Udalak

Olza

Hirigunea aldapa batean kokatua dago, muino baten maldan, eliza toki altuenean dagoelarik. Kaleek sestra-kurben maila jarraitzen dituzten arren, batzuetan malkartsu xamarrak suertatzen dira.

Herriaren zonalde garaian erdi-aroko dorre bat ikus daiteke, oso errestauratua, batez ere baoei dagokienez. Oinplano karratua du, inguruko lurrari egokitua, eta murruak harlankaitzaz egina daude, harlanduzko kateekin izkinetan eta baoen markoetan. Goialdean, adarbea egongo zen tokitik gertu, mentsulez osatutako bi zerrenda daude gaur egun, bozelatuak eta eraikinaren perimetro osotik, lau isurialdeko teilatuaren azpian. Haranera begira dagoen aldean leiho bikoitz bat dago, oso lakarra, bi arku irregularrez osatua eta ebakidura karratuko erdiko mainelarekin.

Maldan dagoen kale batetan lurraren aldapari egokitutako oinplanoa duen etxe bat dago. Murruak harlankaitzaz egina doaz, eta ateak zurezko dintela du, gainean gaizki kontserbatutako leiho bikoitza dagoelarik. Parean, etxe txiki batek erdi puntuko atea du, eta harrizko karel molduratua duen leiho zuzen bat.

Hirigunearen erdian, eta kokapen nabarmenean, Oltzako garai bateko jauregia dago. Nafarroako Erresumako Armeria Liburuan agertzen ez den arren, leinu garrantzitsuaren egoitza izan zen hasieratik, eta maiz agertzen den nafar jauregi ezagunenaren tipologiaren ezaugarriak jarraitzen ditu mimetikoki.

Angeluetako dorreek oinplano errektangeluarra dute, eta erdiko eraikina baino solairu bat gehiago. Garai bateko adarbetik gertu mentsula bozelatuen gaineko erlaitzak daude, eta gaur egun bi isurialdeko teilatuekin estalita daude. Eskuineko dorrearen bigarren solairuan gela garrantzitsua egon zen, barruko murruetan txertatutako hiru armarri berdinak daudelako, simetrikoki kokatuta eta aurrealdean ikusitako armarriaren arma berdinekin. Apaindura mota hau erabat ezohizkoa da jauregi mota honetan.

Erdiko barlak inguruko lurrari egokitutako forma du, irregular xamarra, eta garai bateko sarrera batzuk ikusten dira, baita pilareen gaineko arku beheratuez osatutako arkuteria bat ere. Jauregiaren aurrean dagoen kalearen atalean Iruñeko alde zaharretik eramandako XVIII. mendeko galtzadarri ederrak ikus daitezke, berrerabiliak.

Herriaren zonalde baxuan XVI. mendeko jauregi dotore bat dago, bertako lur malkartsuari egokitutako oinplano irregularrarekin. Arku zorrotz batekin irekia dago, haria kanabera erdiko moldura batekin doazen hamahiru dobela luzeekin. Gainontzeko baoak zuzenak dira, forjako burdin sareekin. Alboko fatxadan lorategia dago, baita XX. mende hasierako portada historizista bat ere. Arku zorrotza du, gainean leiho handi zuzenak, eta goialdean arkuteria bat.

Pérez Ollo jaunak baseliza batzuk aipatu zituen, baina gaur egun gehienak galdurik daude. San Salbadoreko baseliza 1796. urtean existitzen zen, eta duela urte gutxi batzuk oraindik ikusten ziren perimetro-hormak, baita hormetan atxikitako harrizko banku jarraituak eta harrizko aldarea ere. Kruzitxuriko Gurutze Santuaren baseliza Lekoaten zegoen, eta desagertu a dago gaur egun. San Bizenteren baseliza garai bateko Lekoate izeneko herri abandonatuaren parrokia zen. Herri hau 1104. urtean agertzen da agirietan lehenengo aldiz, eta abandonaturik zegoen 1534rako, 1800. urtean tenplua baseliza bezala oraindik erabiltzen bazen ere. Bota zuten 1864. urtean, tokia hilerri bezala erabiltzeko. Ateko San Bartolome, azkenik, erdi-aroko eraikina da, estilo erromanikoan egina. Antza denez, XX. mendearen lehen erdialdean gangak bota zituzten, bertan eskaleak eta alderraiak sartzen zirelako. Gaur egun erabat hondatua dago, eta Pérez Ollok bere harlandu, kapitel eta dobelak beste tokietan erabiltzeko ebasten zituztela salatu zuen. Oinplano errektangeluarra zuen, harlanduxkaz eginiko hormekin eta erdi puntuko arku bat duen kanpai-horma moderno batekin.

Fabrika bi epealdi ezberdinetan egina dago. Lehengoa 1200. urte ingurukoa da, eta momentu honetan tenplu gotiko goiztiarra eraiki zuten, XVI. mendean sakonki eraldatuko zuten arren. Oinplanoa ohikoa den baino zertxobait konplexuagoa da, lau tarteuneetan banatua dagoen habearte bakar batekin, gehi burualde sakon eta zuzen bat. Lehenengo bi tarteuneak garai bateko erdi-aroko tenpluaren arrastoak dira, eta errespetatu zituzten haien gainean dorrea altxatzen delako. Hurrengo bi tarteuneak eta burualdea, modernoak, nabarmenki zabalagoak dira. Laugarren tarteuneari atxikitako oinplano karratuko bi kapera daude, transeptu antzeko bat sortuz, eta Epistolaren aldeko kapera luzatzen da hurrengo tarteunera, alboko habearte baten antzera, bi eremuak zutabe sendo batekin bereizita doazelarik. Pareko horman koru jasora eta dorrera igotzeko horma-barruko eskaileraren bolumena dago. Sakristia, azkenik, burualdearen hegoaldeko murruari itsatsitako oinplano errektangeluarreko gela da.

