Literatoak

Mokoroa Muxika, Justo

Justo Mari Mokoroa gaztetarik hasi zen euskararen inguruan lanean. Mende hasieran bertan, Zeruko Argia eta Euskal Esnalea aldizkarietan idatzi zuen, baita garaiko egunkariren batean (La Voz de Navarra) ere. Artikuluak "Ibar", "Iparralde" eta "Argizale" ezizenekin sinatu ohi zituen. Txilen zegoela ere euskal literaturako testuen bilduma bat prestatu eta argitaratu zuen Gure baratzeko loreak izenburuarekin.

Itzulpen-lanen bat ere egin zuen; ez zuen askorik itzuli, baina egindakoa ondo egin zuen. Esate baterako, Iturralde y Suit-en Errotazuriko urretxindorra eman zuen argitara 1924an, eta Arturo Campion-en El último tambolinero de Erraondo ere euskaratu zuen, Erraondo?ko azken danbolinteroa izenburuarekin.

Mokoroaren lan ezagunena 1936an argitaratu zen, Genio y lengua [=Izaera eta hizkuntza] izenburuarekin. "Ibar" ezizenarekin sinatu zuen obra, eta Tolosan argitaratu zen. Tamalez, urte hartan bertan Espainiako Gerra Zibila hasteak liburuaren zabalkundea guztiz oztopatu zuen, eta klandestinoki zabaldu zen batik bat. Lan horretan, Mokoroak bi ardatz proposatu zituen euskal nazioa eraikitzeko: hizkuntza eta erlijio kristaua. Tolosarrak Alemaniako Volkgeist-aren teorikoekin egin zuen bat, eta euskal hizkuntza aldarrikatu zuen Euskal Herriaren oinarri eta funts gisa. Bere ustez, hizkuntza zegoen herrien arimaren eta nortasunaren oinarrian, eta Euskal Herriaren oinarrian euskarak egon behar zuen.

Genio y lengua lanean gerra aurreko abertzaleen zenbait ideia eta jokaera kritikatu zituen. Gogoan izan behar da, esate baterako, Sabino Aranak arrazari (eta ez hizkuntzari) eman ziola garrantzia bere ideiak hezurmamitzean. Beste alde batetik, Mokoroak gehiegizko folklorismoa kritikatu zuen: euskara ezin zen sinbolo hutsa izan, eta garrantzitsuagoa zen Euskal Herriaren oinarrian tradizioko dantza, musika, janzkera eta bestelako elementu (ia) folklorikoak baino, euskara egotea, eta euskara erabiltzea, noski. Gainera, idaztean hizkuntza eta eredu elitistak saihestu behar zirela defendatu zuen, hots, herritar arruntek irakurtzeko eta ulertzeko moduan idatzi behar zela. Azken batean, aurretik aipatutako "hizkuntza berdin herriaren oinarria" ekuaziotik ondorioztatutako proposamenak ziren. Tolosarraren ustez, euskara galtzeak Euskal Herriaren galbidea ekarriko luke, eta euskaldunon helburu nagusia euskal hizkuntzari bizirauten laguntzea izan behar luke, hori baita Euskal Herria salbu edukitzeko bide bakarra.

Genio y lengua lanak berebiziko garrantzia izan zuen gerraosteko euskaltzale eta politikari gazteengan, ondo argudiatutako ikuspegi berria zekarrelako Mokoroak. Liburuak izandako harrera aztertzeaz arduratu diren gehienek nabarmendu dute aurrerapausoa izan zela euskal izaeraren definiziorako, eta, besteak beste, 50eko hamarkadan ETA sortu zuten gazteengan ere eragin nabarmena izan zuela.

50eko hamarkadan kaleratu zen, hain zuzen, Mokoroaren De vida o muerte. Operación salvamento [=Hil ala bizi. Salbamendu-operazioa] (1956) lana, non euskara galbidetik ateratzeko jarraibideak eman baitzituen. Egin beharreko nagusi gisa, herriko euskara erabiltzea ageri zen. Bai lan horretako ideiak, bai 1968an Arantzazuko Biltzarrean irakurritako txostenekoak, Lengua vasca de hoy y mañana (1971) [=Egungo eta etorkizuneko euskal hizkuntza] lanean bildu zituen gerora. Ondoren, Diccionario Retana de Autoridades del Euskera hiztegi ezaguneko laguntzaile izan zen.

Justo Mari Mokoroak eginiko lan handiena (3.454 orrialde ditu), bilduma zinez erraldoia (gaitza da tamaina horretako bildumarik aurkitzea euskara ez diren hizkuntza handiagoetan ere), ez zen 90eko hamarkadara arte argitaratu, eta honako izenburu hau dauka: Ortik eta emendik. Repertorio de locuciones de habla popular vasca [=Hortik eta hemendik. Euskal hizkera herrikoiko lokuzio-bilduma]. Euskararen egiazko jatortasuna herritar xumeen hizkeran zegoelako usteari jarraikiz, berrogeita hamar urte baino gehiago igaro zituen Mokoroak euskarazko esaldi, esamolde eta lokuzioak biltzen eta sailkatzen. Egituraketa dela eta, zalantza handiak izan zituen; izan ere, esaldiak ezin dira hiztegi bat egituratzen den moduan, hots, alfabetikoki, egituratu. Azkenik, A. Pinloche-k eta F. Brunot-ek euren lanean baliaturiko irizpidea bere egin zuen Mokoroak: esapideak gaien arabera antolatzea. Gainera, Espainian fraseologia-kontuetan aritutako ikertzaile batzuen laguntza ere izan zuen, hala nola, Casares-ena edo Sabina de la Cruz-ena.

Ortik eta emendik izenburuak ondo baino hobeto azaltzen du nondik edan zuen tolosarrak bere 100.000 esaldi inguruko bilduma erraldoia osatzeko. Elkarrizketetan entzundako adierazpenez gain (1.266 berriemaileren lekukotasunak ageri dira bilduman), era guztietako liburu (400 inguru), liburuxka, aldizkari, egunkari, iragarki eta bestelako idazkiak goitik behera arakatu zituen sistematikoki, eta ahozko euskal literaturako, hots, herri literaturako materialek leku berezia izan zuten bilketa-lan horietan.

Mokoroaren bildumak berebiziko garrantzia dauka, hizkuntzaren ikuspegitik ez ezik, soziologiaren, kulturaren, etnografiaren, historiaren eta beste arlo batzuen ikuspegietatik ere. Izan ere, tolosarrak bildutako milaka esaldiak oinarritzat harturik, garai jakin bateko euskal gizarteari buruzko datu asko eta asko atera daitezke.