Kontzeptua

Solstizioa

Sua, ura, landareak eta naturako beste zenbait elementuri lotutako erritu ugari ospatzen dira San Joan gauean eta egunean. Sanjoanetako suek zenbait gaitz sendatzen dituztelako ustea zabaldua zegoen, batez ere azaleko gaixotasunak; adibidez, hazteria. Etxeen aurrean eta plazetan, bidegurutzeetan eta beste zenbait leku seinalatutan pizten ziren suak, eta haietara botatzen ziren aurreko urteetako belar bedeinkatuak (intsusa- eta ereinotz-sortak, sanjoan belarrak, Corpus eguneko prozesiorako kaleetan zabaldutako ihiak...). Han erretzen ziren, halaber, zahagi zaharrak, eta sutan zirela astintzen zituzten gazteek kalerik kale. Suteetako errautsak, berriz, gorde egiten ziren (Gabonetako enborrarenak bezala), animaliak eta gizakiak sendatzeko gaitasuna zutelakoan. Suak pizten ziren bitartean, elizako kanpaiak joka aritu ohi ziren (abemarik), poliki-poliki.

Corpus Christi eguneko edo Besta berriko prozesioak igaro behar zituen kaleetan landare ugari bota ohi zen: azeri-buztana, intxaur-hostoak, lizar-hostoak, arrosak, zinta-belarrak, ezpata-belarrak... Prozesioa amaitutakoan, herriko mutikoek jaso egiten zituzten, eta eguzkitan lehortzen jarri. Euria ari bazuen, aterpean jartzen zituzten. Gero, San Joan sua pizteko erabiltzen ziren belar haiek guztiak.

San Joan bezperan, etxe bakoitzetik emakume bat edo bi joaten ziren mendira lirioak, arrosak, krabelinak, bitxiloreak, galburu bat, arto-landare bat eta gerezi- edo sagar-adar bat (fruta eta guzti) biltzera. Horiekin guztiekin prestatzen zuten sorta, eta ezpata-belarrekin lotzen zuten. San Joan eguneko meza nagusira eramaten zen sorta hura. Urte osoan gordetzen zen sorta, eta hurrengo urteko udako solstizioko sua pizteko erabiltzen zen, Corpus egunean kaleetan zabaldutako landare jada ihartuekin batera.

Herri bakoitzeko tradizioen arabera, aipatutakoez gain beste zenbait belar-mota izaten zituen San Joan eguneko sortak (ereinotza, garoa, asentsio-belarra, apioa, erromeroa...), eta zenbait gaitz sendatzeko edo haietatik babesteko balio zutela uste zen (trumoietatik babesteko, haginetako mina kentzeko, behien errapeak biguntzeko, sugeak uxatzeko...). Bedeinkatutako sorta bat egosi eta haren lurrunak flemoia kentzen omen zuen. Bularreko katarroa sendatzeko, sortaren zati bat irakin eta ur bero hartan edukitzen zituzten oinak. Begikoa sendatzeko, oihal batekin garbitzen zen kaltetutako zatia, egunero, behar hainbat denboraz. Erlakaiztenak heltzeko, San Joan goizean bedeinkatutako hainbat intsusa-belar frijitzen ziren, zartagin batean, olio-pixka batekin; gero, bi oihaletan banatu eta hanturari lotzen zitzaizkion. Ganaduari zegokionez, pertz batean txingarrak jarri eta hara botatzen ziren belarrak; handik sortzen zen kea animaliaren alderdi gaixoari aplikatzen zitzaion (errapea, sabela...).

Suaren sendatzeko gaitasunaz baliatzeko, gutxienez hiru aldiz egin behar zen salto garren gainetik, arao bat esanez. Aldatu egiten zen araoa Euskal Herriko toki batzuetatik besteetara. "Sarna fuera" edo "ezkabia kanpora" esaten zen toki batzuetan; beste batzuetan, ongia eskatzen zen eta gaizki oro kanporatzen ("Ona barnera, gaixtoa kanpora"), edo, zehatzago, Nafarroako mendialdean ("Ogia Espainara, ezkabia Frantziara"). Denek, haurrek eta zaharrek barne, egin behar zuten salto suaren gainetik, ertz batetik bazen ere. Ezindurik zegoenak, sutara inguratu eta hanka bat hurbiltzen zuen lehenbizi, eta, gero, bestea, elkarrekin gurutzatuz.

