Kontzeptua

Sinkretismoa euskal mitologian

Edozein sinkretismoren beste jardunbide ezaguna aurreko erlijio edo mitologiaren pertsonaiak gaizto bihurtzearena da. Hau era absolutuan egin daiteke, edota pertsonaia erdibituz, erdi onesgarria eta erdi gaitzesgarria sor araziz. Era honetan Anbotoko Dama Anbotoko Sorgina bihurtzen da, haren senar Sugaar Herensuge, eta paganismo zaharreko izaki guztiak gauezkari bihurtzen dira, eguzki izpien eta oilar kantuaren beldur bizi direnak (Agerreko jentil jatorrak barne). Euskal Herriko jentil batzuk harritzarrak kristauen aurka jaurtikitzen hasiko dira lehengo harri-jolasak ahaztuta, eta hemendik kanpo berriz jentilen patua are okerragoa izango da. Gutxienik zabar eta ergel bihurtuko dituzte, bai eta munstro anker giza haragijale ere, Gargantua eta Polifemo kasu. Gehienetan gainera, gaiztotzea herio ematearen ataria izan ohi da, kultura indoeuropar klasikoetan batik bat. Herensugea hiltzeko heroirik ez da falta kultura horietan: besteak beste San Jorge, Thor eta Apolo jardungo dute horretan, eta etxean berriz Goñiko Teodosio /San Migel bikoteak eta Beltzuntze zaldunak. Heriotza da baita ere Polifemo eta Tartalo gaiztoen patu merezia, eta patu bera ezagutuko dute halaber Eskandinavia eta Britainia Handiko hainbat eta hainbat erraldoik.

Gaitzespen bideak eragin semantiko nabarmena dakar, bai eta ulermen trakeste eta ondare galtzea. Garai bateko opariak kontatzen zituzten mitoak eraldatu egiten dira: opariak jasotzen zituzten izaki ongileak gaitzetsi behar direnez orain, legendak goitik behera itxuraldatu eta lehengo opari zaharrak lapurreta bihurtzen dira. Esker oneko artzainen opariak jasotzen dituen Basajauna, artzainen esnea lapurtzera datorren izakia bihurtzen da. Etxekoei laguntza emateagatik ordain xumea jatera datorren lamiña herabea, lapur lotsagabe zigortu gisa ikusten dugu. Halere eraldaketa hauek sarritan erabat burutu gabe daudenez, digestio erdi-bidean, erraz antzematen da trakeskeria hainbat bertsiotan eta posible da aurreko egoera berreraikitzea. Okerragoa da gaitzespen bideak pertsonai bakoitzaren jatorrizko nortasuna lausotzea dakarrenean, denak izen beraren zakuan sartuz. Sorgina eta lamiña izenak, Erdi Aroz geroztik Europa osoan hain sarritan ibili direlarik, hedadura zabala izan dute Euskal Herrian ere eta edozein izaki pagano izendatzeko erabili izan dira azkenean. Honek zenbaitetan ez du aparteko eraginik, pertsonaien ezaugarriek eta bertsio hobeen laguntzak behar hainbat argitasuna eskaintzen dutelako. Esate baterako, legenda batzuk Anbotoko Sorgina aipatzen duten arren, jakin dezakegu zein den benetan sorgin hori. Edota hainbat lamiña ikusten dugunean harritzarrak buru gainean hartuta trikuharriak eraikitzen, badakigu halaber izen generiko horren atzean jentil edo mairu bat egon zela garai batean. Zoritxarrez ez da beti horrela gertatzen eta zenbaitetan ezinezkoa da zalantzaren lausoa erabat garbitzea. Esate baterako, euren laguntzaren ordainetan etxekoen opariak gauez jasotzen dituzten zenbait lamiña legenden atzean, etxeko defuntuak berak ote dauden susmoa eduki daiteke, (eta ez iturrietako lamiñak edo antzekoak) baina ez dago pertsonaia horientzako beste izen propiorik eta beraz ezinezkoa da susmoa erabat sendotzea.