Kontzeptua

Solstizioa

Abenduko solstizioan (negua, ipar-hemisferioan) Eguzkiaren itzulera ospatzen zen, batez erromatarren eta zelten kulturetan: egun horretatik aurrera, egunak luzatzen hasten ziren. Eguzkia ilunpeari nagusitu egin zitzaiola uste zuten antzinakoek, eta suak pizten zituzten hori ospatzeko. Ospakizunaren alderdi paganoari aurre egiteko, Eliza Katolikoak pentsatu zuen hurbileko data batean (abenduaren 25a) jartzea Jesusen jaiotza-eguna eta zeregin sinboliko bera ematea, hots, mundura berriro itxaropena eta argia ekartzekoa. Ebanjelioek ez dute deusik esaten Jesukristoren jaiotza-egunaz. III. mendean, artean, jaiotza-eguna zein ote zen eztabaidan aritzen ziren teologoak, eta urtarrilaren 6aren alde egiten zuten gehienek. Ospakizun gehienak ere egun horretan izaten ziren. Erritu paganoak bereganatzeko Eliza Katolikoaren joera nabarmen ikusi zen IV. mendearen erdi aldera, Jesusen jaiotza abenduaren 25ean izan zela erabaki baitzuen. Mendebaldeko Elizak hartu zuen erabakia (garai hartan ez zegoen agintaritza bakar bat kristau guztientzat), Eguzki Menderatu gabearen Jaiotzaren erromatar festarekin batera ospa zedin. San Agustin bera aritu zen egun-ordezkapena sustatzen, eta Eguzkiaren Egilea gurtzeko eskatzen zien kristauei.

Herri-kulturak gorde dituen zenbait sineskizun ez datoz bat haiek eragiten dituzten gertakari naturalei buruzko ezagutzarekin. Europako ahozko tradizioak dio, adibidez, urteko gaurik luzeena abenduaren 13koa dela, Santa Luzia egunekoa. Horri buruzko esaera ugari dago, hizkuntza askotan. Euskaraz, esate baterako, entzuten da oraindik ere Santa Luzia, eguna argi deneko, iluna; Santa Luzitan gaurik luzeena, eta abar. Nolatan urrundu ote zen horrenbeste herri-jakintza erraz behatzen den fenomeno honetatik, solstiziotik? Ez da herriaren errua, ezta jakintzarena ere: urte luzez aplikatutako denboraren neurketa okerrarena da. Egutegi-arazoa, alegia.

Julio Zesarrek erabaki zuen eguzki-urteak 365,25 egun zituela. Egutegia egun-zenbaki oso batera egokitzeko,egun bat gehitu zuen lau urtean behin (bi seirena deitu zioten; hortik dator bisurtea). Baina egutegi juliotarrak (horrela deitzen da, izan ere) kalkulu-errore txiki bat zuen abiapuntu: urteak 365,24232 egun ditu, Julio Zesarrek kalkulatutakoa baino 11 bat minutu gutxiago. Desbideraketa hura, txikia iruditu arren, hamaika egunekoa zen XVI. mendearen amaieran. Udaberriko ekinozioaren ondorengo lehenbiziko ilbetearen araberako Pazko-egunaren data-aldaketa zela-eta, Gregorio aita santuak zuzendu egin zuen errorea. Horretarako, konputu berri bat finkatu zuen (lau mendez behin, kendu egiten zuen bisurte bat, sobratzen ziren zortzi urte-milarenak ezabatzeko. Horixe dugu egun indarrean dagoen egutegi gregoriotarra. Metatutako hamaika eguneko desfasea zuzentzeko, 1582ko urriaren 4tik 14ra bitartekoak kendu egin zituen. Eliza ortodoxoak ez zuen bat egin erabaki harekin. Santa Luzia egunaren eta benetako solstizio-egunaren arteko tarteak erakusten digu XI. eta XII. mendeetan abenduaren 13a izan zela urteko egunik motzena kristauentzat. Iritsi zaizkigun errefrauek, beraz, ia mila urte dituzte.