Garain, abesti hau kantatu ohi zuten: San Juan San Juan eztot nik besterik gogoan / Lapurrak eta sorginak erre erre / artoak eta gariak gorde gorde; Zornotzan, suaren gainetik salto egin aurretik, beste hau: San Joan gaur dala / bihar dala doni Andres / guri etxien lapurrik ez / badago begoz, erre deitezela danak / Arrautza bi kolkoan eta beste bi aguen ¡San Joan!; Oiartzunen, sorginak uxatzeko, suak piztu eta hau kantatzen zuten: San Juan San Juan heldu da / sorgin begia galdu da / galdua bada galdu bedi / sekula agertu ez baledi!

Etxebarrian, berriz, beste hau:

San Joan da san Joan
Eztauket besterik goguen
Sorgiñek eta lapurrek erre
Garixek eta artuek gorde

San Joan, san Joan bagilian
Denpora edarrian
San Joan da San Joan
Abadiak, prailliak
Aserretu zirian
San Joan da san Joan
San Joan, san Joan

Bezpera gabian
Abadiak aserretu zirian
Ezebe besterik egiten
Alkarri musterrez apurtzen

Joan nintzan orture sobrata
Sobrien onduna batana
Au da nere laztana
Sorgiñek erre
Lapurrek batu
Artuek eta garixek
Ondo berinketu

San Joan eguneko gauerdian ehortzi behar ziren olibo-hostoak garatxoak, kisteak eta azaleko beste malformazio batzuk kentzeko. Soro eta zelaietan astalarra duenak, berriz, ordu horretan (lehenbiziko kanpai-hotsarekin batera) atera behar du karduetako bat eta auzokidearen sorora bota.

Euskal Herriko toki askotan eta Europako beste zenbait kulturatan egiten zen, bestalde, erritu hau: herniadun ume bat enbor edo adar gazte batetik igaroarazten zuten. Enborra edo adarra ireki egiten zen, umea pasa zedin, eta, gero, itxi. Joan izenekoak behar zuten izan umea enborretik igaroarazten zuten bi gizonek, eta hau esaten zuten: "Har ezak, Joan", "Emadak, Joan", "Gaixorik ematen diat", "Sendatuta itzultzen diat". Zuhaitzak -haritza, artea, lizarra...- bizirik irauten bazuen, umea sendatu egingo zen. Erritu horren aldaera konplexuago bat ere bazen: Joan eta Pedro behar zuten deitu bi gizonek, eta anaia bikiak izan.

San Joan gauean (goizaldera, batez ere), sendatzeko gaitasuna hartzen du urak. Zenbait iturri eta errekatxotan biltzen zen inguruko jendea, Eguzkia atera aurretik "sanjoanatzeko". Zelaietako ihintzak ere balio zuen horretarako. Hona hemen ehunka iturri horietako batzuk: Doniturrieta (Aralar), Dama-Iturri eta Iturri-Santu (Betelu), Saniturri (Beorburu eta Riezu), Aingiruiturri (Anozibar), Zabale (Bernabeitia), San Juan (Igantzi), Lizarrako "ur gaziko" putzuak, sulfuro-ureko edo "arrautza usteleko" iturri ugariak... Ezaguna da, bestalde, ihintzez bustitako belardi eta galsoroetan oinutsik ibili edo biluzik iraulkatzeko ohitura hazteria uxatzeko.

San Joan goizean Eguzkia dantzari ateratzen delako ustea oso zabaldua zegoen. Egunsentiarekin, etxeko gizonak aizkora hartu eta lizar- eta elorri-adarrak ebaki eta, gero, baserriko eta ukuiluko sarreran jartzen zituen. Trumoietatik babesteko, berriz, largazta izeneko landarea jartzen zen ateetan.

