Kontzeptua

Nazionalismoa eta Ilustrazioa

Europan gertatu bezala, Euskal Herrian, han-hemen desberdintasunak ageri dituen, sarritan indarrez altxatzen den eta zenbaitetan eragin zitalenetara mugatzen den modernizazio-prozesu batek eragindako eraldaketen testuinguruan kokatu behar da nazionalismoaren agerpena. Karlistaldi bortitzak eta industrializazioak (hasiera batean Bizkaian lekutu zena) arlo guztietan ekarri zituen aldaketak izan ziren Erregimen Zaharreko ezaugarri nagusiak; testuinguru horretan, erregimenak krisi luzea bizi zuen, eta horri 1876an foruak galtzearen ondorioz sortutako identitate sentimendu sumindu bat eta euskararen atzeraldi geldiezina gaineratu behar zaizkio. Horrenbestez, Sabino Aranak berak esan zuenez, euskal nazionalismoa kontzientzia argi batekin sortu zen: "hau desagertzen ari zaigu".

Bi gizarte-sektorek funtsezko eragina izan zuten bere jatorrian: bat tradizionalismotik eratorria eta gizartean izandako aldaketen eraginez alboratutako hiri-burgesia txikiko elementuen eskutik txertatu zena nagusiki; bestea foruzale zaharrez osatua, askotan landa inguruneko handikien familiekin lotura zutenak eta ekonomikoki nahiz politikoki Bizkaian botere osoaren jabe zen goi-burgesiaren aurka agertzen zirenak. Espainiako Estatuak ez zuen asmatzen modernizazioa barneratzen eta presio uniformatzailea egiten zuen, jauntxoen oligarkien boterea itogarria zen eta "maketoen inbasioak" ontzioletarako eta siderometalurgia-industriarako migrazio mugimendua eragin zuen. Testuinguru horretan, zilegi zen gero eta indar gehiago hartzen ari zen mitologia espainolista bati sendotasunez aurre egingo zion mitologia nazional berri bat eraikitzea. Atze-oihal gisa, baserrietako bizitza sinplearen idealizazio erromantikoa eta Jaungoikoaren eta Lege Zaharraren garai zaharrekiko nostalgia kokatu behar dira ezinbestean.

Europako nazionalismo ezberdinen sorreran ikusi ditugun anbiguotasun, arrakala eta garapenak indar gehiagoz agertzen dira hemen. Alde batetik, aranismoa, hasiera batean, industrien eta kapitalismoaren aurkako gisa azal daiteke, izan ere, modernitatearen ondorio txar eta birrintzaileen aurka izandako erreakzio komunitario bat da nagusiki. Dena den, landa ingurunearen alde agertu arren, hiri-mugimendutzat hartu behar dugu: Aranaren lehen jarraitzaileak gizarte-aldaketen ondorioz alboratutako klase ertaineko bilbotar batzuk izan ziren, berezko utopia tradizionalista eraiki zutenak. Aranismoa soilik industria-burgesiarekin batu eta haien gogo-oinarria baitaratu zuenean indartu zen. Beste alde batetik, Sabino Aranak Erregimen Zaharraren baitako iragan euskaldun itzela aldarrikatu zuen arren, hori ez zen traba berezko Estatu bat aldarrikatzeko, aitzin-buruan modernitate politikoa kokatzen zuelarik. Aldi berean Ilustrazioaren aurkako eta liberalismoaren aurkako muturreko jarrera mantentzea lortu zuen, izan ere, Espainiako modernizazio-prozesu korapilatsua eta foru-askatasunen galera pare-parean kokatzen zituen. Hautu horren ondorioz, Europako tradizio intelektualeko onuren ikuspegia galdu zuen eta arrazismoarekiko edota xenofobiarekiko jarrera mugakideak aldarrikatzeko aukera galdu zuen. Horrez gain, fedegabetasunarekin eta ohitura lizunekin identifikatu zuen liberalismoa. Horrela, integrismo katoliko bat sorrarazi zuen, Espainiako absolutismoko integrismo katolikoarekin aldera daitekeena.

