Kontzeptua

Txokolatea

Konkistatzaileen eskutik iritsi zen kakaoa Espainiara, Mundu Berriaren kolonizazio-garaian.

1502. urtekoa da lehenbiziko aipamena: urte hartan, maia indiar batzuek eskaini zioten Kristobal Koloni, Güanaja uhartetik gertu, Hondurasko kostaldean.

Espainiarrek, Hernán Cortés buru zutela, Mexiko konkistatu zutenean (1516), ohartu ziren bertako jendeak janaritzat eta, era berean, monetatzat erabiltzen zituztela zuhaitz baten haziak, eta bazutela sistema jakin bat truke mota horretarako: countlea 400 kakao-hazi zen; xiquipila, 20 countle, hots, 8.000 hazi, eta carga (hiru xiquipil), hau da, 24.000 hazi.

Moctezuma enperadoreari 2.000 xiquipileko zerga ordaintzen zion, urtean, Tabasco hiriak.

Lehenago genioenez, antzinako mexikarrek edari bat prestatzen zuten kakaoarekin, beste inongo produkturik nahasi gabe (oso gutxitan, eztia eta espezieak). Herri xeheak, aldiz, arto-irin askorekin nahasten zuen kakakoa, jaki gehiago -eta merkeago- izateko.

Hernán Cortések, Karlos V.a enperadoreari bidalitako gutun batean, gorputzaren nekeari aurre egiteko edari hark zeukan ahalmena azaldu zuen.

1520an eraman zuten espainiarrek kakaoa, lehenbiziko aldiz, iberiar penintsulara.

Hasieran ez zen zabaldu haren erabilera, harik eta azukrearekin nahasten hasi ziren arte. Horri esker, nabarmen hobetu ziren txokolatearen zaporea eta kalitatea.

Produktua aurkitu ondorenean, urte luzez eduki zituzten isilpean espainiarrek haren jatorria eta txokolatea egiteko metodoa, eta gogor zigortzen zen baimenik gabe saltzea.

Antonio Carletti florentziarrak eraman zuen Italiara, 1600ean, txokolatea egiteko sistema, eta handik Frantziara iritsi zen, non Luis XIV.aren erregealdian (1641-1715) hedatu zen.

1634an, Curaçao uhartea beren mende hartu zuten holandarrek. Merkantzia-biltegi handia eraiki eta ezkutuko kakao-salerosketan gogotik jardun ziren Venezuelarekin.

Ingalaterran, berriz, 1657an egin zen lehenbiziko txokolate-fabrika.

Kakao-kontrabandoaren hazkunde nabarmena ikusirik, Errege Zedula argitaratu zuten 1663ko urriaren 29an, zeinaren arabera legez kontrakotzat jo eta atzeman egin behar ziren Indietatik Espainiako portuetara sartzen zen kakaoa eta gainerako jeneroak, baldin eta ez baziren ofizialki garraiatuak.

1679an, herbeheretar batek (Bontekoe) txokolateari buruzko liburu bat argitaratu zuen Alemanian, eta, horri esker, are gehiago zabaldu zen produktu hori.

1717ko azaroaren 4an, Marañóngo (Perú) azukre gozoak eta kakaoa espainiaratzea debekatu egin zuen Errege Agindu batek, baita Portugaletik eramatea ere, Indietatik atzerritarrek ekartzen zituzten produktuen sarrera mugatzearren. Antzeko beste Errege Agindu bat plazaratu zen 1718ko ekainaren 9an.

Bide beretik joz, Felipe V.a erregeak Errege Zedula plazaratu zuen 1720ko irailaren 17an, produktu horien sarrera-eskubideak librako 75 marabeditik 33ra jaisteko aginduarekin, barne-merkatua sustatzearren betiere. Urte bereko urriaren 1ean, berriz, 'tona-eskubidetik' salbuetsi egin zituen Indiekin merkataritza-mota horretan ziharduten itsasontziak.