Kontzeptua

Sare Sozialak

2006an Obvious enpresak sortutako zerbitzua da Twitter, Jack Dorsey izan zen ideia garatu zuena. Microblogging zerbitzua eskaintzen du, bertan idazten diren mezuak tweet izena dute eta gehienez 140 karaktere izan ditzakete. Mezu hauek publikoak dira eta edozeinek irakurri ditzake Interneten.

Erabiltzaileak elkarrekin erlazionatzeko, jarraitzaileen kontzeptua erabiltzen du. Hau da, norbaiti erabiltzaile jakin batek argitaratzen duena interesatzen baldin bazaio, bere jarraitzaile egin daiteke. Horrela, erabiltzaile horrek idazten dituen mezuak bere Twitter kontuan ikusi ahal izango ditu.

Gai jakin bateko mezuak jarraitzeko "#" ikurrarekin hasten diren hashtag etiketak erabiltzen dira. Ekitaldi edo gertakizun baten inguruan idatzi nahi baldin bada, mezuan etiketa jakin bat erabiltzea gomendatzen da. Horrela, gertakizun baten jarraipena egiteko, gertakizun horren hashtag-a duten mezuak iragazi daitezke eta horiek bakarrik irakurri. Mezuak laburrak direnez, gertakizunen jarraipena oso era dinamikoan egiten da.

Aplikazio eta zerbitzu asko jarri dira abian Twitter-ek eskaintzen duen API-a oinarri bezala hartuta. Batzuk Twitter-eko mezuak era desberdinetan erakustea dute helburu. Beste batzuk berriz, mezuak gailu desberdinetatik bidaltzea, bai ordenagailutik edo gailu mugikorretatik.