Kontzeptua

Sagardoa

Sagardoa edari freskagarria da, alkohol gutxikoa, 5 eta 6 coma 5 gradu bitartean, hainbat sagar mota zukututa ateratako muztioaren hartziduraren bidez lortzen dena.

Gaztelaniazko sidra hitza latinetik etorri zen: sicera hitzetik, hain zuzen. Testamentu Zaharren arabera, hebrearren edari mozkorgarria zen eta, hedaduraz, frutaz edo zerealez egindako alkoholdun edari guztiei eman zieten izen hura. Egile batzuek, ordea, ez dute uste hitzaren jatorrizko hizkuntza hebreera denik, eta grekoaren sikera izenari egozten diote latindar etimologia.

Gonzalo de Berceoren, 12. mendea, eskutik agertu zen hitza lehen aldiz dokumentatuta, honako hau idatzi baitzuen: Sant Johan el Baptista, luego en su niñez, abrenunció el bino, sizra, carne e pez.

Sagardoa edo sagardua, berriz, sagar eta ardo, sagar ardo, hitzen kontrakzioa da. Bitxikeria gisa esan daiteke hitz hori andaluziarren herri hizkerara ere iritsi zela, emakume gaiztoa adierazteko. Litekeena da edariaren zapore garratzaren transposizioagatik gertatu izana hori.

Sagarra, gaztelaniaz manzana, eta lehenago mazana, latinezko mattiana hitzaren eratorri zuzena, sagarrondoaren fruitua da. Zuhaixka edo arbola horrek gehienetan enbor bihurria eta 10 metrotik beherako altuera du.

Historian zehar izan duen erabilera sinbolikoari esker, gizakien azken zergatiak ulertzeko bide egokia da sagarra. Hala, adibidez, harrigarriak dira sagarrari eman izan zaizkion zentzu itxuraz kontraesankorrak baina sakon uztartuak. Hori erakusteko honako adibide hauek ditugu: Greziar mitologiako desadostasunaren sagarra, Hesperideen lorategian hilezkortasuna ematen zuten hiru sagarrak, judutarren eta kristauen tradizioaren arabera lehen bikoteak jandako sagar debekatua, gizateria guztia sufritzera kondenatu zuena, edo Kantarik ederrenean Jainkoaren hitzaren emankortasuna irudikatzen duena. Kasu horietan guztietan, sagarra ezagutzaren sinboloa da, baina bizitzaren arbolaren fruitua edo ongiaren eta gaizkiaren zientziaren arbolarena ere izan daiteke: hilezkortasuna ematen duen ezagutza bakarra edo, aitzitik, hautatu beharra eta, horrela, erortzeko arriskua iragartzen duen ezagutza bereizia1.

Areago, Isaac Newtoni esker, sagarra arrazionaltasunaren historian ere sartu zen, jakintza instrumentalaren eragile gisa, tradizio mitologikoari lotutako ausazko arrazoi harrigarriengatik, ezagun denez, buru gainera eroritako sagarrari esker ulertu omen zuen Newtonek erakarpen unibertsalaren legea.

Zibilizazio askorentzat, berriz, sagarra osasunaren eta bizitza luzearen adierazle da. Alejandro Magnok Indian aurkitutako sagar batzuek 400 urte luzatzen omen zuten hango apaizen bizitza. Eta Eskandinabiako mitologian, jainkoen elikagai bakarra zen sagarra, hari esker bizitza pletorikoa ziurtatzen baitzuten ziklo kosmikoa bukatu bitartean. Gaztelaniazko esaera zahar bat ere ildo beretik doa, eta norbait osasuntsua dela esateko sano como una manzana, sagarra bezain osasuntsu, edo más sano que una manzana, sagarra baino osasuntsuago, dagoela esaten da. Euskal sagardoa ematen duen frutari buruzko metaforak iradokitzaileak dira, inondik ere2.

1Chevalier, Jean; Gheerbrant, Alain. Diccionario de los símbolos. Herder argitaletxea. Bartzelona. 1986.

2Aguirre Sorondo, Antxon. Sagardoa. La sidra (desde el árbol hasta el vaso). Mono-Gráficas Michelena bilduma. 1 zk. 141 or. ils. Donostia. 1993.