Dantza

Nafarroa Behereko Dantzak

Kate-dantzan, dantzariak elkarren ondoan kokatzen dira ilaran, eskutik edo erdiko zapiari helduta. Garai batean, Europako herri-tradiziorik hedatuena izan zen. Morfologia-aniztasunaren eraginez, aldagai ugari daude eskualdean: branle, rondó, carole, farandole etab. Agirietan, Pamperruque izeneko farandole mota bati buruzko aipamenak azaltzen dira: Baionan dantzatzen zuten, Iraultzaren aurretik. Tokian tokiko dantzei dagokienez, dantza-luzia, dantza-korda edo dantza-soka izeneko kate-dantzen morfologia eta funtzioak aipatutako guztiekin eta penintsulako gizon-dantzen multzokoekin bat datoz. Erritu-dantzak dira, baina handitasuna eta jai-giroa uztartzen dituzte. Lehen eta azken postuan lehentasunezko edo itzal handiko parte-hartzaileak kokatzen dira, eta beren aginpidearen sinboloa bailitzan, zintaz apaindutako sorta berde bana eramaten dute esku librean, eta fruta bat ere bai: sagarra edo madaria, esate baterako. Gainerako neska-mutil dantzariek soka osatzen dute elkarren artean ezarritako zapiari helduz. Jada XVI. mendean, kate-dantzak hedatuta zeuden Nafarroa Beherean, Pierre de Lancrek sorginen kontra abian jarritako prozesuaren inguruko agirietan jasotzen denez.

Dantza mota horrek berebiziko arrakasta izan zuen goi-klaseen artean ia XVII. mende osoan zehar. Baina urteen poderioz, gainbeheran erori eta hurrengo mendean betiko desagertu zen. Giro herrikoietan gainbehera ez zen izan hain azkarra, baina zenbait funtzio eta elementu bertan behera geratu ziren arian-arian, eta azkenean kate-dantzak igandeetako denbora-pasa bihurtu ziren. Egiaztatuta dago, adibidez, zenbait tokitan branle motako pauso zaharren ordez beste dantza batzuetako mugimenduak hartu zituztela. Edonola ere, dantza luzea ez zuten nahasten jai-giroko edo lagun arteko dantzekin (koadrilakoak, polkak, baltsak...), ospakizun jakin batzuetan bakarrik egiten baitzuten: herriko zaindariaren festan eta ezkontzetan.

Dantza luzea erloju-orratzen kontrako noranzkoan egiten da, sokaren eskuineko muturretik hasita. Duintasunik handieneko bikotea aurreko muturrean kokatzen da, lehen postuan, eta garrantzirik handieneko bigarren bikotea atzeko muturrean, azken postuan (aurreko erregea eta atzeko erregea, hurrenez hurren). Hainbat irizpide hartu ohi dira kontuan: adina, gizarte maila edo tradizioa (betidanik postu horietan dantzatu duten familiak). Azken irizpide da guztietan hedatuena. Muturretako dantzariek aldean eramaten dituzten sinboloak haien nagusitasunaren berri ematen dute. Baina lehenago adierazi dugunez, jatorrizko funtzioa -gizarte mailaren nagusitasuna agerian uzteko nahia- bertan behera geratu zen denboraren poderioz, eta gaur egun dantza mota zahar-zahar horren aldaera modernoa egiten da.