Kontzeptua

Sinkretismoa euskal mitologian

Sinkretismoaren ikerketa arrunt konplikatzen duen fenomenoa da, aurrez aipatu ditugu hiru nahasbideak anitz modutan konbina daitezkeela bai espazioan bai eta denboran zehar ere. Espazioan zehar diogunean zera adierazi nahi dugu, alegia, posible dela esparru mugatu batean aipatu hiru bilakabideen adibideak aurkitzea elkarren ondoan. Eremu txiki batean litekeena da entzutea jentilak kristauak baino kristau hobeak zirela, Sansonek jaurti zuela halako harria, edo jentil harroputz bat kristauei erronkan joan zitzaiela, hirurak akulturazio bakar baten ondoriozko elkarren ondoko agerkariak direlarik. Areago, esparru mugatu batean eta gainera legenda beraren baitan gerta daitezke honelako aldaera bortitzak. Jentilen akaberaren legendako bertsio batean laino baten erasoak jentilen heriotza eta hobiratzea eragiten dituela ikusten dugu, eta urruti joan gabe beste bertsio batek kristautasuna eta jentiltasunaren arteko borroka bailitzan erakusten digu akabera hori. Eta denboran zehar diogunean esan nahi dugu akulturazio bat baino gehiago jasandako eremuak ere badirela. Esate baterako jentilen kulturaren gainetik indoeuropar kultura klasiko bat edo bi egon daitezke (zelta eta germaniarra) gehi kristautasuna bidezko Erromakoa ere. Saint Olaf edo San Martin Txiki, esate baterako, hiru kulturen esku hartzeaz ulertu behar dira: jentilena, germaniarra (jentilak jainkoen etsai bihurtzen dituena) eta kristaua (jainko germaniarrak santu egiten dituena). Konbinaketa kopurua igotzen den neurrian orduan eta zailagoa gertatzen da azken emaitzaren nondik norakoak eta hasierako osagarri guztiak asmatzea. San Martin Txikik jentil itxura duten basajaunei lapurtzen dizkie sekretuak bertsio batean, baina hori bera deabruari egiten dio beste batean. Patxi Errementariak ere beste hainbeste egiten du: jentila du batzuetan etsai eta biktima, eta deabrua berriz besteetan. Pentsa liteke jentila zela aurrena errementariaren maltzurkeriak nozitzen zituena, eta agian legenda kontatzen zutenetako batzuk jentilak begiko zituztelako hartu zuela deabruak gero biktimaren rola. Aldaera posibleak anitz direnean eta bertsio kopuruak urri, sarritan ez dago behar hainbat lehengai demostrazio bat burutzeko.

Dena den, sinkretismoaren gorabehera eta joeron ezagutza ezinbestekoa da mitologia aztertu eta haren baitan sailkapen argigarriak burutzen saiatzeko.