Monarkia eta noblezia

Petri Santxez I.a

Huesca inguratzen hasi eta aita, Antso V.a Ramirez, hil ostean, Petri I.a errege izendatu zuten gudu-zelaian bertan eta hala, aitaren ondorengotza hartu zuen Aragoiko eta Iruñeko erreinuetan. Gertatutakoa ikusita, setioa bertan behera utzi ordez, Petri I.ak hiria setiatzen jarraitu zuen. Huesca bi harresirekin gotortutako plaza zen; kanpokoa lurrezkoa zen eta barrukoa harrizkoa. Setioa estutu aurretik, Rodrigo Diaz de Vivar-ekin, "Cid", laguntasun-hitzarmena berritzea nahiago izan zuen eta, horretarako, bisitan joan zitzaion Burrianara (Castello hegoaldeko kostara). Han bere aitak egindako hitzarmena berretsi zuen eta Huescara itzuli zen.

Huescako setioa Montearagonen oinarritik (1089an hartutako tokia) eta "Pueyo de Sancho" muinotik egin zitekeen eta horren aurrean, Zaragozako Mustain erregeak laguntza eskatu zion Gaztelari, Alfontso VI.ak Zaragozako eta Huescako musulmanekin hartutako konpromisoei jarraiki. Gaztelako erregeak tropak bidali zituen Naiarako Garcia Ordoñez kondearen agindupean eta horiek bat egin zuten Zaragozako armada musulmanarekin. 1096. urtearen erdialdera, musulmanak eta Gaztelakoak Huescarantz abiatu ziren. Petri I.a Alcoraz delako eremuan zegoen, hiriaren mendebaldean eta etsaietatik ez oso urrun.

Bi armadek elkarrekin topo egin zuten. Aragoiko eta Iruñeko abangoardiek Alfontso infantea zuten buru eta haien erasoak zalantzan jarri zuen etsaia. Gatazka hartan, Naiarako kondea, Garcia Ordoñez, preso hartu zuten eta batailak nahaste-borrastean jarraitu zuen iluntzera arte. Azkenik, Aragoikoek eta Iruñekoek garaipena lortu zuten Alcorazen, azaroaren 18an, eta horren ostean, Huescako hiria garaileen mende jarri zen. Bi urte eta erdiko setioaren ostean, 1096ko azaroaren 25ean sartu ziren tropa garaileak hirian.

Petri I.a erregeak hartutako lehen neurrietako bat meskita gisa erabiltzen zen katedral zaharra berritzea izan zen. Katedralaren zaharberritzea eta Huescako apezpikutzaren sorrera ekitaldi ospetsuan egin zen; meskita garbitu eta kristau kultua berrezarri zen hauen guztien aurrean: erregea, hainbat jauntxo, Tarragonako Berenguel eta Bordeleko Amato artzapezpikuak eta Iruñeko Pedro, Bartzelonako Folch, Leskarreko Sancho eta Jakako Pedro apezpikuak. Musulmanen eskuetan ia lau mende igaro ondoren, Jesus Nazareno deiturarekin sagaratu zen eta Jakako apezpikuak hartu zuen Huescako aulkia, Jakako egoitza bertara eramanda.