Madrileko Medikuntza Fakultatean bere hirugarren ikasturtean aurkitzen denean, Jorge Oteizak ikasketak bertan behera utzi eta buru belarri arteari ekiteko erabakia hartzen du. 1931. urtea kultura eta politika irakinaldi handi baten garaia da (Errepublikaren ezarpena) Espainia guztian zehar, bereziki Madrilen. 1933an Oteizak artista bezala bere lehen aintzatespena lortzen du, hau da, Gipuzkoar Artista Gazteen Biurtekoan lehen eskultura saria lortzen du.
Oteizak, Narkis Balenciaga eta Nikolas Lekuona bere lagunekin Donostian (1934) bere lehen erakusketa kolektiboa egiten du.
Hurrengo urtean Ameriketara bidaia bat egiten du, Balenciagarekin batera erakusketa eginez. Espainiako guda zibilak (1936-1937) kontinente horretan harrapatzen du, Chileko Herri Frontean sartuz, eta Antzerki Politiko Esperimentala sortuz. Chiletar Herri Frontearen hauteskundeak galduta, Buenos Airesera doa (1941), bertan dela Zeramikarako Nazio Eskolan klaseak emanez.

Oteizak Ameriketan darrai, eta ondorioz abangoardiako planteamendu berri bat aurrera eramatearen aukera bera ere desagertu egiten da, gai hori aurreko hamarkadan Donostian sortutako gaia izanik. Bogotan (1942), gobernu kolonbiarrak zeramikaren irakaskuntza ofizialari buruzko programa antolatzeko bere zerbitzuak kontratatzen ditu. Kolonbian, Ekuadorren eta Perun, besteak beste, Goya, Picasso, amerikar megalitikotasunari buruzko hitzaldiak ematen ditu.