Ikus daitekeenez, kasu honetan, nazionalismoak Herderren eta erromantizismoaren oinordetzako osagai humanista eta ilustratuenak galdu zituen. Sabino Aranak arrazazko eta kulturazko alderdiak berezko osagai aldaezin gisa baitaratu zituen. Horren gain, babes eta batasun espirituala bilatu nahi zuen eta, bide horretan, katolizismo zorrotzena ekarri zuen. Joera hori Europako mugimendu nazionalista gehienetan ikus daiteke, hala, elkarren aurkako norgehiagokan abiatu ziren estatuak oraindik sendotu gabe zirela eta mugak ere artean ongi zehaztu gabe zirela. Ezaugarri erlijiozkoenak nahiz irrazionalistenak eta Iragana jarraitu behar hori nazionalismoaren baitakotzat utzita, nazioartean historia berreskuratu nahian abiatu zen Ilustrazioaren bertsio berrindartu bat agertu zen, Etorkizunarekiko fede indartsua berreskuratu zuena: marxismoa.

Irudi luke Sabino Aranarekin, Herderren gizateria sentimendu sakonetik eta enpatiaren bidez bestea aitortzeko bere apustutik oso urrun gaudela. Dena den, euskararen alde egindako lan sutsu eta nekaezina aitortu egin behar zaio. Hizkuntza isolatua, beste hizkuntza bizi edo hilekin antzekotasunik frogatu ez zaiona, baina, dagoeneko, garai hartan isolatuta zegoena orduan ofizialki aitortuta zirenen mende, hain zuzen, gaztelania Espainian eta frantziarra Frantzian.

Egia da, Sabino Arana Euskal Herriko nazionalismo politikoaren sustatzaile ukaezina dela, izan ere, gizarte euskaldunean totaltasun kutsua zuen alderdi bat sortu zuen (Eusko alderdi Jeltzalea), baina, egia da baita ere, bestelako joera eta bide batzuk ere urratu zirela. Karlismo liberalak, federalistak eta izaera laikoa eta errepublikanoa zuen nazionalismo batek berezko estrategiak eta abaguneak eraikitzeko saiakera egin zuten; dena den, alde batetik, jazarpen politikoak eraginda eta, beste alde batetik, EAJ alderdiak haien tokia hartzeko izan zuen trebetasunaren ondorioz, bertan behera geratu zen saiakera hori. Izen batzuk aipatuko ditugu laburki. Ilustraziotik gertu kokatzen zirenen artean Juan Antonio de Iza Zamacola y Ocerin (1756-1826) idazle eta folklorista aipatu behar dugu, Historia de las naciones bascas de una y otra parte del Pirineo Septentrional y costas del mar Cantábrico (1818) lanaren egilea, lehen kontzientzia-hartze historikotzat har daitekeena. Halaber, Serafín Olave (1831-1884) liberala aipatu behar da, Constitución futura de Navarra o Bases redactadas según el espíritu de los antiguos fueros, acomodados a las formas modernas lanaren egilea, Euskal Herriko konstituzio bat sortzeko oinarri gisa har daitekeena, foru-araubidea eta federalismoa bateratzen zituen konstituzio-proiektu baten barnean. Espero zitekeen moduan, Pavia jeneralak emandako estatu-kolpearen ondotik, proposamen hori bertan behera geratu zen. Azkenik, eta dagoeneko erromantizismoaren oholtzara so, Joseph-Augustin Chaho (1810-1858) aipatu behar da, bidaiaria, kazetari nekaezina, euskararen ikertzaile eta hinduista. "Euskal federazioa" defendatu zuen bakarka eta adorez, dena den, badirudi ez zuela jarraitzailerik izan, bere editorea salbuetsita. Hala ere, Chahori zor zaio Aitorren eletzarra, euskal arrazaren sortzailearen eletzarra.