Eguzkia izan zen lehenbiziko jainko unibertsala. Denboraren etengabeko iragaite horretan, funtsezko gunea da Eguzki jainkoaren solstizioa, antzinako egitura kosmogonikoaren euskarrietako bat. Antzinako kulturetan, hierofania bat zen, heriotzaren eta berpizkundearen kontzeptu teologikoarekin lotutako adierazle sakratu bat. Eguzkiaren heriotzarekiko beldur atabikoa du jatorri. Hiltzen eta berpizten den jainko bat. Denbora berritu egiten da (eguberriak, egun berriak). Badirudi Eguzki jainkoaren ahuldade nabarmen eta kezkagarriak gizakiaren laguntza eskatzera bultzatu duela. Suaren errituarekin ematen dio laguntza gizakiak. Solstizioa eta gero, berriro ekiten dio Eguzkiak zeruan gora, eta pozarren dabiltza gizakiak, natura biziberritzen eta udaberri oparo eta desiratu hori iragartzen duen berri ona dela eta. Neolitiko garaiko nekazarientzat, izugarrizko garrantzia zuen fenomeno hark. Negu osoa igaro beharra zegoen arren, berpiztua zen Eguzkia, eta ospatu beharra zegoen.

Gure jainko-astro nekatu hori sendotzeko ezinbestekoa dugu sua. Europako tradizioan oso zabalduta dago subilaren erritua, iparraldeko Yule Logetik Pirinioetako Eguberrietako subileraino. Euskal Herrian, subilero, sukilero, olentzero-enbor ere deitzen zaio. Neguko eguraldi txarra zela eta, bertan behera utzi behar izaten ziren, antzina, kanpoko lanik gehienak. Gerrak ere eten egiten ziren. Lanik eta argitasun ezak etxe barruan gehiago egotera behartzen zuten jendea. Giro aproposa, bada, eguzkiaren eta su sakratuaren inguruan errituak egiteko, horien bidez nabarmentzen baita Etxearen indarra. Erakunde iraunkorra du etxea euskal kulturak. Gizakiak, animaliak eta landareak jaio eta hil egiten dira; Etxeak, ordea, hor jarraitzen du. Hildakoek ere, nolerebait, etxean segitzen zutela uste zuten gure aurrekoek, bazutela nolabaiteko protagonismoa, eta jarraitasuna ziurtatzen zutela. Neguko solstizioko etxe barruko giro hartan, mundu erreala naturaz gaindikoarekin harremanetan jartzen zen, asabekin bat eginez eta babes-hitzarmenak adostuz jainkoekin eta Naturako espirituekin. Antzinako Europan, festa bereziak egiten ziren solstizioan: suaren zeremoniak subilekin eta kandelekin; landare magikoak (mihura) jaso eta erabiltzen ziren, eta eske edo biltzeen bitartez, opariak eta bisitak egiten zizkioten elkarri auzokoek.

Unibertsalak dira solstizio-jaien zenbait ezaugarri; besteak beste, gehiegizko jan-edana eta etxe barruko su-errituak. Beste batzuk sakabanatu egin dira: Europako iparraldean, belar magikoak biltzen dituzte, baina ez hegoaldeko beste kultura batzuetan, beharbada Elizak aspaldi (eta berariaz) debekatu zuelako mihura biltzea. Duela gutxira arte iraun zuen, berriz, Euskal Herriko, Pirinioetako herrietako eta Europako mendi-herri gehienetako ohitura batek: Gabonetako Subilak. Euskal Herriko Piriniotik ekialdekoraino, hainbat eta hainbat belaunaldik egin izan dute sukilero, tronca, tió, toza, tronc, choca, rabasa eta abar zeritzen erritua.

