Kontzeptua

Langile-Mugimendua

Frantziar iraultza garaia eta gero, Iparraldeko hiru lurraldeak oso egoera orokor larrian dira. Administratiboki, hiru lurraldeak Biarnorekin batera, Behe Pirineotako departameduan diluituak dira inongo berezko ezagutzarik gabe. Lurraldeari dagozkion erabaki oro, hemendik aurrera, bere eremu geografikotik kanpo hartuko dira bertako beharrei erantzun gabe. XIX. mende hastapenean salneurrien gorakada, izurriteak, uzta txarrak eta exodoaren ondorioz eskulangintzaren urritzeak, nekazaritza krisi sakonean sartzen du. Barnealdeko milaka nekazari Ameriketara emigratu behar dute. Honetaz gain, Iraultzaz geroztik bizitako gerra ezberdinek (Konbentzio gerra, Napoleonen tropen eta gero Wellingtonen tropen iragaiteak besteak beste..) Lapurdi erabat suntsiturik utzi zuten. Nekazaritzaren krisiak XX. mendean ere segituko du.

Burdinbidearen garapenak eta industrializazioak hiriak indartu eta barnealdeko exodoa eragingo du, desoreka bultzatuz kostaldea eta barnealdearen artean. Horretaz gain, turismoaren parioa egina du jadanik frantziar estatuak, Biarritz eta Kanboko gune termalen garapenarekin. Honek gaur egun garatuena den 3. sektorearen indartzea ekarriko du.

Halere, XIX. mendeko bigarren erdialdetik aurrera, Hazparne, Maule, eta Bocaleko industrien agerpenak, eta Baionako portuaren garapen industrialak, aldaketa ekarriko dute Iparraldeko mapa sozioekonomikoan. Hegoaldean ez bezala, non Bizkaiako banka boteretsua zegoen eta langileria askoz garatuagoa, iparraldeko garapen sozioekonomiko industriala guztiz menpekoa zen, erabaki guneak kanpoan kokatzen baitira.

Hazparneko zapatagintza industriagunea 1852 eta 1898 urteen bitartean mekanizazioarekin batera artisautza soil bat izatetik industria izatera pasa zen eta XX mende hastapenean 3000 langile baino gehiago zituen. Baina poliki-poliki indarra galtzen hasi zen eta langileen erresistentzia handia izan bazen ere, Hazparneko zapatagintza industriala desagertu zen mende amaieran. Maulen ere, espartinen industria garatu zen. Bokalen berriz burdinolak izan ziren XIX. mende amaieran aktibitate oparoa izan zutenak. XX. mendean berriz beherakada ezagutuko du eta birmoldaketa saiakerek porrot egingo dute, interesak beste gune batean baitaude nonbait. Izan ere, Frantziak ekialdeko burdinbideen garapena lehenetsi zuen. Baionako portuak aktibitatearen garapena ezagutu zuen XIX. mende amaieran gorakada handiarekin, XX. mendean gune industrial garrantzitsua izaten jarraitu duelarik.

XX. mendean tendentzia ekonomiaren tertziarizazio argi baten aldekoa izango da. 1975an populu aktiboaren % 32 Industrian ari da, %54,5 zerbitzuetan eta % 13,5 Nekazaritzan. 1999an berriz Industrian eta Eraikuntzan %21,4, Nekazaritzan %6,6 eta zerbitzuetan %72,2. Aktibitate ekonomikoaren 3/4ak zerbitzuak dira XX mende amaieran.

Gaur egun (2012), Iparraldean enplegua sortzen duen sektore bakarra 3.a da. Izan ere, ostalaritza, merkataritza, pertsonen zaintza eta osasungintza dira garatu diren zerbitzu nagusiak. Iparraldean turismo politika oso garatua dago, kanpo migrazioa adinekoa da eta bertako biztanleria zahartzen ari da. Honek zaintza eta gizarte lanari lotutako zerbitzu andana garatu ditu. Baina alor horietan dagoen enplegu kalitatea oso kaskarra da, gero eta behin-behinekotasun gehiago dago. Kontratu motak aldian aldikoak, deklaratu gabeko lana, udako sasoiari baldintzatutako lana, horiek dira langileen eguneroko ogia.

Lanaren ezegonkortasunari langabeziaren tasaren gorakada gehitu behar diogu. Langabezia tasa %47 emendatu zen 1982tik 1990era. 2000. Urtean %10ekoa zen. Azken bi urte hauetan %10 inguruan mantentzen da. LAB sindikatuak aurkezten duen irakurketaren arabera egiturazko langabezia emendatu egin da azken urteetan.

