Kontzeptua

Jaiotzak eta ugalkortasuna

Jaiotzak, heriotzekin batera, populazioaren berezko mugimenduaren osagaiak dira. Orokorki, jaiotza eta heriotza-tasa altuetan oinarritutako oreka erlatibotik, antzinako erregemin demografikotik, bizi-tasa baxuetan funtsatutako egoera orekatsura, erregimen demografiko modernora, igaro dira mendebaldeko populazioak. Bilakaera hau transizio demografikoa izendatutako modeloaren bitartez azaldu izan dute, diziplinan erabilia bezain kritikatua izan den modeloa.

Europan XX. mendeko bigarren zatian familia-eraketa eta ugalkortasun portaerak deskribatzeko zenbait demografok bigarren trantsizio demografikoaren modeloa erabiltzen du. Euskal Herrian prozesu hau Europako beste herrialde batzuetan baino beranduago hasi bada ere, abiadura eta intentsitate biziak izan ditu. Horrela, 1975 eta 1995 urte bitartean ugalkortasun indize sintetikoa 2,8 ume emakumeko izatetik 0,9 izatera pasa da; hogei urtetan %65eko murrizketa. Gizonezkoen kasuan zifrak hauexek ditugu: 2,6 ume gizoneko 1975ean eta 0,9 1995ean, pareko bilakaera beraz.

Adinari dagokionez, 1975ean ama izan diren emakumeen batez besteko adina 29 urte da; hogei urte geroago 32. Aitatasunaren batez besteko adina 32 urte izatetik 34 izatera igaro da.

XX. mende bukaeran Euskal Herria low low fertility (oso ugalkortasun baxua) ereduaren ikurra dugu. Ugalkortasunaren bilakaera ulertzeko, jendartean izandako aldaketa soziopolitikoak kontuan hartzea ezinbestekoa dugu, hala nola, frankismoaren bukarea, 80. hamarkadako krisia, bikote eta familia-ereduen eraldaketa edota genero harremanen bilakaera.

Bestalde, XX. mendeko emakumeen portaera belaunaldika aztertuz gero (Luxán, 2005 eta 2006), ugalkortasuna murriztu dela baieztatzen bada ere, emakume hauek imaginarioko irudietan baino ume gutxiago eta helduagotan izan diztutela ondoriozta dezakegu. Era berean, nahiz eta motibazio oso ezberdinak izan, mende hasierako eta bukaerako emakumeen ugalketa-portaerek ezaugarri komunak dituzte.