Kontzeptua

Kirola

1992ko Kirolaren Europako Gutunean horrela definitzen du kirola Europako Kontseiluak:

"era guztietako jarduera fisikoak, parte hartze antolatuaren bidez edo bestelako parte hartzearen bidez helburu hauek lortu nahi dituztenak: egoera fisiko eta psikikoaren adierazpena edo hobekuntza, gizarte harremanak garatzea, edota maila guztietako lehiaketetan emaitzak lortzea".

Horrenbestez, bere adierazpen ugari eta anitzetan, kirola hedapenerako eta deialdiak antolatzeko gaitasun handia duen gizarte jarduera modura aurkezten da; hezkuntza-sistemaren funtsezko elementu modura, osasuna mantentzeko, gizarteko desorekak zuzentzeko eta elkartasuna sustatzeko lagungarri dena. Ikuspuntu horretatik, gaur egungo gizartean herritarren bizi-kalitatearen baldintzatzaile gisa agertzen zaigu.

Kirola hor izan da beti, gizakiaren historia osoan zehar, zenbaitetan herri batzuen kulturan eraginez, beste batzuetan jarduera debekatu eta jazarritako modura eta gehienetan gizakiaren adierazpen eta sentimenduen isla izanez. Historiako garai eta ziklo bakoitzean ezberdina izan da bere egitekoa; ekintza ludiko eta plazera hutsa izan da zenbaitetan, baina biziraupenerako berebiziko garrantzia duen jarduera ere bihurtu da; aldizka politikagintzan presioa eragiteko eta nazio baten indarraren zein handitasunaren erakustaldia egiteko elementu gisa erabili izan da eta, are, baita kolektibo baten indarkeria bideratzeko erreten modura ere. 1938an Johan Huizingak homo ludens espeziea birsortzen ari zenaz ohartarazi zuen; ildo beretik, gaur egun, homo deportivus espeziea kaleetan barna ugaltzen ari dela esan dezakegu.

Egun horrela ulertzen da kirola:

"Banaka edo taldeka egindako jarduera fisikoa, ezarritako marka bat gainditzeko edo norgehiagoketa publiko batean aurkaria garaitzeko xedea duena, betiere, aurrez ezarritako arau batzuei jarraiki".

Kirola Ingalaterrako gizarte liberalean sortu zen, industria-iraultzaren hastapeneko jarduera agonistiko garaikide modura; hasiera batean izan zituen berezitasun kultural eta gizarteko guztiak gainditu zituen eta, zientziarekin batera, gizarteko estratu guztietan eta komunitate gehienetan onartutako hizkuntza unibertsal eraginkor bilakatu zen. Kirola joan den mendeko ezaugarri bereizgarri eta indartsuenetako bat izan da. Hasiera batean aitzindari gutxi batzuen jarduera eta ikuskizuna besterik ez bazen ere, egun leku orotan ageri zaigu: ikastoletan, hedabideetan, estadioetan, elkarteetan, hizkuntzan, janzkeran, solasaldietan, atxikimenduetan, emozioetan, jokabideetan, herri-paisaian edo bizi-estiloan.

Tradizionalki debekatutako plazera modura ulertu izan den aisialdia, egun, kulturan, irudimenean eta gizaki guztien ametsen barnean gordetako indarrak agertarazteko gai den eutsi ezinezko desira da. Testuinguru horretan, kirola garatu egiten da bere dimentsio bikoitzean; alde batetik, ahalegin fisiko handia eskatzen duen jarduera ludiko oso lehiakor modura, ikuskizunaren munduan eskaintza nagusiena dena, izan ere, ekitaldi bakarrean (Joko Olinpikoak, Munduko Txapelketak) eta hedabideen laguntzarekin, munduko populazioaren bi herenak batzen ditu.

Gaur egun, sarri, termino bera erabilita hizkuntza anitz mintzatu ohi dira. Besteak beste, mintzagai dira ikuskizunezko kirola, herri-kirola, kirol profesionala, osasunera bideratutako kirola, kontsumora bideratutakoa, aisialdiko kirola edota goi-lehiaketazko kirola. Eta kirolaren fenomenoa, askotan, gizartearen azterketa egiteko eta gizaki garaikidea ezagutzeko ikergai zabal, interesgarri eta garbienetakoa da.

Kirola, gaztelaniaz deporte, jatorriz ingelesezko ahotsa da, antzinako frantsesetik eratorria, hau da, desport edo deport, entretenimendua, denbora-pasa edo dibertsioa esanahi zuena ("kirol", "sport", "amusement", "recreation". Denborarekin eboluzionatu egin du eta joko lehiakorraren esanahiari lotu zaio, jarduera fisikoaren bidez gauzatzen dena ("joko").

Dena den, gaur egun, kirola terminoaren atzean esanahi ugari ezkutatzen dira eta oso zaila da hitz horren baitan dauden praktika eta jarduera ugariak batzea. Egun, kirola kontzeptuaren barnean jarduera fisiko eta aisialdiko anitz batu dira, lehiaketari lotutakoekin batera, "kirolaren sistema garaikide" konplexu, sakon eta trinkoa osatzen dutelarik.