Kontzeptua

Nazionalismoa eta Ilustrazioa

Zalantzarik gabe, egun Lurraren gainean lekutzen diren estatu gehienak nazio anitzeko estatuak dira. Gizakiaren sormen agortu ezina, hizkuntza ezberdinak, kulturak, erritu eta tradizioak, oraindik bizirik direnak eta gure espeziearen egokitzeko, elkar ulertzeko eta elkar galdetzeko moduen ugaritasuna osatzen dutenak, horiek denak, sakabanaturik ageri dira NBEk subiranotzat aitortzen dituen 200 estatu eskasetan. Industrializazioak astindutako garai batean leialtasun eta kidetasun sentimenduak esnatzeko gaitasuna, gizarteko jardun berrietara etengabe egokitzeko premia eta deserritze sentipen orokorra nazionalismoaren ezaugarriak dira, eta argi dago estatu horiek ezaugarri horiek bereganatu dituztela. Nazioak, ordea, ideia modernoa dira, XVIII. mendean hasi ziren sortzen eta XIX. mendean zehar hartu zuten behin betiko itxura hori. Berez, XX. mendearen hasierara arte Europako herrialde askok ez zuten mugarik ipini immigrazioa arintzeko, orduan ezarri zuten nortasun agiria izateko betebeharra, orduan batu zituzten herritartasun-eskubidearen aldarrikapen sozial eta profesionalak, eta orduan azpimarratu zituzten aurrekari nazionalak gatazkak ebazterakoan.

Hona iritsita, zilegi da galdera bat luzatzea: Estatu-nazio eraketa horrek sortu dituen baino gatazka gehiago konpondu ote ditu? Gogoan izan behar da autodeterminazio-eskubidearen aitorpena gero eta hedatuagoa zela, bereziki Lehen Mundu-gerraren ostean. Horrek, ordea, ondorio paradoxiko bat ekarri zuen, hots, norbanakoei arau nazionalak inposatzeko prozesu hori sendotzea, talde jakin batzuk aipatu eskubidetik at uzten ziren bitartean. Praktikoki, autodeterminazio-eskubidearen bidez, kolektibo kultural eta linguistiko jakin batzuei aitortu zaie estatu izaera; beste kolektibo batzuk, aldiz, gutxiengo gisa geratu dira. Irtenbide arbitrario horren eraginez, estatuek ahalegin itzelak egin dituzte beren lurraldeetan hautemandako anbibalentziak desagerrarazteko. Ahalegin bete horretan mugak aldatzeaz gain, sarraskitze-esparruak ere ahalbidetu dira.

Edozein modutan ere, historiak erakutsi digunez, estatu nazionalak garaipena ukan bazuen modernitate liberal bat era eraginkorrean finkatzeko kontzeptualki metodo egokiena zelako izan zen eta, horren ondorioz, onerako zein txarrerako, ia herri guztietako egunerokotasuna berrantolatu da. Argi dago prozesu hori oraindik osoa izatetik urrun dela, eta alderdi batzuetan doikuntzak eta aldaketak berehala egiten diren bitartean, beste batzuetan egonkortasuna da nagusi. Espero zitekeen moduan, haren arrakastak ez du ekarri Estatu-nazioen paisaia harmoniatsu bat; aitzitik, osatzen zaila den puzzle bat ekarri digu. Azken bi mendeetan legitimazioa nahi duten egitura politiko ugari agertu dira, estatuak; egitura horiek, ordea, azpiratu egiten dira beste botere ideologiko oso eraginkor baten indarrez, hau da, nazionalismoaren indarrez.

Are harrigarriagoa da Europatik haratago Estatuaren eta nazioaren arteko egituraketa sinboliko eta instituzionalak ukan duen garaipena; garaipen hori, argi dago, indartu egin da esku-sartze ekonomiko eta kultural orokorren ondorioz. Hori sionismoen eraketa harrigarrietan nahiz kolonien aurkako borroka ezberdinetan ikus daiteke. Borroka horiek beren izenari nazional atzizkia gaineratu dieten liberazio-mugimenduek gidatzen dituzte. Edozein kasutan ere, globalizazio ekonomikoak, politika eta gizarte-praktiken homogeneotasunak eta nazioarteko boterearen norgehiagokak tentsioa sorrarazten dute estatu barruetan, independentzia, inderdependentzia eta dependentzia artean kitzikatzen den tentsioa.

Modu horretan, arbaso unibertsalak dituen Ilustrazioko amets zaharra egonkorturik geratu da, nazional izan nahi duten estatuen eta parke tematiko eta atsekabe tartean bizi diren herri eta komunitateen artean. Bien bitartean, postmodernitateak dagoeneko erronka luzatu du. Estandar bilakatutako ondasunen kontsumo masiboak, komunikazio-sare berriak, era guztietako migrazio mugimenduak, bizi-estiloen uniformetasunak eta gero eta izaera estereotipatu handiagoa duen turismo-mugimenduak, agian identitate orokor gisa defini daitekeenaren lehen bertsio bat ari dira sorrarazten globo osoan. Haien eredu sinbolikoak egun funtsik gabeko bezain iragankorrak diren arren, ikusteke dago saiakera hori zertan bukatuko den.