Enbor astun bat garraiatzen zuten, zamariekin, beheko su handiraino, eta Eguberri egunetik Gabon zahar gauera arte edo Errege Egunera arte iraun behar izaten zuen piztuta. Gauean, errautsez estaltzen zuten, gehiago iraun zezan pizturik, eta haren gainean jartzen ziren, gurutzatuta, sukaldeko burdinak. Itzaltzen utziz gero, urte berrian senitartekoren bat hilko zela uste zuten Zornotzan. Enborarren zati bat gorde egin behar izaten zen, haren errautsen ahal garbitzaileak jaioberriekin eta abereekin erabiltzeko. San Anton egunean, errautsen gainetik pasarazten zituzten abereak. Aezkoan eta Nafarroa Beherean, behien errapeen gogortasunak sendatzeko erabiltzen zituzten errautsak; Ibarrurin, berriz, zelai-soroetan banatzen zituzten errautsak, gurutze-forman, San Esteban egunez.

Baserrien arkitektura aldatzeak eta beheko sua kentzeak ohitura aldatzea ekarri zuten.Garai bateko enbor handiaren ordez, txikiagoak sutaratzen ziren, eta familiako kide bakoitzari eskaintzen. Bada Europako beste kultura batzuetan ere antzeko erriturik, Yule Log deritzona. Zenbaiten ustez, hosto iraunkorreko zuhaitz bat kandela piztuz apaintzeko ohitura Yule Log errituaren aldaera bat da, eta hortik sortua da, nonbait, Gabonetako arbola jartzeko ohitura.

Gabonetako Enborraren deitura ohikoenak, euskaraz, "subilero", "sukilero" eta "baztarreko" ziren; Nafarroako Pirinioen hasierako haran batzuetan, berriz, "olentzero-enborra" deitzen zioten, baita Oiartzunen ere; Larraunen, "Onantzaro mokorra". Deitura horrek adierazten digu zer lotura estua zuen sukileroak Olentzerorekin. Alabaina, Gabonetako Enborraren tradizioak Olentzeroren eremu geografikoa baino askoz zabalagoa hartzen zuen. Hamabi ordu iraun behar zuen pizturik enborrak sutan, eta, tradizio batzuen arabera, zenbait egun ere bai. Solstizio-jaien beste ezaugarri batzuk ere unibertsalak dira; adibidez, jan-edanaren ugaria (gehiegikeria ere, maiz). Erritu paganoak, kristautasunaren aurrekoak, ditu aitzindari Gabon kristauak. Iberiar penintsulako erresuma kristauetan, Toledoko Kontzilioak arras mugatu zituen erritu paganoak, baina herri germaniar eta galiarretan Erdi Aroak ondo aurrera egin arte iraun zuten, aldaketa gutxirekin.

Hainbat izen ditu, euskaraz, festa horrek: Eguberri, Gabonak, Olentzero -eta Olentzaro, Onontzaro... aldaerak-, Subilaro, Sukilero... Larraunen eta Bizkaiko herri askotan, irun egiten zuten Gabon egun goizez, Ama Birjina gogoratu eta lamietatik babesteko. Bestalde, ongi garbitu behar da sukaldea Gabonetan; eta meza ondorenean labore-alerik agertzen bazen, uzta oparoak ekartzen omen zituen urteak. Larraunen, Baztanen, Barkoxen eta Garazin, janzki berriren bat eramaten zuten soinean Gabon gaueko mezatara joaten zirenean, deabruari begi bat kentzeko lagungarri omen zelakoan.

