Zinema eta antzeztokiak

Principal Antzokia. Donostia

Hiriko suntsitzearen ondorengo lehen urteetan, Donostiako udaletxeak antzezpenetarako gune bat sortzea erabaki zuen. 1828. urtean Donostiak harresiko ganga batean antzoki txiki bat zuen, hirurehun pertsonentzako ahalmenekoa eta eszenatoki oso laburrekoa. 1843. urtea hasi zenean, udaletxeak segurtasun gutxikotzat eta urrutiratuegitzat hartu zuen antzoki hura eta baldintza egokiak bete eta geroz eta handiagoa zen populazioaren beharrak aseko zituen eraikuntza berriko eraikin bat altxatzea adostu zuen. Hauetaz gain, hirira iristen ziren turista kantitate geroz eta ugariagoarentzat eraikina izateak ere bultzatu zuen udaletxea eraikin honen gauzatzera.

1843. urteko azaroaren 18an Joaquín Ramón Echeveste udal arkitektoak antzoki berriaren planoak aurkeztu zituen, udalerriaren alde zaharreko orube batean zutenak kokaleku. Orube honetaz gain, ondoko eraikina bere jabe pribatuari erosi behar izan zion udaletxeak. Kokaleku hau kale Nagusian aurkitzen zen, Embeltran kalearekin bat egiten duen lekuan. Gauzatze lanak 1844. urtean hasi ziren eta 1845. urterako amaitu egin ziren. Dena den urte bat beranduagora arte ez zen antzoki berri hau inauguratu.

Antzoki honen dimentsio laburrek eta bertan zabaltze lan garrantzitsuak egiteko ezinak urteen buruan erreforma ugariren objektu izatea egin zuten. Horien guztien artean barne erreforma nagusiena 1883. urteko urtarrilean onartutakoak izan ziren, nahiz eta honen aurreko eta ondorengo erreforma lanak ugariak izan ziren. Hauen buru José de Goicoa arkitekto ospetsua izan zen. Bertan zura manposteriagatik aldatu zen segurtasun handiagoaren bila eta eszenatokiaren sakonera handitu egin zen. Horretaz gain, antzoki batean hain garrantzizkoak ziren apaingarriak berritu zituzten ere. Eraikina eraitsi eta planta berriko bat egiteko aukera ez zegoenez udaletxeak zuen muga ekonomikoaren erruz, erreforma honekin eraikina hein handi batean hobetu eta seguruagoa bilakatu zuten.

Hala ere, hainbeste erreformen ondoren, antzokiaren egoera txarra zela eta, 1930. urtean udalak antzokia eraistea erabaki zuen. Echeveste-k egindako eraikina eraitsita, Juan Rafael Alday-k diseinatutako eraikin eklektikoa sortu zen orube berean, inspirazio klasizista nabarmenekoa. Eraikin hau 1931. urtean eraiki zen.

Echeveste-ren lehen antzokiaren eraikuntzarako, arkitektoak neoklasizismo isabelinoko estilo baten araberako diseinua egin zuen. Oinplano laukizuzeneko eraikina aurkeztu zuen, sarrera ardatzarekiko simetrikoa. Behe solairuan harrerak eserlekuak eta eszenatokiak hartzen dute presentzia handiena. Lehen solairu batean eserleku gehiagorentzako gunea agertzen da. Azkenik atikoko solairua agertzen zen. Bere fatxada bakarra hiru zatitan banatzen zen, modu simetriko batean ere. Erdikoa, garrantzi handienekoa eta zabalenak, hiru hutsarte agertzen zituen, behe oinean laukizuzenak eta lehen solairuan lau zutabeen artean agertzen diren puntu erdiko arkuen moduan. Azkeneko hauek balkoi funtzioa betetzen zutelarik. Alboetako solairu bakoitzeko hutsarte bakarra agertzen zen, denak laukizuzenak zirelarik. Eraikin honen gauzatze lanetarako materialari dagokionez, Echeveste-k Zurriolako hondartzako area izan behar zuela finkatu zuen eta hareharrizko harlandua eraikuntza zaharretatik etorritakoa, egoera hoberenean zegoen materiala eraikinaren fatxada nagusirako gordez.

Gaur egun ezagutzen dugun azken antzokiaren presentzia nabarmena da Donostiako alde zaharreko kaletan barrena. Sarrerako alboetan dauden bi zutabe joniko parek eta hiru hutsarteetara zabaltzen den balkoi kurrituko balaustradek agerian uzten dute eraikuntza publiko batez ari garela. Eraikin eklektikoa da, kutsu klasizista bat duena. Aurretik zegoen antzokiaren dimentsio antzekoekin agertzen da sarrera atea, oinarri batzuen gainean dauden bi zutabe jonikoen artean. Lehen solairuko balkoi jarrai horren erdiko hutsartea hiruki formako frontoi batekin osatzen da, bere janbak apainduta dituelarik. Atikoko solairuko erdigunea apaindua dago hiriaren harrizko armarri batekin. Bere bi alboetara hiru balkoi txiki irekitzen dira, beraien arteko banaketa joniko sabeldunak dituztenak eta alboetan pilastrak aurkezten dituztenak.