Institutuak

Lea-Artibai Ikastetxea

Lea Artibai Ikastetxea, kooperatiba izaera duen aberasteko asmorik gabeko eskola teknikoa da. Bere zeregina atal ezberdinetara hedatzen da. Ikasketa teknikoak eta unibertsitate mailakoak, profesionalen ezagutzak eguneratu eta lanbide ezberdinetarako langileak prestatzeaz arduratzen da, enpresa berrien garapena bultzatuz.

Lea Artibai Ikastetxeak bere inguruaren agente garatzailea izan nahi du bezeroei kalitatezko prestakuntza eskainiz eta inguruko enpresa sarearekin eta erakundeekin beharrezkoak diren harremanak mantenduz.

Gizarte ekimenezko erakundea da, langileen partaidetzan nahiz hauen eta ingurunearen bizi kalitateaz konprometitua ageri delarik.

Helburuak honako hauek dira: Garatzailea izatea, bezeroak (ikasle, guraso, empresa, erakunde, langabetu eta sustatzaileak), ingurua (eskualde eta inguruko zonaldeak, nahiz beste eremu geografikoak), kalitatezko prestakuntza, inguruko erakunde nahiz empresa sarearekin harremana izatea.

1970eko hamarkadaren hasieran, Lanbide Heziketan Bigarren Mailako ikasketak sustatzeko premiaz Lea-Artibai eskualdeko udalak, Bilboko Gotzaitegia eta Mondragon Kooperatiba Taldea bildu eta lanean hasi ziren. Urte batzuk egin zituzten elkarrizketan eta antolaketa lanean, eta horren ondorioz, Lea-Artibai Kooperatibak bere gain hartu zuen ordura artekoa baino maila handiagoko ikasketak osatu eta banatzeko ardura. Horrela, Uriarte-Esperanza familiak bultzatu eta Bilboko Gotzaitegiak kudeatuta 1950etik 1976ra bitartean, Parrokiko Eskolaren ardurapean egondako eskola ordezkatu zuen, 1976an, Lanbide Heziketako Bigarren Mailako Ikasketak bereganatzean sortutako gastuak erabat kitatu gabe. Gotzaitegiak berak erabaki zuen, eskola Kooperatibaren esku uztea.

Ondoren, Lea-Artibai Irakaskuntzarako Kooperatiba Elkartea osatu zen (1976ko martxoaren 6an) Eskualdeko 595 kidez osatutako elkartea Markinan kokatu zen Patrokua etxean. Hauxe izan zen eskualdearen garapenerako lehen pausoa guztien elkarlanarekin.

Hori zela eta, Lea-Artibai Irakaskuntzarako Kooperatiba garapenerako elkarte gisa sortu zen, industriari erabat lotuta, eskualdeko garapen industrialak eskatzen zuenari erantzunez, eskualdeko giza-emakumeak kulturaz eta lanbide ezberdinetarako gaitasunez jazteko asmoarekin.

Lea-Artibai Irakaskuntzarako Kooperatiba errealitate bihurtu zen, Markinako Lea-Artibai Lanbide Heziketa Ikastetxea eraiki eta Lanbide Heziketako lehen eta bigarren mailako ikasketak eskualde osoarentzat eskeintzen hasi zenean. Eskualdeko Lanbide Heziketa Ikastetxea Markinan eraikitzeko arrazoi nagusiak, batetik Bizkaiko Gotzaitegiak eta Lanbide Aurrezkiak eraikinarentzako lurrak doain utzi zituela eta, bestetik, hogei urte zeramatzala lanean, Markinan, Parrokiaren Lanbide Heziketa Ikastetxeak.