Olentzero pertsonaiari buruzko aipamenak antzinakoak dira Nafarroako ipar-mendebaldeko zenbait herritan -Bidasoan ingurukoetan, Lesakan, Goizuetan; mendebaldeko zenbait haranetan (Larraun eta Arakil)...-; Gipuzkoan, ekialdean zen ezaguna, Irunetik Zarautzera bitartean, Beterri barne zela. Badirudi 1566ra arte indarrean izan zen Baionako elizbarrutiarekin bat zetorrela pertsonaia bitxi honen sorlekua, eta Olentzeroren jatorriari buruzko gutxi aztertutako hipotesia dugula hori. Garai batean, Eguberri eguneko gauerdiko mezaren ondoren, Olentzerori buruzko bertsoak kantatzen ibiltzen ziren neska-mutilak Sara, Ustaritz, Kanbo, Ezpeleta, Ainhoa, Senpere, Hondarribia, Irun, Lezo, Oiartzun, Errenteria, Pasaia , Lesaka, Etxalar, Bera, Igantzi, Doneztebe, Bertiz, Zubieta eta Goizuetan.

Olentzeroren izenak

Jatorrizko eremu geografikoa oso txikia zuen arren, deitura asko zituen pertsonaiak: Olentzeroz gain, Olentzaro ere deiotzen zitzaion (Orexa, Lesaka, Arakil), baita Onentzero, Onentzaro (Andoain), Onontzaro, Orentzero, Orentzaro (Zarautz), Orantzaro (Berastegi, Larraun), Orentzago. Olentzero-enbor eta Onontzaro-mokor hitzak ere erabiltzen ziren.

Gaur egun, Eguberri bezperako ilunabarrean Euskal Herriko kaleetan ibiltzen den pertsonaia folkloriko eta potolo horri deitzen zaio Olentzero. Baina ahozko eta idatzizko tradizioan, Eguberria adierazten zuen Olentzero hitzak, esaera hauek adierazten digutenez: "Onenzaroz leioan, pazkoetan sua", "Olentzero gauerdiko hegoaizea, berrogei eguneko haizea", "Olentzeroz Jainko Aundi, iñauteriz jainko txiki". Zenbait koplaren hitzak ere adierazgarriak dira: "O, o, o, bihar Olentzero; i, i, i, etzi Eguberri".

Asko idatzi da, bestalde, Olentzero hitzaren etimologiaz, baina adituak ez dira ados jarri. Bat datoz gehienak bi zati dituela hitzak -OLEN + (z)ARO-, eta bigarrenak -"Aro" nahiz "Zaro"- denborarekin duela lotura. ZAROk denbora neutroa adierazten du, bizitzako garai jakin bat, adibidez antza (haurtzaroa); AROk, berriz, zerbaitetarako garai aproposa (azaroa, garagartzaroa...). Olentzero, bada, zerbaitetarako garai edo gune egokia dugu. Ez datoz bat adituak OLEN sustraiaren esanahiaz. Bakarren batek NOELen aldaera bat izan litekeela dio; besteren batek, berriz, Al Hansaro hitz arabiarrarekin lotura izan lezakeela... Baina hipotesirik sendoenak beste batzuk ditugu.

Hona zer zioen Lope Martínez de Isastik XVI. mendean: "Eguberri gauari 'Onenzaro' deitzen diogu, 'onen aroa'; beste batzuek, berriz, Gabon deitzen diote". Larramendi eta Azkuek ere bat egin zuten Isastik zioenarekin. Hipotesi horren arabera, Onentzarotik eratorriak dira Onontzaro, Olentzaro eta Olentzero. Beraz, zer onen garaia edo denbora omen dugu Olentzero.

