Kontzeptua

Kirola

Gauza jakina da emakumeek gero eta gehiago parte hartzen dutela espazio publikoetan eta horrek hainbat aldaketa ekarri ditu gizartea, lana, ekonomia, politika, hezkuntza eta aisialdia antolatzeko moduan. Azken urteotan, emakumeek kirolaren jardunean lortutako arrakastak erruz gainditu dituzte gizonezkoek lorturikoak, maila sozial, kultural eta politikoan izan diren aldaketei esker. Horrenbestez, urrun ditugu Joko Olinpikoen hastapen garaiak, orduan emakumeek debekatua baitzuten parte hartzea. Xehetasun gehiago emate aldera, igeriketan emakumeek 1900. urteko Jokoetan parte hartu ahal izan zuten lehen aldiz, 1928. urtera arte itxaron behar izan zuten atletismoan eta gimnasian parte hartzeko, eta 1976 eta 1984. urteetan lortu zuten saskibaloian eta txirrindularitzan parte hartzea, hurrenez hurren.

Olinpiadetako azken edizioetan emakumeen parte hartzeak nekez gainditzen du parte hartze osoaren %30. Eskola-kirolean, neskatoei begiratzen badiegu proportzio bera mantentzen dela ikus dezakegu. Hastapeneko edo errendimenduzko kirolean hasteko kopuruari dagokionez dagoen desoreka horren arrazoiak, historikoak, hezkuntzazkoak eta kulturazkoak dira ziurrenik.

Euskadin jarduera fisiko eta kiroletan emakumeen parte hartzea %55ekoa da eta gizonezkoena %58koa. Osteratxoa ematea da gehien egiten den kirola, eta kirol arautu edo instituzionalak erruz gainditzen ditu maiztasunari dagokionez. Emakumeen artean aisialdia eta kirolarekin lotutako hiru eredu identifikatzen dira: kirolari gaztearena, bere burua zaintzen duen emakume helduarena eta, azkenik, emakume tradizional aktiboarena. Ikasgeletan barneratzen den heziketan egiten den ahaleginak ez du konpontzen neskato eta neska nerabeek sexu arrazoiak direla medio jasaten duten bazterkeria egoera desagerraraztea, hori dela eta, nesken artean mutikoekin alderatuta trebetasun motorrari dagokionez maila apalagoa dutelako ikuskera hedatzen da. Hori da hezkuntzaren esparruan kezka gehien eragiten duen gaietariko bat. Uztearen fenomenoa da beste arazo bat, bereziki lehiaketarekin lotutako jardueretan, eta neska nerabeen artean egonean egoteko izaten den joera. Adin horietan jarduera fisikoa aldizka egiteko joera izaten da. Modu horretan, ez da atxikimenduzko ohiturarik hartzen eta kirolarekin lotutako jarduera fisikoa egiteak dituen onurak ere ez dituzte aprobetxatzen.

Kirol federatua jatorrian gizonei begira sortu zen eta egitura horren eragina gaur egun goi-errendimenduzko jarduera islatzen da. Kirolak ere, bere adierazpen guztietan, rol berrien, adierazteko modu berrien eta emakumeen parte hartze gero eta handiagoaren eragina pairatu du. Kirolaren esparruan kirol-jardueraren batean parte hartzen duten emakumeen portzentajea nabarmen areagotu da, batez ere, tradizioz gizonezkoek egin dituzten kiroletan eta errendimenduzko kiroletan nabaritu delarik igoera hori (futbola, errugbia...); dena den, kirolariei so desoreka oso argia nabari da mundu profesionalean.

Euskal Herriko kirola hartzen badugu, kontuan izanik neurri handi batean indarraren ezaugarri fisikoa eskatzen duten kirolak direla, emakumeen parte hartzea oso eskasa da eta, salbuespenak salbuespen, nagusiki gizonezkoak aritzen dira kirol horietan.

Hala ere, emakumeen ohituretan aldaketa motel baina sendo eta etengabea nabari da. Eta, noski, kirola ezin da normalizaziotik at geratu eta Euskal Herrian osasunarekin lotutako kirola zein kirol garaikidearen modalitate ezberdinetan eliteko kirola (kirol-gimnasia, txirrindularitza, mendizaletasuna, atletismoa, taldeko kirola...) egiten dutenen kopurua areagotuz doa. Bizi-kalitatea hobetu egin da, bizi-estilo osasungarriagoa egiten da eta eliteko kirolariek status sozial berezia eskuratzen dute, horrek guztiorrek aurrez aipatutakoa ahalbidetu dute.

Bestalde, zein izan da historikoki gizonezkoena izan den eremu batean horrenbeste emakumezko sartzearen arrazoia? Igandetako partidara lagunekin joaten zen gizonezkoaren irudia lausotzen ari da. Oraindik gehiengoa bada ere (batez ere futbolean), etengabe indarra galtzean ari da.

Ildo horretatik, jarraian Euskadiko kirol ekitaldi batzuetan emakumezkoen presentziak etengabe gora egin duela erakusten duten zertzelada batzuk ikusiko ditugu. Eskubaloia eta saskibaloia dira sexuen oreka-prozesu horretan nagusi agertzen diren taldeko diziplinak. Esate baterako, Araban, TAU taldeko bazkideen %36 emakumeak dira eta hori errekor bat da ia (TAU Cerámica saskibaloi taldeko hiru bazkidetatik bat emakumea da), eta kirol ikuskizunetako harmailetan gero eta emakume gehiago ikusten dela erakusten du. Horrez gain, Arabako probintzian saskibaloian ageri diren lizentziaren ia erdiak emakumezkoenak dira. Portzentaje horrek eskubaloian behera egiten du, dena den, kirol horretan azaltzen den %30 hori ez da txantxetakoa.

Futbolean, hala ere, oraindik zama historiko hori ageri da. Adibide batera, Bizkaian lizentzia federatuen kopuruak gora egin du nabarmen (1990. urtean 15.000 lizentzia ziren eta 2001ean 29.500), baina San Mameseko harmailetan eserlekuen %90 gizonezkoek betetzen dituzte. San Mamesera maiztasunez joaten diren emakume zuri-gorriak %10 baino ez dira. "Katedralean" gizonezkoen oihua entzuten da oraindik. Gipuzkoari so baikorragoak izan gaitezke, hala, Anoetara joaten diren emakumezko zaletu txuri-urdinak masa sozialaren %20 dira.

Bide asko dago aurretik, hala kirol jarduera orokorretan emakumezkoen parte hartzeari dagokionez nola kirol-sistemako erantzukizunarekin lotutako lan eta maila ezberdinei (zuzendaritza, kudeaketa eta antolaketa) dagokienez. Gainera, ez da ahaztu behar, hedabideek emakumezkoen kirolari eskaintzen dioten arreta ia ezdeusa dela gizonezkoek egindako kirol profesionalari eskaintzen diotenarekin alderatuta.