Hiru bira eman behar zitzaizkion etxeari, Eguzkia atera aurretik, piztiak uxatzeko. San Joan goizean ebakitako belarra, berriz, ez zen lehortzen, eta egun batzuk lehenago edo geroago ebakitzen zena baino gozoagoa izaten zen. Neskei, pixka bat ebakitzen zitzaien ilea, gero ederrago hazteko. Azenarioa landatu behar zen San Joan egunean, ez baitzen inoiz hondatzen. Erroibarren, azkeneko babarrunak -San Joan eguneko ilarrak- landatzen zituzten, azkarrago hazten omen ziren eta.

San Joan egunez siesta egiten duenak urte osoan izango du logura; goiz jaikitzen dena, berriz, aise jaikiko da goiz urte osoan. San Joan eguna da urteko luzeena, eta lanean ari denak ongi igarriko du. Baina, gainerakoak bezala, egun horrek ere badu amaierarik. Hala zioen Etxalarko nekazari batek: Arraoia! Aundiya itzen, baiño ire juan itzen.

San Joan arbola. Euskal Herriko zenbait herritan, gazteek mendira jo eta pago, haritz, lizar, makal edo pinu bat moztu eta, ondoren, plazara eramaten zuten. Han, azala kentzen zioten, adaburukoa izan ezik, eta horko adarrak eta hostoak ere ez zituzten kentzen. Lore batzuk itsasten zizkioten adaburuari eta, gero, zutitu egiten zuten arbola, lurrean zuloa eginda. Zuhaitzaren inguruan dantza egin ohi zuten eta, egun batzuk igaro eta gero, kendu eta enkantean jartzen zuten, jabeak eskatzen ez bazuen, edo hurrengo urterako gordetzen zen.

Juan Lobo. Kondairak dioenez, XIV. mendearen amaieran sortutako San Joan Bataiatzailea Loriatsuaren eta Alabardarien Kofradiako kideak dantzari ekin zioten, pozez zoraturik, azkeneko mairua (Juan Lobo, bidelapur-talde baten burua) hil zuten urmaelaren ondoan. Ezin esan, zehazki, nolakoa izan zen festa hura, baina bai nola ospatzen den joan deneko ehun urteotan. San Joan bezperan iristen dira gaita-jotzaileak eta suak pizten dira. Hor hasten da festa, eta egunsentira arte irauten du. Ohiturak agintzen duenez, iturrira joan behar da egunsentian, eguneko lehen urarekin garbitzera. Aurpegia beltzez margotzen duen kofradiakide bat mairuz, Juan Loboz, mozorrotzen da, eta zenbait adarrekin estaltzen du bere burua. Mutilek jazarri egiten dute, eta, zenbait borroka-saio eta ihesaldi eta gero, urmaelera jauzi egiten du, eta harrapatu nahi duten guztiak zipriztintzen ditu. Azkenik, harrapatu egiten dute, frontoian epaitu, kondenatu eta exekutatu. Gatazkaren ondorenean, mairuaren arropak eta gainerakoak (makila landua, zetazko zintak eta koloretako oihalak...) janzten dituzte, lore freskoak jartzen dituzte abadearen lantzaren muturrean eta horrela joaten dira prozesiora eta mezara. Arratsaldean, bezpera eta arrosarioaren ostean, urmaelera joaten dira kofradiakideak, gaita-jotzaileekin. Han egiten dute alardea: kofradiakide bakoitzak (abadetik hasita) dantza egin behar du lantzaren aurrean. Ez dakigu zer dantza izango zen antzinakoa, baina, dokumentatuta dagoenetik, gaita-jotzaileek jo izan dute, hiru zatiko jota melodiarekin, horietako bat (kopla edo kantu modukoa) besteak baino geldoagoa. Antzinako erritu aberats baten lekukotasuna dugu tradizio hau, jaiaren eta solstizioaren zenbait osagai dituena: dantza, ura, sua, kofradia, mairu eta kristauen arteko borroka, petxeroa, landareen espiritua...