Erdi Arokoa dugu, bestalde, "O"aren antifonak oinarri dituen hipotesia, Caro Barojak aztertua. Kristau liturgiako forma musikala da antifona, melodia propiodun bertsoa, berset, himno edo salmo baten aurretik eta ondoren kantatu ohi dena. Antifona nagusiak, edo "O"ren antifonak, zazpi dira eta abenduaren 17tik 23ra bitarteko bezperetako Magnificatarekin kantatzen dira. Latinez "O"rekin ("oh", gaztelaniaz) hasten direlako deitzen zaie "O"ren antifonak. Hortik dator O-ko Ama Birjina deitura ere. Mesiasi egiten zaizkion deiak dira, herri guztiak haren zain nola zeuden gogoratzeko eginak; horrez gain, Salbatzailearen jaiotzaren aurreko egunetan Elizan izaten diren sentimenduen adierazle ere badira. VII-VIII. mendeetan konposatuak dira, eta "Oleries" deitzen diete Frantzian. Hedaduraz, erronda- eta eske-kantu guztiei deitzen zaie olez-olez; Bizkaian, berriz, eskean aritzeari ere hala esaten zaio ("Olez-olez ibili"). Hortaz, olerien edo "olez-olez" ibiltzeko garaia da Olentzeroa. Jose Maria Satrustegi Urdiainen jasotako kantu batek honela zioen:

Zapata txuriyek paperez
Iauriya dekala, baterez
Nagusi jaunari esango deagu
Asiko ote gaan ero ez.

Orra, orra gure Olentzero
Pipa hortziyen duela
Ixerita dago
Kaponak era bai ta
Oilaskotxuekin
Biher merendatzeko
Botilla arduakin

Olez, olez
bakaillu jalez
bost eta sei hamaika
Txorixorik ez balin badago
igual dela lukainka

Fisonomia eta izaera

Buru handia du Olentzerok, eta begi gorriak, odolduak, eta ikatzak belztutako aurpegi horretan txingarrak balira bezala distiratzen dute. Pipa erre ohi du, eta eskuan ote zuri sorta bat eta igitaia izaten ditu. Tripazain galanta da, eta ardozale porrokatua. Batzuen ustez, erraldoia da.

Zurruteroa dela dioskute haren begi gorrituek, baina bere izaera primarioari dagokion itxura beldurgarriaren ondorio ere izan omen daiteke hori. "Bart arrastian edan omen du hamar arruako zagia", dio kantuak, eta, zentzu bikoitzeko hitzekin, mozkorra non harrapatu duen galdetzen zaio: "Olentzero begi gorri, non arrapatu duk arrai hori". Ironiaz erantzuten du, lekuaren eta orduaren berri ere emanez: "Zurriola erreketan, bart arratseko hameketan". Lesakan jasotako kopla hauek ederki adierazten digute Olentzeroren asegaiztasuna.

Olentzero buru haundia
Entedimentuz jantzia
bart arratsian edan omen du
hamar arruako zagia
Ay! urde tripa haundia
tragatu bai duk zagia

Olentzero guria
ezin degu ase
bakarrik jan dizkigu
amar zerri gazte
sayeski ta solomo
tripazaiak aste
Jesus jaio delako
konsola zatezte

Europako folkloreetan ere badira tankera horretako pertsonaiak, guztiak ere biziraupeneko ekonomia haietako elikagaia-eskasia endemikoaren eskutik sortuak. Horietako batetik, frantses literaturan oso ezaguna den "Saint Pansard"etik sortua da "Zanpanzar" hitza. Koplek gogorarazten digutenez, eguneroko lekariez eta gaztainez landa, txerrikia, kapoi gizendua eta etxeko hegaztiak ere elikagai izaten ziren.

Ez datoz bat kopla guztiak Olentzeroren buru-argitasunaz. Batzuen ustez, gizon adimentsua da (Entedimentuz jantzia, dio Lesakako kantuak); beste batzuenean, ordea, ergel samarra da (Entendimentuz gabia diote Goizuetan). Aldaketa lexiko horiek eragin ohi ditu kantuen ahoz ahoko transmisioak. Baliteke, ordea, gure pertsonaiaren izaera bikoitzaren ondorio izatea ikuspegi-desberdintasun hori.

