Dantza

Nafarroa Behereko Dantzak

Jauziak Nafarroa Behereko merindadean (eta Luzaiden), Lapurdin, Zuberoan eta Bearnen dantzatzen ziren, izatez. Nafarroa Behereko dantzarik ezagunenak dira, ezbairik gabe. Doinu bitarra erabiltzen dute beti; iraupena, aldiz, oso aldakorra da. Zenbait dantza nagusik edo handik hirurehun konpas baino gehiago dituzte, eta segidak izeneko dantza txiki batzuek, aldiz, hamasei. Bestalde, hiru, lau, bost eta hamabi edo hamalau konpaseko esaldiak aurkituko ditugu. Erritmoa bizia izaten da beti, eta zurien balioa 90 eta 100 artekoa. Gainera, azken denboretan are azkarrago aritzen dira. Funtsezko pausoak gutxi dira, beti berdinak, baina konbinazioak izugarri ugariak, eta inoiz ere ez ausazkoak. Konbinazio horietan oinarritzen dira jauzien segidak. Adierazi bezala, era horretako dantzen kopurua oso handia da. Festa guztietan dantzatzen diren arren, ospakizun jakin batzuetan balio berezia hartzen dute: adibidez, Bestaberrin eta Inauterietan. Dantza horietako batzuen izenak, mugimenduak eta doinu motak eta Baztan Haraneko mutil-dantzenak berberak dira.

Pausoen aukerako konbinazioak ezin konta ahalakoak direnez, eta doinuen aniztasuna izugarria handia, oso zaila da dantza eta aldagai guztiak buruz ikastea eta gogoan izatea. Horregatik, aditu batek pausoak banan-banan gogorarazten dizkie dantzariei, ozenki esanez. Oinarrizko pauso bakoitzak bere izena du, nahiz eta eskualde batetik bestera pixka bat aldatu. Horrela, edozein dantzari trebek egin ditzake jauziak, pausoen segida buruz ikasi behar izan gabe. Aztergai ditugun dantzek etnografo eta folklorezaleen interesa piztu ohi dute, hainbat ezaugarri direla eta: iraupena eta konplexutasuna, mugimenduen aberastasuna eta dantzatzeko behar diren indarra eta trebetasuna. Dantzatzeko modua nabarmen aldatzen da eskualdearen arabera, baina pausoak berberak dira beti. Ikuspegi sozialetik, jauziak menderatzen dituen dantzariak bere trebetasuna eta talentua egiaztatzen ditu, eta ospe eta garrantzi handiagoa hartzen du tokian tokiko gizartean.

Jauziei buruzko dokumentu-bildumarik zaharrenak honako hauek dira: Chanoine Pierre Laharragueren Dantza Yauzi osoak bere segidekin, Bordelen argitaratua 1900n, eta Recueil des sauts ou branles Basques notés par P.L. Instituteur", egileak Dassance apaizari eskainia eta 1898an kaleratua. Aipatutako biltzaileek hamabi jauzi nagusiren eta bederatzi jauzi osagarri edo segidaren berri eman zuten. Nagusiak hauexek ziren: Laburrak, Baztandarrak edo Lapurtarrak, Chibandriak, Mutchikoak, Chochuarenak, Antchigorrak, Moneindarrak, Alemanak, Milafrankarrak, Ainhoarrak, Laphurtar-laburrak edo Laphurtar-motxak. Bigarrenak, berriz: Hegi, Ostalertsa, Matelotta, Zertara yiten zara?, Hetcha Pete, Hatcha Pelo, Zalhu Yannes, Phik-et-itzul eta Phik-et-ebats. Azkenik, Mutchikoak, Lapurtarrak, Moneindarrak, Milafrankarrak eta Ainhoarrak omen ziren ederrenak eta zailenak. Ehun urte geroago ere bizirik zirauten guztiek. Dantza askok, noski, jatorrizko herriaren edo omendu nahi zuten herriaren izena dute (Azkain, Kanbo, Millafranka, Ainhoa, Baztan).

Dantzariak ilara bakarrean biribilean kokatu eta dantzatzen hasten dira, besoak beherantz zuzen ezarrita eta bularraldea geldirik, hankak arin-arin mugituz, airean baleude bezala. Biribileko dantzen artean, erloju-orratzen kontrako noranzkoan egiten direnen multzokoak dira jauziak. Oinarrizko noranzkoa aipatutako hori da berez, baina joan-etorrien eta simetrien ondorioz, norabide batean emandako urratsak beste norabidean errepikatzen dira ia beti. Badira, ordea, pausoen segida zuzen burutzen laguntzen duten jarraibide jakin batzuk. Horrela, pauso guztiak zirkuluaren kanpoaldeko hankarekin hasten dira, eta, bukaeran, barrualdeko oinaren gain uzten da gorputza, kanpoaldekoa pixka bat atzera eramanez, hurrengo mugimenduari erraz ekiteko.

