Kontzeptua

Txokolatea

Politikari eta merkataritzari dagozkio, baina datu horiek guztiak. Ikus dezagun orain, labur bada ere, zer eragin izan zuen txokolateak Euskal Herriko eguneroko bizimoduarekin.

1670etik abiatuko gara. Sasoi hartan, txokolatea eskaintzen zien Baionako udalak hirira bisitari joaten ziren pertsona ospetsuei. Hala adierazten du hiriko kontu-liburuetan ageri den 25 libra txokolaterengatik ordaindutakoak (82 libra eta bost sol).

Elgoibarko moja klaratarren komentuan ere bazen antzeko konturik, Luis Murugarrenek dioskunez:

"desde 1671 se empezó a repetir regularmente cada año una partida de gastos: la del chocolate, por más que sólo compraran inicialmente una sola libra. Claro que la ampliaron pronto y acabaron por tomarlo con más asiduidad aunque siempre en los días señalados por su devoción, es decir: los Miércoles, Jueves y Viernes Santos, las tres Pascuas (Resurrección, Pentecostés y Navidad), el Corpus, la Inmaculada y las fiestas de San Francisco, Santa Clara y Todos los Santos, y finalmente como buenas Hijas, el día del santo de la abadesa".

Alegia, hasieran libra bat bakarrik erosten zutela urtean, baina laster hasi zirela egun seinalatuetan ere hartzen (Aste Santuan, Corpus egunean, San Frantzisko eta Santa Klararen egunean, Santu Guztienean, eta, azkenik, abadesarenean).

XVIII. mende osoan, txokolatea zuten ardatz goi-klaseen (aristokrata, epaile, mediku, militar, elizgizon edo errentadun) arratsaldeetako ekitaldi sozialek. Eskuan txokolate-katilua zutela trukatzen zituzten ideiak, esperientziak eta bizipenak.Gaur egun 'kafea hartzea' deitzen dugun horren antz handia zuen orduan txokolatea hartzeak; hau da, 'intimotzat' jotzen zen elikagai bat aitzakia harturik sortzen zen komunikazioa.

Jenerotan ordaintzeko ere erabiltzen zen txokolatea, egoera jakin batzuetan. Aita Lasaren Tejiendo historia liburuan ageri da Urretxun 1748an herriko seme kutunaren omenez (Carlos de Areizaga, Espainiako armadako kapitain jenerala) egindako festa baten berri. Arantzazuko santutegiko musikari-bandak jo zuen elizkizunean, eta horren truke 624 erreal jaso zituen, eskudirutan 300, eta txokolatetan ("en chocolate") gainerakoa.

Idazle beraren beste erreferentzia bat ere badugu, 1791koa oraingo hau:

"El Ayuntamiento de Fuenterrabía dirigió una consulta sobre la licitud o ilicitud de la vacuna a un abogado, un médico y un teólogo-fraile, y por la respuesta de estos técnicos, al Ayuntamiento pagó 12 libras de chocolate al fraile, y a los otros consultados gratificó en dinero contante".

Murugarrenek zioen, bestalde, aipatutako Elgoibarko moja klaratarrek ihes egin zutela 1794an, frantses tropetatik ihesi, eta, itzuli zirenean (1795ean) lau libra txokolate gastatu zituztela ospakizunean.

Eugenio Francisco Arrutik 1826an egin zuen Donostiaren deskribapenean ageri denez, hesitik barrualdera bizi zen jendeak txokolatea gosaltzen omen zuen: La gente intramural por lo general se desayuna con chocolate.

Jimeno Juriok, Artaxoak egindako azterketa batean, zioen: Algunos hombres desayunaban chocolate en casa cuando se levantaban de la cama.

XIX. mendera arte, txokolate likidoa hartzen zen, ur beroarekin nahastua normalean, eta jakitzat jotzen zen, ez gozokitzat.

Jose Mari Gorrotxategi txokolategileak zioenez, XVIII. mendean esaten omen zen Caracasekoa zela txokolaterik onena, baina Soconuscoarekin (Chiapas, Mexiko) nahasia baldin bazegoen. Arau hauek ere ematen zituen Gorrotxategik:

  1. Ez bota kanelarik txokolateari fabrikazio-prozesuan, lurrundu egiten da eta. Irakitean bota.
  2. Ez erabili Amerikatik ekarritako txokolaterik, itsasoak zaporea aldatu egiten dio eta.
  3. Edateko, ondo xehatu txokolatea, ur irakinetan sartu eta, berriro irakiten hastean, atera eta ehogailuarekin eragin; aparra ateratzen zaionean zerbitzatu. Proportzioa: 30 gramo katiluko.