Badu kontraesan gehiago ere: alde batetik, izaki misteriotsu, beldurgarri eta azkarra dugu; bestetik, inozoa, tripazaina eta zurruteroa. Jainko askok dute izaera bikoitz hori. Izan ere, jainko ahalguztidunen kontura ez ezik jeinu galgarrien lepora ere egin nahi izaten dugu barre gizakiok. Olentzerori gagozkionez, baliteke Elizak bultzatua izatea pertsonaiaren izaera sekundarioa, primarioaren gainetik, mito paganoak barregarri uzteko asmoz. Olentzeroren kristautze-prozesua, berriz, kopla tradizionalen bilakaeran ikusten da. Adibidez, tximinia garbi edukitzen ez zutenei lepoa mozteko mehatxua baraurik egiten ez zutenei aldatu zien.

Onontzaro begi gorri
txaminira da etorri
austen balin badegu barua
orrek lepoa kendu guri
(Larraun)

Tolosaldean jasotako zenbait kontakizunek diotenez, tximiniatik sartzen zen Olentzero etxeetara, eta hainbat arrazoirengatik zigortzen zituen etxekoak; besteak beste, garbitasunik ezagatik. Bestalde, umeak beldurtzeko "Orontzaro etorkook eta eamaan hau!" eta antzekoak esan ohi ziren.

Ahapaldi ezagunenek diotenez, ikazkina dugu Olentzero: "Olentzero joan zaigu mendira lanera, intentzioarekin ikatz egitera". Baina baliteke arrantzalea, artzaina edo laboraria izatea ere. Baliteke, halaber, emaztea ere izatea, Oiartzunen jasotako kopla hauek dioskutenez emazteak arropak saldu egin baitzizkion halako batean: Olentzero guria / portuna tristia / arropak saldu dizka / bere emaztiak. Mari Domingiren bikotekidetzat azaltzen digute, bestalde, kontakizun berrienek.

Jesusen etorrera iragartzen duen mezularia dugu Olentzero. Euskaldunak kristau bihurtuz geroztik bereganatu zuen, antza, eginkizun hori. Kondairaren arabera, jentilei zegoekien zeregin hori. Aralarko artzainei duela ia mendebete jasotako istorioek ziotenez, jentilek jakin eta zabaldu zuten Kristoren jaiotzaren berri. Pagano jarraitu izan balu, jentilek bezala, beharbada ez zuen hain indartsu iraungo Olentzeroren mitoak. Agian Olentzero ere jentila zen, azken jentila. Kopla hauek gogorarazten digute haren mezulari-lana:

Olentzero joan zaigu
Mendira lanean
Beregan ala ustez
Ikatz egitera

Aditu duanean
Jesis jaio dela
Lasterka etorri da
adieraztera

Gazte-festa

Eguberri-eguneko arratsean, gazte-taldeek Olentzero bizkarrean eramaten zuen, koplak kantatuz eta etxez etxe eskean. Olentzero andetan eramaten zuten lau lagunek, poltseroak eta koplariak osatzen zuten taldea, eta herriko gazte-kopuruaren araberakoa izaten zen talde-kopurua. Batzuetan, lastozko txorimalo batek irudikatzen zuen Olentzero, eta su ematen zitzaion, inauterietako zenbait pertsonaiari bezala. Ez zen ohitura zabaldua Olentzero erretzea, eta gutxi dira horri buruz jasotako berriak.

Eskea eta eskean jasotakoa jatea eta edatea izaten ziren festaren ardatza, baita suaren inguruko errituak (Eguzkiaren sinboloa zen sua) eta babes-zeremoniak ere. XVI. mendetik daude dokumentatuta Eguberri egunez gaztetxo-taldeek egiten zituzten eskeak, baina, seguruenik, lehenagotik ere egiten ziren. Eskean (puskabiltzean) aritzeko aitzakia hau erabiltzen zuten: ez dugu guretzat eskatzen, tripazain asegaitz honentzat baizik. Inoiz, mutiko bat ateratzen zen Olentzeroz jantzita, beharbada astirik izan ez zutelako txorimalorik egiteko. Txorimaloa tximiniara lotzeko eta leihoan jartzeko ohitura ere bazegoen.

