Kontzeptua

Sorginkeria

XVI. mendeko azken herenean eta hurrengo hamarkadetan Europan magia beltzaren aurkako jazarpen ikaragarria abiarazi zen. Hala, adibide batera, Nicolas de Remik, Nancyko inkisidoreak, 1580tik aurrera ustez aztiak ziren 800 pertsona erretzeko agindua eman zuen. Urte hartan, Jean Bodinen De la démonomanie des sorciers kaleratu zen. Bertan, deabruaren botoreari buruzko era guztietako baieztapenak barneratzen ziren. 1600ean Erroman, Inkisizioak prestaturiko sutzarrean Giordano Bruno ezaguna erre zuten. Baina, XVII. mendeko prozesu handien atarian, Frantzian Ofizio Santuak ia ez du tokirik, izan ere, bertan burgesia dagoeneko garapen bidean zen. Pariseko Unibertsitatea eta Parlamentuak arduratu ziren heresia eta sorginkeria krimenak epaitzeaz, eta Inkisidore Handiaren tituluak ia ez zuen balio ohoragarririk ere. Gure herri saminduan berriz ere sutzarrak piztu ziren eta Nafarroako Enrique IIIaren (Frantziako IV) erregealdi zalapartatsuan erlijio-gerrek ez zuten etenik iparraldeko herri eta landa ingurunetan. Lapurdi izan zen Euskal Herriko lurralde zoigortuena, izan ere, han jazarpena oso lazgarria izan zen eta dramaren arrazoi sozial eta politikoak agerian geratu ziren. 1576an, dagoeneko, Lanneseko seneskalerriko tenientea, Boniface de Lasse, bere epai zorrotzengatik eta aztikeriari buruzko kontakizunen aurrean erakusten zuen sineskortasunagatik nabarmendu zen.