Dantza

Luzaideko Dantzak

Martxak melodia multzoa dira, biribilketak edo 2/4 konpaseko kalejirak, Inauterietako konpartsek Luzaide eta Nafarroa Behereko Merindadea zeharkatuz dantzatzen dituztenak. Etxez etxe eta baserriz baserri eskean joan ohi dira. Kontradantzen bigarren mugimendua dute sorburu. Ez horren aspaldi kanpotik iritsitako melodiak dira. Bakoitzak bi zati ditu, eta errepikatzen diren zortzi konpasek osatzen dute zati bakoitza. Lehen musika-esaldia dantzatu egiten dute, eta bigarrena, berriz, oinez egiten dute, atsedenaldi modura. Erritmo biziz jotzen dituzte melodiok.

Ikuskizuna eskainiko duten tokira sartzean dantzatzen dute luzaidarrek Bolant dantza. Une hori iritsi arte segizioak martxak dantzatzen ditu. Bolant dantza bi ilaratan dantzatzen da. Konpasa ere bitarra da, eta martxarena baino erritmo lasaiagoa du (musikalki txotis-airea). Zuriaren balioa 84 eta 90 bitartekoa da, eta horrek kutsu dotorea ematen dio. Zortzina konpas dituzten bi zatik osatzen dute melodia, eta zati bakoitza nahi adina aldiz errepikatzen dute. Bolant dantzen bildumako melodietako bat herri-kulturara zabaldu da, eta ohikoa da euskal herrietako eta hirietako jaietan aritzen diren orkestrek eskaintzea.

Bolant dantzaren ondoren Antrexatak dantzatzen dituzte. 6/8ko melodiak dira, Bolant dantzak baino erritmo askoz biziagoa dutenak (beltza punttuarekin = 120). Martxaren eta Bolant dantzaren bi ilarak gordez dantzatzen dituzte. Dozena erdi bat melodia ezagutzen ditugu. Ustez, garai batean Bolant dantza bakoitzari Antrexanta bat zegokion. Euskaldunak eta Sorgiñak dira ezagunenak. Faustin Bentaberry dantza-maisuak sortu zituen jauzietatik abiatuta, eta 1929ko Bartzelonako Nazioarteko Erakusketan eskaini zituzten jendaurrean. Miguel Angel Sagasetak Bolant dantzen eta bakoitzari zegokion Antrexataren sei melodia bildu zituen.

Euskal Herriko eskualde kontinentaleko dantza nagusiak dira. Luzaiden jantza-jautziak ere esaten zaie, hau da, dantza-jauziak. XIX. mendearen amaieran, gaurdaino iraun duten jauzien bildumak argitaratu zituzten. Melodiak bitarrak dira, baina iraupen aldetik ez dira berdinak. Luzeenek hirurehun konpas baino gehiago dituzte, eta badira hamasei bakarrik dituzten segidak. Gainera, konpas kopuru ezberdineko esaldiak ere har ditzakete (hiru, lau, bost eta hamabi edo hamalaura artekoak). Erritmo alaia dute, zuriaren 90 eta 100 bitarteko balioak ematen dien abiadurarekin, baina azken denboretan apur bat bizkortu egiten da. Biribilean dantzatzen dira, eta dantzaria serio eta adi egoten da, tente, besoak beherantz dituela, baina ez gorputzari itsatsita. Hankak bakarrik mugitzen ditu, oinak batik bat. Dantzaren oinarrizko norabidea erlojuaren orratzen aurkakoa da, baina pauso asko ematen dira simetrikoki alderantzizko norabidean. Dena den, arau orokor gisa, pauso guztiak kanpoaldeko oina zirkuluaren erdialderantz eramanaz hasten dira, eta amaitu, berriz, oin berarekin, apur bat atzera jarrita eta gorputzaren pisua beste oinean datzala. Modu horretan, kanpoaldeko oina prest dago hurrengo pausoari ekiteko, aipatutako arauari jarraituz. Dantzaren norabidea aldatzeko, hainbat pausoren bidez (erdizka, ezker, eskuin, ebats) itzuli erdiak ematen dira, betiere zirkuluaren barrualderantz.

