbatzen funtzionamendua, 2568/1986 Errege Dekretauraen bitartez onartua; Tokiko Erakundeen Ondasunei buruzko Araudia, 1732/1986 Errege Dekretuaren bidez onartua.

2Erakundearen bermeak ez du inolako edukirik ziurtatzen, ezta eskumenen zerrenda finkorik ere; erakundeak babesteko teknika besterik ez da; tokiko autonomiari dagokionez, beronen oinarrizko baldintzak mantenduko direla bermatu nahi ditu jendeak autonomia horri buruz eratu duen ideia bere horretan mantentzearren historiako une zehatz batean. Horrela, erakundeen bermeak tokiko erakundeak berez dituzten xedeak betetzearren beharrezko eskumenak izan ditzatela eskatzen du.

31985eko urriaren 15ean, Espainiako Ordezkari botereguztidunak Estrasburgon izenpetu zuen Tokiko Autonomiari buruzko Europako Gutuna.

Espainiako Konstituzioaren lehen Xedapen Gehigarriak eta bigarren Xedapen Derogatzaileak foru-lurraldeko erakundeen eraentza juridiko eguneratua gorde beharrari konstituzio-gailentasuna ematen die.

Lehen Xedapen Gehigarrian, Konstituzioak foru-lurraldeen eskubide historikoak babestu eta errespetatu egiten ditu eta, foru-eraentza horren eguneratze orokorra, hala badagokio, Konstituzioaren eta Autonomia Estatutuen esparruan egingo dela agintzen du.

Bigarren Xedapen Derogatzaileak derogatutzat jotzen du 1839ko urriaren 25eko Legea, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako probintziei eragin liezaiekeen guztian eta, halaber, 1876ko uztailaren 21eko Legea: "Ley para que las provincias de Vizcaya, Guipúzcoa y Álava contribuyan, con arreglo a la Constitución del Estado, a los gastos de la Nación y al servicio a las armas". Azken lege horrek abolitu zituen euskal probintzien foru zaharrak, Estatuko gastuak estaltzeko ekarpenak egiteko obligazioa ezarriz probintzia horientzat.

MONREALek dioenez, 1839ko urriaren 25eko Legeak aurreikusi zuena gauzatu izan balitz Mendebaldeko Euskal Herrian, lege hark Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako Foruak Monarkiaren konstituzio-batasuna urratu gabe berresten baitzituen, agian Udal tradizionalek zituzten berezitasunen zati garrantzitsu bat gorde ahal izango zen (MONREAL, 1994: 260).

Konstituzioak babestu eta errekonozitutako eskubide historikoei dagokienez, berriz, HERRERO DE MIÑONek uste du eskubide historiko horiek Konstituzioan jaso direla hain zuzen ere Espainian badauden zenbait egitate bereizgarri errekonozitzeko asmoarekin, izan ere "hasta entonces, se habían mostrado irreductibles a la planta del Estado constitucional" (HERRERO 1998; 16). Bere aldetik, FERNÁNDEZ RODRÍGUEZen ustetan, 1978ko Espainiako Konstituzioak jasotzen duen eskubide historikoak babesteko eta errespetatzeko adierazpena ez da lotu behar eduki juridiko material jakin batzuk gordetzearekin (FERNÁNDEZ RODRÍGUEZ, 1988). Eskubide historikoak eguneratzeko prozesuari dagokionez, autoreak zera esaten du:. "ya no son históricos, sino instituciones jurídicas en marcha hacia el futuro"

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Lurralde Historikoen eta Nafarroaren foru-erregimenek, toki-erregimenari buruzko ordenamendu juridiko komunaren printzipioen gain, forutasunetik eratorritako hainbat berezitasun isurtzen dituzte; beraz, izatez udal foru-erregimen bat badago.