Kontzeptua

Jaiotzak eta ugalkortasuna

Jaiotzak oinarrizko gertakari demografikoak dira. Jaiotakoen ikuspuntutik, jaiotzak gertakari unibertsalak eta ez berriztagarriak dira, hots, pertsona oro jaio da eta pertsona behin baino ez da jaiotzen. Jaiotzen bilakaeraren azterketak (gazteleraz, natalidad) ez du populazioaren egitura kontutan hartzen, ezta ugalkortasunaren egutegia ere, emaitza orokorregiak eskeiniz.

Jaiotzak gurasoen ikuspuntutik aztertzen ditugunean gertakari ez unibertsalak eta berriztagarriak dira, hau da, pertsonak badu guraso ez bilakatzea eta pertsonak ume bat baino gehiago izan dezake. Pertsonek izandako ume kopuruari ugalkortasuna deitzen diogu eta gehienetan emakumeen ugalkortasuna aztertzen da. Demografikoki, ugalkortasuna -izandako ume kopurua- eta ernaltzeko gaitasuna -umeak izateko ahalmena- ezberdindu beharreko kontzeptuak dira.

Tamalez, euskal hiztegi gehienetan ez da kontzeptu hauen arteko ezberdintasuna jasotzen eta ugalkortasuna eta emankortasuna adierek aipatutako kontzeptu biei egiten diete erreferentzia, bereizketarik egin gabe. Beste hizkuntzetan egiten den erabilpenak ere ez du askorik laguntzen. Jaiotzak, ugalkortasuna eta ernaltzeko gaitasuna izendatzeko, gazteleraz natalidad, fecundidad eta fertilidad hitzak erabiltzen dira eta ingeleraz, aldiz, birthrate, fertility eta fecundability. Honek Amerikan gazteleraz sortutako testuetan zein itzulpenetan nahasketak eragin ohi ditu.

Iturriei dagokienez, jaiotzak Erregistro Zibilean oinarritutako jaiotzen estatistiketan jasotzen dira, eta populazioaren berezko mugimenduaren baitan kokatuta daude, heriotza eta ezkontzekin batera. Ugalkortasunaren inguruko informazioa, jaiotza estatistiketan izateaz gain, zentsu eta inkesta berezietan aurki daiteke.

Euskal Estatistika erankundeak, Eustatek, horrela definitu eta erabiltzen ditu jaiotza, bizirik jaioa eta hilik jaioa:

Jaiotza.- "Legezko kontzeptuak ez bezala (...), termino hau guk bere zentzu biologikoan erabiltzen dugu, hots, haurdunaldiko sorkuntza-produktu bizi edo hil oro amaren gorputzetik erabat iraiztea edo erauztea, betiere 500 gramo baino gehiago edo pisuaren berririk ez badugu, 22 aste baino gehiago baditu."

Bizirik jaioa.- "Amaren gorputzetik erabat iraitzi edo erauzi ondoren arnasa hartzen duen edo bestelako bizi-zeinuren bat azaltzen duen sorkuntza-emaitza da".

Hilik jaio.-: "Hilik jaiotzat jotzen dugu amaren gorputzetik erabat iraitzi edo erauzi aurretik heriotza etorri zaion sorkuntza-emaitza oro".

Jaiotza-lerruna.- "Ume bakoitza jaiotza-lerrunaren arabera sailkatzen da, hots, emakume berarengandik jaiotako ume-multzoaren barnean duen ordenaren arabera. Jaio eta berehala hildako umeak ere zenbatzen dira."