Erabilera berezia zuen txokolateak Euskal Herriko landa-eremuan. Gatzagan, adibidez, honela ospatzen zituzten inauterietako hiru egunak: plazan, dantza eta txokolate-jana boladuekin (neskek prestatzen zituzten, eta mutilek ordaintzen).

Zegaman, berriz, 'bilerak' egiten zituzten gazteek, igandeetan, inguruko baserri batean, hau da, akordeoia jotzen zuen bakarren batek (esan didatenez, inoiz ez zen falta izaten eskusoinurik), eta mutilek txokolatea eramaten zuten; neskek, berriz, arroz-esnea, eta txokolate prestatzen zuten, katiluan hartzeko.

Salgaia izateaz gain, beraz, baditu txokolateak (eta izan ditu) beste eginkizun batzuk ere: oparia, ordainketa-sistema, kontsumo sozialeko gaia, aisialdiko elementua eta, azken batean, alderdi ludikoarekin eta jaiarekin aise lotzen zen zer bat, erraz hedatu zen eta.

Frogatuta dago txokolateak, dosi txikitan hartuta, feniletilamina duela -euforia eta umore ona itzultzen dituen substantzia bat-, eta txokolatearen noradrenalina, berriz, ona dela nekeari aurre egiteko.

Gerra Zibilaren ondorenean (1940-1943), gozotegietan argizaria eta txokolatea besterik ez zen egiten ia, ez baitzegoen ez azukrerik, ez irinik... Gobernuak agindutako formularekin egiten zen txokolatea Espainia osoan: irina, % 14; kakaoa, % 36; azukrea, % 50. Estatuak hornitzen zituen produktu horiez gozotegiak. Bidaltzen zuten kakaoak % 20ko galera (azala kentzean eta erretzean) izaten zuela onartzen zuten hornitzaileek. Kantitate urri horren arabera hornitzen zituzten gozo-dendak azukrez eta irinez (Valentziakoa, arroz-irina alegia). Txokolategile bakoitzaren makineriaren eta produkzio-ahalmenaren araberakoa izaten zen bakoitzari esleitzen zitzaion kupoa.

Gero, hilero, gobernuko Hornidura sailak zerrenda bat bidaltzen zion txokolategileari, txokolatea nori bidali jakinarazteko, errazionatuta zegoen eta. Tabletatan bidaltzen zen txokolatea, eta bilgarriko paperean araudia eta prezio ofizialak azaltzen ziren.

Sasoi hartan, gozogileek ez zuten bezeroei saltzeko txokolaterik. 1950 aldera eman zitzaien baimena esleitutako kupoaren % 20 saltzeko, baina zenbait baldintzarekin: kilo-erdiko tabletatan behar zuen izan, % 50 azukre eta % 50 kakaorekin egina behar zuen, eta, etiketan, "CHOCOLATE ESPECIAL LIBRE" ('txokolate berezia, librea') jarri behar zuen.

Gordinik jateko nahiz edateko (gutxiago) erabiltzen zen txokolate hura. Fabrikazio-prozesuagatik, ordea, egokiagoa zen edateko, azukrea findu gabea izaki, halako hondar-ukia izaten baitzuen ahoan. Berotzean, azukrea urtu eta txokolatearekin nahasten zen, eta gordinik jateko baino hobea egoten zen. Gogora dezagun garai hartako neska-mutikoen merienda zer izaten zen: ontza bat txokolate (aipatu dugun hartatik) eta ogi-puska bat.

Gaur egun, artisau-txokolatea deritzonaren fabrikatzaile ia denek txokolate-orea erosten dute eta, gero, kristal azukrea, hots, azukre normala, botatzen diote, ahoan lehengo txokolateen ukia izan dezan, baina ez dira artisau-erara eginak, besterik dioten arren.

Txokolate-kikara bat hartu eta gero, ohikoa izaten zen boladu bat hartzea (gaztelaniaz, azucarillo): ore txuri, lehor eta oso arola, almibarrarekin eta arrautza-zuringoarekin egina. Ur freskotan urtuta hartzen zen.