Kontzeptua

Solstizioa

Eguzkitik zeru-ekuatorerako distantzia angeluarra minimoa den ekliptikako bi uneetako bakoitzari deitzen zaio solstizioa. Lurretik begiratuta, Eguzkiaren posizioa iparraldera eta hegoaldera mugitzen da, urteak aurrera egin ahala. Eguzkiak posiziorik ipartarrenak edo hegotarrenak iristen dituen urteko uneak dira, beraz, solstizioak, hau da, ipar-deklinazio maximoa (+23º 27') eta hego-deklinazio maximoa (-23º 27'), betiere zeru-ekuatorearekiko. Lurraren ardatzaren inklinazioagatik izaten dira solstizioak. Ipar-hemisferioko udako solstizioan, Kantzer Tropikoaren gainean iristen da Eguzkia zenitera, eguerdian; negukoan, berriz, Capricornus Tropikoaren gainean, eguerdian hor ere. Lehenbizikoa ekainaren 21a eta 22a bitartean izaten da; bigarrena, abenduaren 21a eta 23a bitartean. Neguko eta udako solstizioen datak aldatu egiten dira hemisferio batetik bestera. Eguzkia neguko solstizioan dagoenean, urte osoko posiziorik beherena dauka zeruan, eta eguna urte osoko motzena izaten da; udako solstizioan, aldiz, posiziorik gorena izaten du, eta egunik luzeena. Solstizio-garaian, apenas aldatzen duen Eguzkiak horizontearekiko posizioa; geldituta dagoela ematen du. Hortik dator latinezko Sol Sistere esaera (Eguzki gelditua), eta hortik, berriz, solstitium, solstizioa.

Antzinateko kultura gehienetan egiten ziren solstizioak ospatzeko jaialdiak. Europan, erromatarren garaiaren aurretik egiten ziren suaren, uraren eta landareen gaineko erritu-ospakizunak. Negukoak etxe barruan egiten ziren; udakoak, berriz, kanpoan. Kristautasunak bi ospakizun nagusi jarri zituen data horietarako: Eguberria (neguko solstizioa) eta San Joan Bataiatzailearen eguna (udako solstizioa).