Kontzeptua

Kirola

Euskal kirolak arrakasta itzela ukan du XX. mendeko azken hamarkadan eta XXI. mende honetako hastapenean. Euskal gizartea oso gizarte anitza eta zatitua da, baina paradoxikoki, kirol arrakastaren bat iristen denean herritar guztien babesa eta batasuna izaten da.

Jarraian mirespen orokorra eragin duten euskal kiroleko lorpen batzuk aipatuko ditugu. Txirrindularitzan gogoan dugu Atlantako Jokoetan Indurain eta Olano podiumean elkarren ondoan agertu zireneko unea; Joane Somarribak Giroan eta Tourrean lortu zituen garaipenak oroitzen ditugu; Olano eta Aitor Osa 2001eko Giroan podiumean elkarren ondoan igo zirenekoa; edo Euskaltel-Euskadi taldeak Tourrean estreinakoz parte hartu zuenekoa. Futbolean, Deportivo Alaves taldea, finala galdu arren, Alemaniako Dortmund hirian sasoi guztietako Europako futboleko historian barneratu zen letra larriz. Talde apala, hiru urte atzerago bigarren mailan zegoena, eta urte hartan Union of European Football Asociation (U.E.F.A.) txapelketako finalean lilura eragin zuena, egindako jokoagatik, bere izaera lehiakorragatik eta garaipena lortzeko fedeagatik. Aurrean munduko talde entzutetsuenekoa zuen, Liverpool, Europako Kopa lau aldiz irabazi zuena eta Gasteizko taldearen aurrekontua biderkatzen zuena erruz. Lorpen ederrak dira, beste batzuen aldamenean agertzen direnak, adibidez, Portland San Antonio taldeak eskubaloian eskuratu dituenak, TAU taldeak saskibaloian eskuratuak, Miarritzeko Olympique taldeak errugbian eskuratutakoak, Hormadik izotz-hockeyan lortuak, Olazabalek golfean, Berasategik eta Natalie Tauziatek tenisean, Martin Fizek atletismoan edo Oiarzabal, Inurrategi eta beste askok zortzimilako tontorretan lortuak. Halaber, Athetic de Bilbao futbol taldea irudi bihurtu da futbol profesionalaren munduan, harrobiko politika batean oinarritzen den kluba izateagatik. Irudi ona eta kirol arloan duen maila itzela izanik herrialde txiki baina moderno, dinamiko eta garatu baten isla da. Zalantzarik gabe, kirol arloan urratutako arrakastek irudi positibo bat sortu dute, normalean hedabide batzuek, oro har pairatzen dugun indarkeria dela medio, hedatzen duten irudiaren aurkakoa dena. Azken finean, kirola agertoki bikaina da Euskal Herriarentzat.