Kontzeptua

Minueto - Alkate Soinua

Euskal musika tradizionala aztertzerakoan, eta bereziki txistularien errepertorioan zerbait harrigarri baldin bada, XVIII. mendearen erdialdeko deituriko estilo adeitsuaren ezaugarriak oso maiz aurkitzea izango da: esaldi oso erregularrak aurrekaria eta atzekariarekin, apaindura asko, bukaera femeninoak, eskala eta kromatismo ugariak... ezaugarri hauek bereziki genero batzuetan betetzen dira, hala nola, kontrapasean edo 2/4ko zortzikoetan, baita, oso modu berezian, minuetoan. XVIII. mendeko agian dantzarik inportanteena mantendu egin da Euskal Herrian, moldaturik jakina, gaur egun arte mantendu egin da izenaz eta guzti. Nahiz eta azken ezaugarri hau adibide honetan ez bete, zaila da beste modu batean ulertzea Doneztebeko Edate-dantzaren modu irmoan interpretatzen zen musika hau:

Minuetoa, izan ere, XVII. eta XVIII. mendeko dantza bat da. Nazioarteko arrakasta izanik, beste hitz batzuk ere erabili izan dira izendatzeko, hala nola minue, menuet (frantsesez), minuetto (italieraz) eta menuett (alemanieraz). Bere musika, denbora pasa ahala, estereotipatu zen eta, dantzatik urrunduz, garrantzia berezia hartu zuen sonata klasikoan parte hartuz eta guzti. Euskal Herrian, dena den, beste erabilera bat ere izan du, eta bereziki txistularien esku, protokolozko ekitaldietan. Horrela interpretaturik, eta batzuetan alkate soinua izenaren pean, gaur egun ere erabiltzen da euskal kulturean.

Bere jatorria ez da ongi ezagutzen, baina bere praktika bereziki garrantzitsua izan zen Luis XIV.aren gortean, eta oso ongi deskribatzen da Pierre Rameau-ren Le maître à danser liburuan. Dirudienez, bere izena frantsesezko menu, "txikia" hitzatik dator, dantza horretan egiten ziren pausoak, hain zuzen, oso txikiak eta azkarrak baitziren. Dantza aristokratikoa izanik, gorputzaren kontrola oso garrantzitsua zen, eta irudiz dantzatzerakoan ez zen ahalegindu handirik erakutsi behar. Ildo berean, zailtasun erritmikoak ere bazituen, eta ez bakarrik mugimenduaren bidez lurrean egin behar ziren letrengatik (zeta bat hasiera batean eta gero, Luis XIV.aren omenez, ese bat). Gainera, kontraerritmoak ere oso ugariak izan behar ziren, oinarrizko lau pauso sei pultsaziotan sartu behar baitziren, azken hauek 3/4ko bi konpasetan idatzita.

Zeta bat lurrean marrazteko hamabai konpas beharrezkoak baziren ere, minueto gehienen esaldiak zortzina edo hamaseina konpasekoak ziren, musika eta dantzaren arteko beste sinkronizazio eza batzuk iradokituz, Erdi Arotik dantza aristokratiko gehienetan gertatzen zen bezala. Dirudienez, tentsio hori ez zen konpontzen ehun edo berrehun konpas bete arte (Little s.f.). Ezaugarri hauetako adierazle ezin hobea da Mozarten Don Giovanni opera ospetsuaren eszena bat, non, batera, Don Ottaviok eta Donna Annak 3/4ko konpaseko minuetto aristokratiko bat, Don Giovannik eta Zerlinak 6/8ko konpaseko ertaineko klaseetako kontradantza, eta Leporellok eta Massettok 3/8 konpaseko dantza alemaniar herrikoi bat dantzatzen dute (Allanbrook 1983).

Hala ere, eta garaian beste dantza askorekin gertatu zen bezala, minuetoaren musika dantzatik askatu eta estereotipatu egin zen, musika instrumentalaren suite barrokoetan bere lekua lortuz. XVIII. mendean bereziki bere arrakasta beste dantza guztiena baino handiagoa zen: garai aurreklasikoan batzuetan konposaketarako eredutzat hartu zen, eta sonata klasikoaren eskema zorrotzaren hirugarren mugimenduak hartu zuen bere forma estereotipatua: erritmo hirutarra eta abiadura ez oso azkarra, bi zati nagusiekin: lehena errepikatu ondoren, bigarrena ere, trio izenekoa (dirudienez, hasiera batean hiru instrumentuk besterik ez omen zuten jotzen), errepikatzen zen, eta bukatzeko lehen zatia berriro jotzen zen baina errepikatu gabe orain.

Eskema hau, gaur egun ikastetxe musikal guztietan ikasten dena, maiz agertzen da beraz garaiko hainbeste sonata, sinfonia eta ganbera musika obratan. XIX. mendean, hala ere, galdu egin zen, hasiera batean scherzok ordezkaturik, eta ziur aski arrazoiek zerikusi handia zuten garai horretan hainbeste eskatzen zen bai askatasun musikalarekin (arau zehatz eta itxiak ez segitzearren) bai politikoarekin ere, komentatu dugun minuetoaren asoziazio aristokratikoagatik. Dena den, XX. mendearen hasieran joera neoklasikoaren musikagile batzuek obra batzuk konposatu zituzten minuetoan oinarrituz.