Dantza

Luzaideko Dantzak

Luzaideko folklorearen barruan Bolant Eguna da jairik seinalatuena. Inauterietatik Pazko-igandera aldatu zen jaia, partaidetza kontuak medio, eta garai batean Axeri-besta ere esaten zitzaion. Egun horretan, konpartsako kideek zazpietako meza entzuten zuten, eta ondoren Arnegi eta Pekotxeta auzoetara abiatzen ziren, eguerdian Luzaidera itzuli eta dantzaldia eskaintzeko. Arratsaldez beste dantza-erakustaldi bat egiten zuten, Axe ta tupina parodiarekin amaitzen zena.

Gaur egun, Pazko-igandeko bazkalostean, taldeak Muxikoak dantza eskaintzen du Karrikaburu etxean, eta Makillari eta beste dantza pare bat errepidean. Dantzariak kotxea hartu eta Arnegira abiatzen dira, bertan Martxa eta bi jautziak dantzatzeko. Ondoren, Pekotxeta bisitatu eta Luzaideko Santiago plazara itzultzen dira, saio nagusia eskaintzeko. Ordu eta erdi inguru irauten duen saioan hainbat dantza izaten dira ikusgai, hala nola, Bolant-jantza edo Bolant dantza eta Muxikoak, baita Hegi, Ostalerrak eta Marianak izeneko jautziak ere, eta horiekin batera Euskaldunak eta Sorginak koreografiak.



Luzaideko konpartsan Nafarroa Beherekoetan dituzten pertsonaia berberak aurkituko ditugu: Zaldikoak edo zaldunak, segizioaren buruan doazen bi edo lau zaldizko, urrutien dauden baserrietara eskean joaten direnak; Cabalierra eta Cabaliersa, zaldi gainean doazen kapitaina eta bere ematzea; Makilaria, danbor nagusia -batzuetan, bat baino gehiago-, makilari biraka trebeki dantzatzen duena; Zapurrak, ahaztutako armadetako hondeatzaileak; Zigantiak, emakume itxura duten erraldoi soilak; Axe ta tupina ikuskizuneko mutilak -azeriaren eta marmitaren istorioaren parodia da, biolentzia errituala agerian uzten duena-; Banderariak, Luzaideko gazteriaren bandera eta ikurrina daramatzatenak; Gorriak, diru-bilketaz arduratzen diren poltsa-zainak; Basa-anyereak, neskaz jantzitako bi edo lau mutil gazte, aurpegia beloarekin estalita dutenak; Bolantak, segizioko kide hautatuak, talde jendetsua. Jada desagertu diren koblari edo bertsolariaren pertsonaia eta maska bitxiak gogoan ditu jendeak. Eta noski, ez da musikaririk falta: haizezko eta metalezko instrumentu-taldeak, esku-soinuak eta perkusioa. Guztira 50 lagunetik gora biltzen ditu konpartsak. XX. mendeko 70eko hamarkadara arte gizonezkoek bakarrik osatzen zuten taldea. Ordutik aurrera bolantekin batera joaten diren neskatoak hasi ziren parte hartzen, baina hala ere, gizonezkoen dantzek askoz pisu handiagoa dute ikuskizunean. Errege-egunaren ondoren aukeratu ohi zituzten pertsonaiak eta orduan erabakitzen zuten ikuskizunean bakoitzak izango zuen papera.

Taldearen jantziek nekazari-herrietako inauterietako aldagai guztiak hartzen dituzte: animaliak, emakumez jantzitako gizonak, esperpentoak, lanbideak... Jaka gorri galoidunak, praka zuri-zuriak, zaldiketako botak, bradeburgoak, morrioiak, txakoak, larruzko mantalak, ispiluak, txapel gorriak, aizkorak, banda gurutzatuak, egurrezko ezpatak, zetazko gonak, kolorezko zintak eta bitxiz apaindutako urre koloreko alkandorak. Koloreen sinfonia osatzen dute guztiek.