Enpresa munduari dagokionez Iparraldean kokaturik dauden enpresen %95ak 10 langile baino gutxiago ditu, datu adierazgarria aktibitate sektoreari begira. Ez dago beraz ekoizpen handiko gunerik. Halere 200 langile baino gehiago biltzen dituzten 10 bat enpresa daude, bereziki Aeronautika, elektrika, telekomunikazioak, seinalegintza eta kirol jantzi eta tresnak, sektoretan ari dira. Hemen ere, enpresa batzuk etsiak izan dira talde handiagoen menpe geratzean, beste eremuetara joan direlako. Ehunka langile kalean geratu dira azken urteetan. Tokiko enpresen jarduera enpresa txikietan kokatzen da. Langile kopuru handiko enpresa gehienak Frantziako eta Nazioarteko talde handiagoen menpe dira. Esportazioei dagokionean; Gaindegiak 2011n egindako informean aipatzen duenez, Iparraldean esportazioak % 8 emendatu dira, bereziki aeronautikan. Baina esportazioen etekinak euskal eremutik kanpo geratzen dira: "Halere esportazio jardueren eragile nagusiak nazioarteko ezarpena duten enpresak eta Frantziako enpresa-taldeak dira, eta, ondorioz beharrezkoa da euskal lurralde horietako enpresak (enpresa ertain eta txikiak, familiako enpresak...) kanpo merkatuen bila hastea, esportazioen jardun eremua lantzeko."2011ko txostena Gaindegia.

Iparraldeko egoera sozioekonomikoa, menpekoa eta prekarioa dela esan dezakegu. Izan ere tokiko beharrei erantzungo dion berezko eremu administratibo baten faltak, jarduera ekonomikoa kanpo faktoreen menpe jartzen du: ekonomia jarduera erabakitzeko guneak Iparraldetik kanpo kokatzen dira, hauek terziarizaioa bultzatzen dutelarik, tokiko ekonomiaren kalterako. Sare ekonomikoa exogenoa da, enpresa jarduera garrantzitsuena kanpotik zuzendua da alegia, Industria desorekatua dago, nekazaritza txikia da eta zerbitzuetan dagoen lan aukera prekarioa. Horretaz gain eta aurrekoarekin loturik, sortzen den langileria barreiatua eta indar harreman sendo bat sortzeko aukerarik gabe geratzen da, ez duelako erabaki guneetara heltzeko aukerarik.

Lehen lehenik aipatu behar dugu, sindikatuetan afiliatua dagoen langilera oso txikia dela. Dominak Daguerreen esanetan %8 ingurutan dago. Lehen aipatu dugun moduan enpresa txikiek %95an osatzen dute. Beraz langileria barreiatua dago eta enpresa handietan dagoenak azken urte hauetan deslokalizazioaren eraginez kanporaketak jasan ditu.

Ipar Euskal Herriko langileria mundua orokorrean desegituratua (sindikalizazio baxua), egoera prekarioan (sektore terziarioaren lan baldintzak kaskarrak lekuko...) eta erasotua (kanporaketak, mehatxuak...) dagoela esatera ausartu gaitezke.

Langile sindikatuen aldetik, Frantzian dauden sindikatu nagusiak aurkitzen ditugu Ipar Euskal lurraldeetan eta berezitasun bakarra azken hamarkadan LAB sindikatu abertzalearen sarrera izan da.

Sindikatu nagusia CGT (Confédération Générale des Travalleurs) sindikatu frantsesa da, 1895ean sortua. Ez dauka zuzendaritza batzorderik Euskal Herrian. Tendentzia Politikoa PCF Partidu Komunista Frantsesetik hurbil da historikoki. Politika sindikala zentralista dauka. 2002ko hauteskunde prud'Hommes-etan Ipar Euskal Herrian %26.3a (bigarren indarra) lortu zuen. 2008an berriz lehen indar izatera pasa zen bozen % 30.92 arekin.

CFDT (Confédération Française Démocratique du Travail) 1919an sortua, tendentzia politiko sozialista historikoki, nahiz jatorria sindikalismo giristinotik ukan. Estatu mailan lehen sindikatua bazkide aldetik, bigarrena hauteskundeetan CGT ondoren. Euskal Herrian zuzendaritza bat kokatua duen frantses sindikatu bakarra da eta interlokuzio jarraikia mantendu izan du euskal sindikatuekin. Hauteskundeetan Euskal Herrian lehen indarra zen 2002an %33,3rekin. 2008an berriz bigarren indarra bozen % 25.94arekin.

FO (Force Ouvrière) Hirugarren sindikatua da estatu mailan. Ezkerreko tendentzia antikomunistak bildu izan ditu besteak beste, nahiz independentzia sindikala aldarrikatzen duen. 2002 eta 2008ko Euskal Herrian %16,8a eta %13.54 lortu zuen urrenez urren.

CFTC (Confederation Française de Travailleurs Chrétiens) 1887an sortua, tendentzia kristianismo soziala, ohiko analisi marxista eta anarko sindikalistetatik at. Estatu mailan ez da %10era heltzen eta Euskal Herrian oso eragin gutxi dauka %5 inguru.

CGC kuadroen sindikata da, luzaz patronatutik hurbil egotea leporatu zaie. Ez dira % 10 era heltzen estatu mailan eta Euskal Herrian 2002an ordezkari bat lortu zuten prud'hommes-etan %6.12arekin eta bat ere bai 2008an % 4.25arekin.

