Kontzeptua

Minueto - Alkate Soinua

Hala eta guztiz ere, minuetoak oso ugariak dira XIX. mendearen amaiera eta XX. mendearen hasierako danbolinteroen errepertorioetan. Txistulari aldizkariak, Euskal Herriko Txistularien Elkarteko buletinak, horietako hiru argitaratu ditu. Lehena Fernando Ansorena Izagirrerena da (Ansorena Miner 1996), eta 1885eko data jarrita du: errepertorio horretan orokorrean seiehun eta hogeita hamar pieza agertzen dira. Horien artean, hogeita hemeretzi minue ditugu, errepertorio osoaren %6 baino gehiago suposatuz. Kopuruari begira, minuetoak seigarren lekua hartzen du generoen artean, balseen eta habaneren atzean -ugarienak alde handiz-, baita 6/8ko konpasean idatzitako zortziko, kontrapas eta 2/4ko kontradantzen ostean ere. 6/8ko kontradantzen eta joten kopuruak ere oso antzekoak dira. Beste bi koadernoetan (Ansorena Miner 1990; Apezetxea Aguirre 1991), hau baina geroagokoak, berriz, kopurua asko gutxitzen da, orokorrean portzentaia 1,8 bakarrik izanik. Minueto hauek mantentzen dituzte orokorrean XVIII. mendearen erdialdeko ezaugarri teknikoak, baina normalean ez dute hartzen trioa duen eskema klasikoa. Tradizioz heldu zaigun jotzeko erak minueto klasikoaren abiadura moteltzeko eskatzen digu kasu askotan, demagun gutxi gorabehera beltza=76 edo are motelago, batez ere fusak edo kortxeerdien hirukotxo ugariak dituzten adibideetan.

Beste alde batetik, aipamen oso zehatza baina interesgarria da Jose Maria Rodriguez Ibabek (1979:9-10) ikertu zuena. 1859an Donostiako danbolinteroen bandan sartzeko oposaketa oso gogor batzuk egin ziren, eta lehendabiziko ariketa obra batzuk jotzea zen. Obra horiek ez ziren zehaztu, baina bai haien generoak, eta danbolinteroek gehien jotzen zituztenak zirela pentsa dezakegu: lehena minue zen, besteak. zortziko, fandango, kontradantza, karrika dantza, kontrapas. eta ikasita duen doinu zaharraren bat izanik. Urte batzuk geroago, 1884an, Donostiako Lore-Jokuetan, nikelezko eskritontzi batez saritzen zen bi chistu ta bi chirolakiñ jotzeko antolamendurik onena aurkezten duenarentzat, dala Euskal-soñu zarren gañean egina, dala Haydn edo Mozart musika-maisuen obretatik aterea (Euskal Erria, 11 l., 1884, 330-9 orr.)

Antolatzaileen asmoa argia zen, eta horrela adierazi zuten hurrengo urtean, deialdia, irudiz hutsik gelditu arren, errepikatu zutenean: Euskal Herrian euskal musikarekin lotura zuzena (bere erraztasuna eta probintzia hauetako musikarekin antza) zuten musika klasikoa zabaltzea. (Euskal Erria, l. 12, 1885, 344 orr.) Haydnen eta Mozarten ainitz minueto espreski aipatuz. Urte horretan, izan ere, lan bat aurkeztu zen El silbo vasco=Mendelssohn izenaren pean, baina accesita besterik ez zioten eman haien iritziz horrelako doinuak, txistu eta silboteentzat oso egokiak baziren ere, gure herrian nekez izan baitaitezke herrikoi. Dirudienez, alegia, hori ez litzateke gertatuko minuetoarekin, herrikoia baitzen.

Beste alde batetik, Azkuek, bere Kantutegian, zortzi minueto bildu zituen, guztiak, logikoa denez, hitzik gabeko dantzak atalean. Hiru kasutan, bi Berakoak eta Getariakoa hirugarrena (I, 408 eta 422-3) espreski aipatzen da doinua erabiltzen zela udalari elizara joateko laguntzeko. Ez koaderno hauetan ez Azkueren kantutegian, ikusten denez, ez da alkate-soinua etiketa agertzen. Hala eta guztiz, bai ohitura bai gutxienez izen horretako doinu bat oso zabalduta egon behar ziren 1927an, Euskal Herriko Txistularien Elkartea sortu zenean. Bere aldizkariaren lehenbiziko orrialdetan, urte bat geroago karrikaraturik, Primo de Riveraren diktaduraren garaian beraz, Alkate soñua izena erabiltzen zuten txistulariek artikulu batean Euskal Herriko gobernadore zibilen, aldundien eta alkateen aginduaren pean jartzeko haien buruak. Eta ale berean, lehen partituren artean agertzen zen alkate-soñua ezagunenaren bi bertsio, bata bi txisturako eta bestea bi txistu eta derrigorrezko silboterako Eduardo de Gorosarrik sinatuta. Hona hemen, doinu honetako beste bertsio bat:

Tradizioz, minueto hau modu bereziki astiro eta harro batean interpretatzen da, beltza=40 gutxi gorabeherako abiaduran. Txistulari aldizkariaren lehen garaiko partituretan, 1928 eta 1936 artean argitaratua, hamabi minueto agertu ziren (horien artean Azkueren kantutegian argitaratu ziren ia guztiak), fandango, arin-arin, biribilketa, zortziko eta dantza baino gutxiago. Arestian aipaturiko alkate-soñuaz gain, Iztuetaren eta Albenizen koadernorena eta beste bat Durangoko alkate soñua izenarekin agertu zen,. Orokorrean, kopuru polit bat (%9 baino gehiago) suposatzen du. Eta gerra ondoren, 1955ean, aldizkariaren bigarren garaiko lehen alean, Agur jaunak doinu hain enblematikoaren atzean, segidan agertu zen berriro Alkate-soñua ezagunena, Luis Urteagak moldaturik kasu honetan.

Kontrapasekin gertatzen den bezala, Donostiako udal txistularia zen Isidro Ansorenak, txistuaren protokolozko erabileraz oso kontzientea, adibidez bere txisturako metodoaren bigarren ikastaldian (1954: s.p.), hiru minueto sartu zituen, baina Aita Olazaranek (1970), bere metodoan, txistu herrikoiaz kezkatuagoak, ez zuen izena ere aipatu, ezta, jakina, adibideak jarri ere.