Dantza

Joko Dantzak

Gure herriaren hedadurarik handiena hartzen duten joko-dantzen aurrean, leku batean soilik aurki ditzakegunak ditugu.

Ildo horretan, eta herri batean soilik dagoen ziklo gisa, Lizartzako (G) Inauterietako bederatzi dantzak eta Berastegiko (G) San Juan dantza ezagunak aipa ditzakegu. Bi kasu horietan, bien errotzea eta bien arteko antzekotasunak kontuan izanda, aintzat hartzeko erreferente bihurtu dira, mugimenduengatik, pausoengatik eta keinuengatik ez ezik (azken horiek nahiko bereziak), baita hainbat erreminta (makilak, brokelak, alabardak, etab.) erabiltzeagatik ere.

Kasu batzuetan, besteak beste, aurrez aipaturikoetan, erreminta koreografiaren osagaitzat erabiltzen den arren, beste batzuetan, horren erabilera bistakoagoa eta nabariagoa da, Hernaniko (G) Maskuri Dantzan gertatzen den bezalaxe. Dantza hori burutzeko era nahiko bitxia da, batetik segizioa atalondoetatik, kalezuloetatik eta saltokietatik sartzen eta irteten delako, eta bestetik, partaideek jendea ezker-eskuin jotzen dutelako irmotasunez puzturiko maskuriez.

Horrela, subjektu pasiboak parte hartu dezan lortu nahi da, gizartean eta komunitatean harremanak sendotzeko helburuz. Hori Pipaongo (A) kasua da. Bertan, abuztuaren 15ean, gaueko 12:00etan, plazaren erdian, su piztu berri baten txingarren inguruan, mutilek kate bat eratzen dute, batak bestearen gerrikoari helduta eta aurrean adineko gizon bat dutela ezpel-arrama luze bat eskuan. Cachupin izeneko dantza horrek bere letra du eta auzokide guztiek koruan abesten dute. Aldi berean, taldeak suge itxura hartzen du, dantzariak haga-kolpeak saihesten saiatzen eta tarteetatik sartzen direla.

Nolabait arriskutsuak izan daitezkeen horiek alde batera utzi eta askoz eramangarriagoa eta antzerkiarekin zerikusi handiago duen beste bati lotuko gatzaizkio. Orain lanbideen simulazioarekin zerikusia duten dantzak aipatuko ditugu: Zuberoako Maskaradetako zorrotzaileak (txorrotxak), zirikatzaileak (kerestuak), galderagileak (kauterak) edo kukulleroak; Lapurdiko herri batzuetako Bizar Dantza eta Zapatain Dantza; edo partikulartasun hori ematen dieten izenak dituztenak, esaterako, Billabuenakoak (A) eta Errioxa ondoko herrietakoak.

Azkenik, gaur egun egiten den joko-dantzarik zailenaren aurrean gaude, izan ere aurretik aipatu ditugun dantzen ezaugarri zenbait biltzen dituzte. Gipuzkoako Andoain eta Aduna herrietan egiten den Azeri Dantzari (edo Axeri Dantzari) buruz ari gatzaizkizue. Horren mugimendu batzuek Lekeitioko (Bizkaia) Bizarrak erretia gogorarazten digute. Azken horretan, zuziak piztu, beste baten bizkar gainean jarri eta ondokoaren bizarrak erretzen saiatzen ziren.

Zalantzarik gabe, osatuenetakoa da bere tipologian, urrats errazen konbinazioak, jolasen aldaerak herri desberdinetan, taldekako edo banakako parte-hartzeak, aldaera melodikoak eta burutze-egiturak kontuan hartuta.