Kontzeptua

Matxinadak

Bizkaiko Gatzaren Matxinada 1631ko irailatik 1634ko maiatza arte iraun zuen. Mende hasieratik zalaparta handia egon zen Bizkaian, 1601ean Milioien zerga ezartzeko saiakerak zenbait higikunde eragin zituenean. Sei urte beranduago 1607ko abenduan Bilboko Erregimentu eta ordezkaritza sistemaren aurkako kexak egon ziren, bertan gertatzen ari zen oligarkizazioaren ondorioz herriak geroz eta zailago baitzuen bere interesak defendatzea. Bestalde, Gaztelako koroak nazioartean zuen izena mantentzearren Olivares Konde-dukearen eskutik zenbait neurri bateratzaile eta berdintzaile jarri zituen abian. "Armetako Batasuna"k Espainiar Inperioaren zama banatzen ahalegindu zen. Ordura arte Inperioaren mantenuan pisu handiena Gaztelak berak izan zuen, beste lurraldeek, euskal probintziek adibidez, salbueztuak geratzen ziren bitartean. Olivares konde-dukearen proiektuak, 1625ean martxan jarri zenak, Koroaren lurralde eta partaide guztiek berdin lagundu zezatela nahi zuen, baina hori zenbait lurraldeen legeen eta foruen aurka zihoan. Bizkaiko Jaurerriak berak, foru sistemari esker, zerga salbuespena zeukan ia XVI. mendetik, beraz Ohiko Zerbitzua, Zerbitzu Berezia eta Milioien Zerbitzua ez zituen ordaintzen, eta bakarrik ustez borondatezkoa zen Foru Oparia ordaintzen zion errege ogasunari. Ezarritako zerga berriek salgaien eta elikagaien salneurriak igoarazi zituzten, espekulazioari atea irekiz: gai asko Gipuzkoara edo Lapurdira ateratzen ziren, hornidura bera arriskuan jarriz. Horri guztiari gehituta, 1630ean erregeak artileen gaineko zergak ordaintzera behartu zuen Jaurerria, ordura arte aske egon arren.

Zerga zama areagotzeagatik herriaren egoneza erradikalizatzen joan zen eta Bizkaiko jaurerriko gobernua bera zalantzan jarri zen. Azkenean 1631ko uztailaren 18an Bizkaiko jaurerriko Batzar Nagusiek soldaduen zerbitzu berri bat, gatza saltzeko debekua eta erregeari egin beharreko oparia agindu zituztenean matxinada piztu zen. Gatzaren inguruko neurriak honen prezioa % 40a igo zuen, arrantzaleak, nekazariak, artisauak eta merkatari txikiak nabarmenki kaltetuz, kontsumitzaile zein ekoizleak bezala. Ez da ahantzi behar gatza ezinbesteko lehengaia zela eta aplikazio anitzak zituela: arraina zein haragia gazitu eta kontserbatzeko, aziendak bazkatzeko, larruak ondu eta egiteko. Halere, mugimendua aprobetxatuta merkatariek beste interes batzuk aldarrikatu zituzten ere: burdinaren eta artilearen salerosketa librea, ohiko aduana tasak kentzea eta azienda librea sartu ahal izatea. Egoneza 1631eko irailaren 24ean larritu egin zen, Gernika inguruko nekazari talde bat bertan ospatzen ari ziren Batzar Nagusietan indarrez sartu zenean. 1632ko urrian Batzar Nagusiak erregearentzat beste Foru Opari bat onartu zuenean eta erregearen ordezkaria, Alonso Enriquez Bizkaiko epaile nagusia, zergak kobratzen saiatu zenean, indarrez ari zela leporatu zitzaion. Gainera 424.314 marai Bizkaia osoan banatuko zirela erabaki zuten eta Korrejidorearen behin-behineko ordezkoak 25 errealeko prezioa jarri zion gatzari, horietako 11 erreal zerga gisa. Hori izan zen Bilboko herri xehea sutan jarri zuena urritik abenduraino. Matxinatuek Domingo de Castañeda, korrejidorearen auzitegiko prokuradorea hil zuten. 1632ko abenduaren 10ean bueltatu zen Bilbora korrejidore titularra, Lope de Morales jauna, eta berehala baretu zen egoera. Halere 1633ko otsailean berriz matxinatu zen Bilbo, Batzar Nagusiak bertan zeudela aprobetxatuz. Oraingo honetan matxinatuen aldarrikapenak haratago joan ziren: foruen defentsa, gatza saltzeko debekua ezabatzea, ordezkarien eta arduradunen izendapenak baliogabetzea, zerga berriak kentzea, Gasteizen eta Elgoibarren tasa berriak ez ordainaraztea, Gaztelara esportatzen zen burdinari zerga berriak ez ezartzea, Ribadaviako ardoaren inportazioa debekatzea eta Fernandez del Campo eta beste batzuk zigortzea, foruen aurka egiteagatik.

Mugimenduaren erradikalizazioak hausturak sortu zituen matxinatuen artean. Merkatariak matxinadatik aldendu eta erakundeen aldera gerturatu ziren. Azkenean 1634ko apirilean erregeak amore eman zuen eta foruak beteko eta gatza saltzeko debekua kenduko zituztela zin egin zuen. Dena den, indarkeria ere erabili zuen eta hartaka apirilaren 20an errege gudarosteak sartu ziren Bilbon, Juan Alonso de Idiakez gipuzkoarra buru zutela, matxinadaren buruzagiak hiltzeko aginduarekin. Azkenean agindu hori bakarrik sei bilbotarretan aplikatu zen, beste guztiak indultua jaso zutela.