Murruak harlandu irregularrez egina doaz, barnealdean luzituak, eta estereotomia hobeagorekin XVI. mendeari dagozkion hormataletan. Barne argiztapena lortzeko erdi puntuko bi leiho daude, transeptuaren iparraldeko besoan eta oinetako murruan. Eremu berean arku beheratu baten gainean doan koru jaso modernoa dago.

Habearteak estalki-sistema anitza du. Lehenengo bi tarteuneek, besteak baino estuagoak, gotiko goiztiarrari dagokion kanoi-ganga dute, profil bereko arku fajoiekin. Elizaren gainontzeko eremuek gurutze-ganga jaso zuten, tertzeletezkoa burualdean eta izarratuak besteak. Sakristia, azkenik, kanoi-ganga batekin doa.

Kanpoaldean, lehen aurreratu dugun moduan, dorrea habeartearen lehen tarteunearen gainean dago. Fuste motz trinkoa du, eta goialdean erdi puntuko bi baorekin doa, kanpaiak kokatzeko, lau isurialdeko teilatu baten azpian. Atea errenazentista da, estilo klasizistan egina. Dintelatua da, eta idulki molduratuen gaineko orden toskanarreko bi zutabeen artean dago. Gainean taulamendu bat doa, San Pedro, San Pablo eta Aita Betikoaren erliebeekin, erdi puntuko arkutxoen barruan, eta goian piramide eta bola eskorialdarrak dituen frontoi triangeluarra dago. Atearen aurrean armarri bat kokatu zuten lurrean.

Presbiterioan San Blasen XVI. mendeko erretaula errenazentista dago, Juan Marsal eskultorearen eta Pedro de Lasao pintorearen lana. Trazari dagokionez, bankua du, hiru kaleko bi atal, eta atiko hirukoitza, aingeruekin eta frontoi triangeluarrarekin. Orden konposatuko zutabe eta pilastrekin antolatua dago, eta sagrario modernoa du. Irudigintzari dagokionez, eskultura dago bankuan eta erdiko kalean, eta oholaren gaineko pinturak gainerakoan. Bankuan, pilastretan Lau Ebanjelariak daude, eta haien artean erliebez eginiko bi eszena, Kristoren aurreko Dolamenak eta Berpizkundea. Zentzu narratiboarekin eta espresibitate onarekin eginiko erliebeak dira, konposizioak infantilak eta trakets xamarrak diren arren. Lehenengo atalean Deikundea, mukulu biribileko San Blas titularra eta Magoen Gurtzaren ohola ikus daitezke. Bigarren atalean Ama Birjinaren Koroatzearen eta Jaiotzaren oholak daude, erdian Jasokundearen irudia dagoen bitartean. Atikoari dagokionez, Kalbarioa dago erdian, eta gainean frontoi triangeluarra dago, bertatik Aita Betikoak bedeinkatzen duelarik. Alboetan Dabid eta Isaias profeten pinturak daude, filakteriekin, eta San Blasen eta beste gotzain baten irudiak. Pinturen kalitatea eskulturena baino hobeagoa da da, eta konposizioetan giza irudiak nagusitzen dira, bigarren mailako gaiak zokoratzen diren bitartean.

Ebanjelioaren aldeko murruan, transeptuaren besoan dagoen kaperan hain zuzen ere, Jesusen Bihotz Guztiz Santuaren erretaula dago, XVII. mendekoa eta barrokoa, duen eskultura modernoa den arren. Gertu, erdi-aroko bataio-pontea dago, elizaren fabrikaren garaikidea. Fuste motz zilindrikoa du, eta katilu esferikoa ere, arkutxoen bi zerrendekin apaindua. Epistolaren aldeko kaperan San Migel Goiaingeruaren erretaula dago, arestian komentatutakoaren simetriko eta berdina. Irudigintzari dagokionez, XVI. mendekoa da. San Migel eta San Estebanen irudiak daude, baita desagertutako San Bartolomeren baselizatik ekarritako santu titularra ere. Gurutziltzatu bat ere ikus daiteke, erromanista berantiarra eta tamaina naturala baino txikiagoa, non Kristo hilik dagoen, ongi irudikatutako anatomia naturalistarekin. Sakristian, azkenik, munta txikiagoko beste irudiren bat dago, baita zilargintza-lan batzuk ere.

  • ASIRON, J.: El palacio señorial gótico en la Navarra rural. Palacios de cabo de armería, torres de linaje, casas fuertes. Argitaratu gabeko dorktoretza-tesia.
  • CARO BAROJA, J.: La casa en Navarra, Pamplona, II. tomoa, N.A.K. 1982, 428-429 orr.
  • GARCÍA GAÍNZA, M.C. (et. alt.): Catálogo Monumental de Navarra, V** tomoa, Merindad de Pamplona, Imoz-Zugarramurdi, Iruñea, Nafarroako Gobernua, Iruñeko Artzapezpikutegia, Nafarroako Unibertsitatea, 1996, 445-449 orr.
  • PÉREZ OLLO, Fernando: Ermitas de Navarra, Iruñea, N.A.K, 1983, 188 orr.
  • LACARRA DUCAY, Mª Carmen (et. alt.): Navarra, guía y mapa, Lizarra, N.A.K. 1983, 218 orr.

JAS 2009