Ez zen inoiz izan umeen festa, nerabeena baizik, eta bazuten nolabaiteko autonomia jaia antolatu, egin eta hartaz gozatzeko. Umeen festa nagusia, Euskal Herrian, San Nikolas (Samikolas) izaten zen. Abenduaren 6an egiten zen, eta opariak egiten zitzaizkien umeei. Oraindik ere ospatzen da zenbait herritan, eta jada egiten ez den beste batzuetan harekin lotutako zenbait kantu eta kopla gogoratzen ditu adineko jendeak. Frantzia, Britainia Handia, Austria, Suitza alemana, Bavaria, Tirol, Alsazia, Eslovakia, Herbehereak eta Errusiako haurrek ere ospatzen dute festa hori. Europako emigranteek Estatu Batuetara eraman zituzten Gabonetako ospakizun horiek, eta XX. mendeaz geroztik, Santa Klaus edo aita Noel festak ospatzen dira han, merkataritzak sustatuta.

Gaur egun, Gabonetako opariak ekartzeko lana (berria) bereganatu du Olentzerok. Oporren hasierara aurreratu da, beraz, opari-banaketa. Itxura zarpail eta ohitura ez oso gomendagarriko erraldoi mehatxugarri horrek ez du aita Noelen onkote-tankerarik. Opari-banatzaile jarduteak arrakasta eta ospea ekarri dizkio Olentzerori, baina aldatu ere egin du haren izaera misteriotsua. Aspaldi-aspaldikoa da solstizio-garaian opariak egiteko ohitura. Erromatarrek "estrenak" (opariak) egiten zituzten, eta seinale ontzat hartzen ziren. Gaztelaniaz, oraindik ere erabiltzen da esanahi bereko beste hitz bat: "aguinaldo" (gabonsaria). Eta Errege Magoak edo aita Noel baino askoz ere lehenago, San Nikolas eguna ospatzen zuten Europako haurrek. Festa bateko erritu-edukia beste batera aldatu zen, eta horixe bera gertatu zitzaion Olentzerori ere. Garai berrietara egokitzeko ahalmena erakutsi zuen, bada.

Kantuak eta koplak

Folklorean ohikoa den legez, ezin jakin nork sortuak diren Olentzero eguneko koplak. Adituen iritziz, ez dira oso zaharrak. Lau puntuko zortziko txikikoak izan ohi dira bertsoak, eta Nafarroan eta Iparralden Aro Modernoan zabaldu ziren balada erromantzeen oso antzekoak dira. Kopla batzuetan erabiltzen den euskara ere modernoa da, gaztelaniaren eragin nabarmena adierazten duten zenbait hitz eta esaldi oso baitituzte: entendimentu, pipa, kapoia, merendatu, botilla, portuna, tristia, arropak, konsolatu eta intentziua. Eta badira, bestetik, herri-hizkeran erabiltzen ez diren zenbait hitz eta esaera (parte emathera, embajadoria), jende jantziagoak kantuei erantsiak, seguruenera.

Doinuak, berriz, errazak dira. Batzuk herri jakin batekoak bakarrik dira ia, eta, horregatik, ez dira oso ezagunak (adibidez, Tolosa, Zarautz, Lesaka, Mutriku eta Hondarribikoak). Beste batzuk, aldiz, izugarri hedatu dira: esate baterako, Olentzero joan zaigu, mendira lanera, intentzioarekin ikatz egitera dioen kanta txit ezaguna. Zortzikoaren doinuarekin abesten da, 5/8 konpasean; bigarren zatian, berriz, biko konpasean: Horra, horra, gure Olentzero, pipa hortzetan duela, eserita dago... Ahapaldi ezagunenetako baten melodiak (Olentzero, buru haundia, entendimentuz jantzia. Bart arratsean, edan omen du bost arruako zahagia), bestalde, La Farandole Joyeuse du jatorri. Txistulariek ikasi eta zabaldu zuten melodia hori, XVIII. mendean, biribilketa modura. Aise bereganatu zituen zenbait testu melodia alai hark; besteak beste, Artolak dauka, Euskal Herri osoan ezaguna, Ignacio Baleztena iruindarrak jarri zion Uno de enero... letrarekin. Gasteizen, berriz, kalejira gisara jotzen da, Zeledon egunez. Olentzerori buruzko kantuez gain, Gabon-kantak eta bestelakoak ere kantatu ohi dira.