Beste sindikatu txikiagoak ere badaude aurrekoen zatiketetatik sortuak gehienak. Hau da UNSA irakaskuntzan pisua du gehien bat; % 4,5-a inguru ordezkatzen du hauteskundeetan. Bestalde badira ere, SUD PTT, SUD Education, CNT-ren ordezkaritzak baina horien eragina Euskal Herrian oso txikia da.

Iparraldeko berezitasuna Frantziar lurraldearekin konparatuz, Euskal Sindikalismoaren garapena izan da, azken hamarkadan LAB sindikatuarekin irudikatu dena eta 2008an jada Prud'hommes-etan 4 kontseilari lortzen zituena bozen %13.46-a lortuz.

LAB sindikatua, iparraldean 2000. urtean sortu zen baina 70. Hamarkadatik jada hainbat saiakera izan ziren Iparraldeko mugimendu abertzalean. Dominika Daguerre sindikalista abertzaleak azaltzen duenez, hausnarketa taldeak eratu ziren 70. Hamarkadatik aurrera Susta, kultur langileen elkartearen baitan eta EHLE (Euskal Herriko langileen Elkartearen) edo ATXIK kolektiboen baitan geroago. Talde hauek euskal langileen interesak defendatzeko tresnak sortu behar zirela azpimarratzen zuten. Azkenean langile talde batek 90. Hamarkada amaieran LAB sindikatuari bere xedearen berri eman eta Iparraldean LAB sortu nahi zutela luzatu zion. LAB-ek onartu eta 2001eko maiatzaren 1ean sortu zen LAB sindikatu gisa Iparraldean. Harrera positiboa izan du LAB-ek Iparraldeko langileriaren baitan. Izan ere sortu eta bi urte berantago prud'Hommes-etako hauteskundeetan 2000 langilek eman zioten bozka ia %9a lortuz. 2008ko hauteskundeetan gorakada nabarmena ezagutu zuen berriz bozen % 13.46arekin eta 4 ordezkari lortuz. FO-ko ordezkariek onartu beharko dute LAB "aintzat hartua izan behar duela".

LAB sindikatua, Euskal Herria bere osotasunean aintzat hartzen duen Iparraldeko sindikatu bakarra da. Hortaz, instituzio propio baten aldarrikapena bere aldarrikapenetako ardatz nagusia da, euskal esparru sozioekonomikoa, negoziazio kolektiborako euskal esparrua beharrezkotzat jotzen dituelarik langileen eskubideak bermatzeko. Hona LABen helburuak:

  1. Langileen eguneroko borroka zuzenean (lantegian, karrikako ekintzetan,...) oinarritzen den desmartxa sindikal alternatibo bat sustatzea.
  2. Gaineratiko herriekin batera, ontasunen banaketa orekatu batean sustraituz herri bakoitzaren hitza eta erabaki guneak errespetatuz, beste mundu posible baten eraikuntzan aritzea.
  3. Justizia soziala eta elkartasunaren ildoa segituz, bere etorkizuna erabakitzeko gai den Euskal Herriaren alde lan egitea.
  4. Euskal herriaren errealitatea eta beharrak kontutan hartuko dituen esparru sozio ekonomikoaren aldarrikatzea.
  5. >

    Langileria Iparraldean beraz, sindikatu ezberdinetan antolatua dago, baina populazio aktibotik %10 baino gutxiago antolatua da sindikatu batean. Horrez gain, Prud'Hommes-etako bozketan parte hartzea doi doia %30era heltzen da.

  • AMADO-BORTHAYRE, Lontzi. "Impacto de la crisis económica en el País Vasco Norte". Seminario debate Un socialismo para la Euskal Herria del S. XXI, 1ª jornada, 21 de Janvier 2012, IPES, Bilbao.
  • bayonne.cci.fr (Chambre de commerce et d'industrie de Bayonne)[web][Kontsulta data: 26-11-2012].
  • bozkalab.wordpress.com [web][Kontsulta data: 26-11-2012].
  • cfdt.fr [web][Kontsulta data: 26-11-2012].
  • cgt.fr [web][Kontsulta data: 26-11-2012].
  • gaindegia.org. Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia [web][Kontsulta data: 26-11-2012].
  • GOYHENETCHE, Manex. Histoire Générale du Pays Basque, tome 5. Donostia: Elkarlanean S.L., 2002.
  • kazeta.info (egunkari digitala)[web][Kontsulta data: 26-11-2012].
  • LAB Sindikatua [web][Kontsulta data: 26-11-2012].
  • SOLANGE, Mariluz. Ipar Euskal herriako egoera ekonomiko azken hogei urte hauetan, Manu Roblez-Arangiz fundazioa 2006. Gaindegia txostena 2011.
  • VRIGNON, Bixente. Les années oubliées Baiona: Gatuzain, 1999.

Elkarrizketak: Dominka Daguerre, Eñaut Aramendi, Amaia Fontang, Jeronimo Prieto, LAB-eko kideak.

HAA 2012.