Sare sozialaren ideia aspaldidanik erabili izan da edozein taldeetan bertako kideen arteko erlazioak adierazi ahal izateko. Talde horiek ez dute zertan pertsonaz osatutakoak izan behar, erakundeak, enpresak edo herrialdeak ere izan daitezke sareko kideak.
1930eko hamarkadaren hasieran, Jacob Levi Moreno psikologoak soziograma terminoa erabili zuen. Hori izan zen pertsona-talde bateko erlazioak irudikatzeko lehen saiakera. Morenoren soziograma, lerro zuzenak erabiliz konektatutako banakako puntuen edo nodoen multzoa zen. Lider sozialak, baztertuak eta beste guztiekin konektatuta zeuden pertsonak, berak "izar soziometrikoak" deitzen zituenak, identifikatu ahal izateko tresna oso ahaltsua bihurtu zen.
1954an, J. A. Barnes antropologoa izan zen sare soziala terminoa sistematikoki erabiltzen hasi zen lehenengoa. Norbegiako arrantzale-herri bateko erlazio konplexuak adierazi ahal izateko erabili zuen. Ondoren, bere garaiko beste akademiko ezagunak ere termino bera erabiltzen hasi ziren eta erabat estandarizatu zen.
