Kontzeptua

Jaiotzak eta ugalkortasuna

Ugalkoratsunaren azterketa demografikoa emakumeen ugalkortasunera mugatu izan da gehienetan. Jaiotza-tasa izan ezik, beste adierazle guztiak emakumeentzat baino ez ohi dira kalkulatzen. Beste gertakari demografikoen azterketan sexua oinarrizko aldagaia izanik, gizonen ugalkortasunarekiko interes faltak ondorio garrantzitsuak ditu demografiarentzat.

Azterketa ezaren oinarrian bi arrazoi demografiko egon zitezkeen. Edo emakume eta gizonen ugaltze-portaeren artean ez dago alderik, edota gizonak ernaltzaile hutsak dira, desio, ardura eta erabakitzeko gaitasunik gabekoak. Lehenengoari dagokionez, beste arlo demografikoetan erabiltzen ditugun adierazleak kontrakoa pentsarazten digute; bigarrena, aldiz, sinesgaitza da. Gauzak horrela, demografikoki emakumeak dira ugaltze-portaeren eta haien ondorioetako arduradun bakarrak eta honek eragin sozial eta politikoak ditu.

Honetaz gain, hutsune hau herri garatuei buruzko azterketetan areagotu egiten da. Herrialde hauetan XX. mendearen azken hamarkadetan familia-eraketan izandako aldaketek gizonen ugaltze-portaeretan, emakumeenetan bezala, eragina izan dutela ondoriozta daiteke, baina hori islatuko duten adierazleak eraikitzeko zailtasun handiak daude. Zentzu honetan, gizonen ugaltze-portaera aztertzea eta garrantzitsutzat jotzea ezinbestekoa jotzen dugu familia-eraketa prozesuak, zehazki, eta bilakaera demografikoa, orokorki, sakonki ikertu eta uler dadin.