Dozena bat eta erdi pauso ikastea aski da jauzia guztiak dantzatzeko. Pausoen segida burutzea izaten da kontua, eta, lehenago adierazi dugun bezala, hurrenkera osorik ezagutzen ez duenari aditu batek laguntzen dio. Baina dantza buruz jakitea eta inoren hitzei erreparatu edo jaramon egin behar izan gabe aritzea askoz ere atseginagoa da, ezbairik gabe. Dantzaririk trebeenek jauzi asko dakizkite buruz, norbere herrikoez gain.

Oro har, pausoaren izenak mugimendua ematen dute aditzera: aintzina (aurrera edo en avant), Erdizka, Sotez (iautzi edo zote Luzaiden), Dobla, Lau hurrats, Pika-Pika ezker, Pika eskuin-, Erdizka eta hiru, Ebats, Luze eta ebats, Kontrapasa, Zeina, Ezker-hiru, Eskuin-hiru, Ezker airean, Ebats eta hiru, Sotez eta hiru (zote eta hiru). XX. mendearen hasieran, Sauveur Harruquetek hemezortzi pausoz osatutako zerrenda egin zuen, eta gaur egun ere horiexek erabiltzen dira funtsean: En avant, Erdizka, Sautez, Dobla, Lau-urhats, Pika, Ezker, Ezkuin, Erdizka eta hiru, Sautez eta hiru, Ebats, Luze eta ebats, Contrapasak, Segna, Ezker-hiru, Ezkuin-hiru, Ezker-airian, Ebats eta hiru.

Pauso bakoitzak musika-pultsu kopuru jakin bat du, eta batzuetan musika-esaldi berean bi pauso-konbinazio edo gehiago egokitzen dira. Horregatik, pauso batzuk hainbat modutan egin daitezke, eta horrelako aldaerak are ugariagoak dira dantzarik hedatuenetan.

Jauziak dantzatzeko moduari dagokionez, estilo-aniztasuna da nagusi. Aspaldiko dantzak izateaz gain, horrenbeste tokitan egiten direnez, eta dantza herrikoiak direnez, dantzatzeko moduak dantzari kopurua bezain ugariak dira. Gorpuzti-jaian, ospakizun-ekintzak bukatu eta gero, herriko plazan berez elkartutako dantzari taldeak jauzi zaharrak dantzatzen ditu biribilean kokatuta, tokian tokiko eran. Aldaerak ezin konta ahalakoak dira. Jauziak bi modutan egin daitezke: pausoka, hau da, oinak beti lur gainean ezarriz eta gorputzaren mugimenduei garrantzi berezia emanez, edo antrexata izeneko saltoak behin eta berriz eginez. Bigarrenak gauzatzeko, indar eta erresistentzia handiagoa behar dira, gorputzak grabitatearen legea hautsi duela eta dantzaria hegalari (bolantia) bihurtu dela baitirudi.

Jauziak egiten ari den dantzaria bere baitan bilduta egoten da erabat, gorputza zuzen eta burua pixka bat makurtuta, eta begirada biribilaren baitan tinko finkatuta. Besoak solte dituela, beherantz ezarrita, oinak bakarrik mugitzen ditu. Pausoak zehatz-mehatz egitea berebiziko gozamena da dantzariarentzat, eta sentipen berbera sorrarazten dio berdintasunezko mailan kokatutako kideen arteko talde harmoniak ere. Jai-giroa puri-purian dagoen arren, dantzariaren jarrera zorrotza, neurritsua eta serioa da beti, biribilean dantzatzeko oinarrizko modu zahar horri leporatu ohi zaion naturaz gaindiko jarrera islatzen baita horrela.

Jende aurreko beste hainbat herri-adierazpidetan gertatu den bezala, jauziak gizonezkoek dantzatu izan dituzte beti. XX. mendeko urte gehientsuetan ere, eskualdeko biztanleentzat pentsaezina zen emakumezkoek jauziak jende aurrean dantzatzea. Are gehiago, emakume batek hala egin balu, bere izen ona betiko zapuztuko zatekeen. Horra zer dioen esaera ezagun batek: Dantzari ona, irule gaiztoa, irule gaiztoa, edale ona. Esanak esan, emakume askok zekiten jauziak dantzatzen, etxe-giroan egiten zituzten arren, baina jakinekoa da haiek irakasten zizkietela jauziak etxeko mutil gazteei.