Dozena eta erdi pauso nahikoa dira jauzi guztiak dantzatzeko. Pausoak bata bestearekin ondo lotzea da gakoa. Baina konbinazio ugari daudenez, zaila da dantza ezagun guztiak eta horien aldagaiak gogoan izatea. Horregatik, aditu batek eman beharreko pausoak ozenki esaten dizkie dantzariei. Oinarrizko pauso bakoitzak bere izena du, zonalde batetik bestera oso gutxi aldatzen dena. Aditu edo esatariaren oharrari esker, dantzariak edozein jauzi dantzatuko du, pausoen segida gogoan hartu behar izan gabe. Ikuspegi sozialetik, jauziak menperatzeak dantzariaren gaitasuna eta trebezia uzten ditu agerian, eta nabarmendu egiten da tokiko gizartean. Luzaiden honako izen hauek dituzte ohiko pausoek: Jo, Jauzi, Zeina, Aintzina , Erdizka, Zote, Dobla, Dobla eta hiru, Lau hurrats, Pika-Pika ezker, Pika eskuin-, Erdizka eta hiru, Ebats, Luze eta ebats, Antrexatak, Kontrapasak, Ezker-hiru, Eskuin-hiru, Ezker airean, Ebats eta hiru, Zote eta hiru, Antrexatak kurri. Ikus, adibidez, Muxikoak ezaguna osatzen duen seriea, Miguel Angel Sagasetak Luzaiden jasotakoaren arabera:

Aintzina (bis)
Erdizka, dobla, erdizka ta hiru (bis)
Erdizka, dobla ta hiru, erdizka (bis)
Erdizka lauetan
Zote, erdizka, dobla, erdizka
Ezker, erdizka
Lau hurrats (bis)
Pika, erdizka, pika, erdizka (bis)
Pika eta ezker, pika, erdizka (bis)
Erdizka, dobla, erdizka ta hiru (bis)
Erdizka lauetan
Zote, erdizka, dobla, erdizka
Erdizka, dobla, erdizka (bis)
Erdizka lauetan
Zote, erdizka, dobla, erdizka
Erdizka lauetan
Zote ta hiru, erdizka, dobla, erdizka (bis)
Erdizka lauetan
Zote, zote, zote ta hiru, erdizka, dobla ta hiru, erdizka, zote
Segida:
Erdizka lauetan
zote, erdizka, dobla, eskuin, ezker, erdizka
zote, erdizka, dobla, eskuin, ezker, antrexatak eta fini.

Luzaiden gehien dantzatutako jauziak honako hauek dira: Muxikoak, seguruenik ezagunena, eskualdeko instrumentu-jole guztien errepertorioan dagoena. Hainbatek, zuzena ez bada ere, muxikoak esaten diete jauziei. Melodiak, izen bereko Baztango mutil-dantzarekin ditu parekotasunak. Lapurtar-motxak, Lakartarrak eta Ahuntxa hiru badira ere, ohituraren poderioz bat egin dute eta dantza bakar modura dantzatzen dira. Pauso guztiak gogoratuz dantza egiteko zailenetakoa da. Eskualde guztian da ezaguna, agian aldagai ugari dituelako. Baina laburrak eta errazagoak direlako, zabalduago daude Hegi, Ostalerrak, Marianak, Katalina eta, batez ere, Zazpi Iautziak. Azken horrek gaur egun milaka jarraitzaile ditu Euskal Herri osoan. Marianak jauziari Aintzina pika ere esaten zaio hori delako dantzaren lehen pausoa. Xibandiarrak luze eta ederrenetakoa da, hainbat pauso eta erritmo baititu. Ahaztuta zegoen, Miguel Angel Sagasetak bere berri jaso zuen arte, Aldats baserriko Juan eta Jose Miguel Luroren eskutik. Badira beste batzuk ere, hala nola, Lapurtarrak edo Baztandarrak, Millafrangarrak, Ainhoarrak, Moneindarrak eta Azkaindarrak. Azken horrek melodia lasaia du, tonu minorrean, eta hainbat bertsio diskoetan daude jasota.