Kontzeptua

Sare Sozialak

Munduan erabiltzaile gehien duen sare soziala hau 2004an jarri zuten abian Mark Zuckerberg-ek eta beste hiru lagunek. Hasiera batean, Harvard-eko Unibertsitateko ikasleek erabiltzeko sortu zuten eta ondoren unibertsitate gehiagotara zabaldu zen sare soziala.

Gero eta funtzionalitate gehiago eskaintzen ziren eta sareko partaideen elkarrekintza aberatsagoa egin zen. Horietako bat, Facebook-en ez zeuden ikastetxeetako ikasleak gonbidatzeko aukera gehitzea izan zen. Handik aurrera, erabat zabaldu zen bere erabilera AEBko ikasleen artean. 2006ko irailean, nahiz eta erabiltzaile asko ados ez egon, Facebook-ek ikasle ez zirenentzako ireki zuen sare soziala. Edozein pertsonak ireki zezakeen kontu bat Facebook-en.

Facebooken kapitalean hainbat akziodun sartu dira, horietan ezagunena Microsoft izan da. 2009ko amaieran 350 milioi erabiltzaile zituen eta 2011ko hasieran, zifra hori 500 miliotara igo zen.

Eskaintzen dituen funtzionalitateetan horma edo ingelesez wall bezala ezagutzen dena da nagusia. Bertan erabiltzaile bakoitzak bere lagunekin partekatu nahi duen informazioa jartzen du. Argazkiak, bideoak, beste orrialdetarako estekak edo testu hutseko mezuak jarri daitezke horman. Bere lagunak diren erabiltzaileak eduki horiek iruzkindu egin ditzakete.

Erabiltzaile bakoitzak, bere lagunak zerrenda desberdinetan antolatu ditzake. Interes amankomunak dituzten erabiltzaileentzako taldeak ere sortu daitezke. Gertaera baten berri eman nahi bada, horretarako aukera ematen du eta jendeak bertara joango den edo ez adierazi dezake.

Baina Facebook ez da pertsona norbanakoak erabili dezaketen tresna soilik, erakunde eta enpresek ere erabili dezakete marketin tresna bezala. Horretarako orriak sortzeko aukera ematen du, behin orri bat sortu ondoren, bertatik hainbat ekintza egin daitezke interesa duten erabiltzaileengana hurbiltzeko. Erabiltzaileak orri horren zale egin daitezke eta horrela erakunde horren jarduera jarraitu dezakete.

Pribatutasun kontuak direla eta sarearen erabilera baldintzak direla medio, kritikak ere jaso ditu Facebook-ek. Izan ere bertan kontu bat irekitzerakoan onartu behar diren erabilera baldintzatan, sarera igotzen den eduki guztiaren jabetza Facebook-i uzten zaio era esklusiboan eta betirako.