Historia hurbila

Francoren erregimenak gogor zigortu zituen euskal kulturaren adierazpenak eta haien antolatzaileak. Herri bakan batzuetan bakarrik iraun zuten ospakizun batzuek (Olentzerok Lesakan, adibidez), Elizaren babespean betiere. Pixkanaka, parrokietako zentroei eta beste zenbait erakunde erlijiosori lotutako gazte-elkarteek Euskal Herri osora hedatu zituzten hilzorian zeuden tradizio folklorikoak. Arrasaten, Acción Católicako gazteek, aita Arizmendiarrietaren gidaritzapean, berreskuratu zuten Olentzeroren tradizioa gerra ostean; Iruñean, gazte antoniotarrek, aita isidro Ansorenak bultzatuta; Deustun, 1968an, Bizkaiko lehen Olentzeroa antolatu zuen Batzalde elkarteak. Tradizioaren sorleku ziren herri txikiek, bestalde, gogotik lan egin zuten hari eusteko, eta hedatu ere egin zuten. Lesaka dugu horren adibide argiena: Olentzero-lehiaketa bat eratu zuen 1945ean. Lesakarren kemenaren zordun dira Nafarroako Olentzerorik gehienak.

Iruñean, 1956ko Gabonetan, gazte antoniotarrek dena prest zeukaten Olentzerori ongietorria egiteko, baina administrazioaren eragozpenak zirela medio, hurrengo urtera arte atzeratu behar izan zuten. Kutsu erlijiosoa eman zioten ekitaldiari (Belengo misterioa antzeztu behar zuten), hain "susmagarri" gerta ez zedin. 1960ko hamarkadan, Euskal Herri osora zabaldu zen Olentzero, sarritan ezkutuan antolaturik eta traba ugari gaindituta. Iparralden, nabarmen hedatu zen ospakizuna 1969tik aurrera, ikastolei esker. Tuterara 1972an iritsi zen, Iruñeko antoniotarren eskutik. Lehenbizi, La Teba peña arduratu zen Olentzero antolatzeaz; gero, Beterri peña. Azkeneko urteotan, Cascante, Castejón, Cortes, Ablitas eta Alesbesen, besteak beste, ikazkin mitikoari ongietorria egiten diote.

Festa, bestalde, aberastu egin zen: bizkarrean eramaten zen txorimaloari abesbatzak, txistulariak, dantzariak, trikitilariak, txalapartariak, gabon-kantak eta nekazaritzako kulturatik hartutako zenbait elementu gehitu zitzaizkion (janzkera, baserriko animaliak...). XX. mendeko 1970eko hamarkadan, zenbait aldarrikapen politiko ere egin ohi ziren Olentzeroren ospakizunetan, eta haien aitzakiapean iritsi zen poliziaren jazarpena. XXI. mendearen hasieran ere zenbait oztopo jasan ohi ditu festa honek herri eta auzo batzuetan.

VIII. mendera arte bizirik iraun zuten erritu pagano batzuen oroimen lausoa berpizten da, urtero, abenduaren 24an, eta gure aurrekoen baserriko bizimodua gogorarazten du. Solstizio-garaia da, eta hor dator azken jentila, menditar dionisiakoa, Berri Ona zabaltzera, denentzako zabalik dagoen festa batera. Ongiaren aroa da, ontzaroa.