Kontzeptua

Inprentaren historia Euskal Herrian

XVIII. mendeaz geroztik oso zaila da inongo inprentaren historia egitea; izan ere, inprenten arloa egonkortu egin zen, eta horrek moldiztegi finko nahiz ibildaunak biderkatzea ekarri zuen. Materialak (papera, tinta, inprentako piezak, etab.) erraz eta hurbilago lortu ahal izateak produkzioa are gehiago merkatu zuen, eta argitalpen-mota berrien sorrerak (egunkariak, kasu) inprenta negozio gisa egonkortzea ekarri zuen. Hain zuzen, horri esker zenbait inprenta-etxe historiko sortu ziren.

XIX. mendeko Bilboko inprenta nagusiak aurreko mendearen amaieran Larumbek eta Egusquizak jarritakoa eta Nicolás Dal Mazzo (edo Delmas) eta haren seme Juan Bautista Ernestok (1820an jaioa) jarritakoak izan ziren. Azken horiek italiarrak ziren jatorriz, eta Bilbon 1816an jarri zuen Nicolasek inprenta Espainian barrena liburuak saltzen ibili ostean. Juan Bautista semeak bizitza gorabeheratsua eduki zuen, eta hainbat egunkaritan idatzi ez ezik, batzuk inprimatu ere egin zituen.

Baiona aldean Víctor Hugo kalean ezarri zuen 1803an Bernard Lamaignére-k moldiztegia, eta Lamaignére hil ostean alargunak jarraitu zituen inprentako beharrak. XIX. mendean hainbat lan garrantzitsu inprimatu ziren bertan, besteak beste, sasoi hartako zenbait ikertzaile handiren lanak kaleratu zituzten bertan, hala nola, Morel, Inchauspe edo Bonaparte printzeak ordaindutako lan batzuk, bai eta Baionako zientzia eta arteari buruzko elkartearen buletina (Bulletin de la Societé des Sciences et Arts de Bayonne) ere mende erdialdetik XX. mendearen hasierara arte.

XIX. mendeko inprentaz hitz egiterakoan, baina, Gipuzkoako moldiztegi-etxe historikoez hitz egin behar da, bertan ezarri zirelako, Donostia eta Tolosan zehazki, sasoiko Euskal Herriko inprenta (orduan nahiz gerora) ezagunenak.

Artean beste inprenta txikiagoak zeudela (Azkoitia, Eibar, Hernani, Oñati, Bergara edo Donostian bertan), Ignacio Ramón Baroja oiartzuarrak Casa Baroja inprenta eta liburu-denda sortu zuen 1812an Gipuzkoako hiriburuan, baina, hirian gertaturiko sute baten ondorioz, sorterrira itzuli behar izan zen. Berreraiketa-lanak egin ostean, Gipuzkoako hiriburura bueltatu zen, eta orduko San Telmo kalean denbora laburra egin ostean, egungo Konstituzio plazan ezarri zuen moldiztegia atzera ere. Ordutik aurrera, arrakasta besterik ez zuen izan barojatarren inprentak: Donostiako alkate Evaristo de Echagüe-k hiriko inprenta izendatu zuen, eta haren inguruan kultur mugimendu oso bat sortu zen pixkanaka-pixkanaka. Liburuez gain, sasoiko euskal aldizkari garrantzitsuak ere argitaratu zituzten, Euskalerria, kasurako.

Ignacio Ramón Baroja hil zenean familiak eutsi zion moldiztegiari, Antonio Barojak, lehenengo, eta hura laster hil zenez gero, Josefa Barojak, ondoren. Esan bezala, inprenta ez ezik, kultur gune ere bihurtu zen barojatarren etxea: garaiko hainbat kultur gizon biltzen ziren bertan, eta kanpotik etorritako ikertzaile batek baino gehiagok bisitatu nahi izan zuen lekua. Obra handiez gain (M. Thiers-en Frantziako iraultzari buruzko lana 12 liburukitan, kasu), egunkari eta aldizkariak (El liberal Guipuzcoano, Revista de legislación extranjera), liburuxkak, eskuliburuak eta propaganda-lanak ere inprimatu zituzten, baita euskal klasiko zenbait ere (Iztueta, Iturriaga, Lardizabal, etab.). Inprenta garrantzitsua izan zen kopuru, aniztasun nahiz kalitatea dela eta: asko, ongi eta gai askori buruzko (erlijioa, hizkuntza, historia, nekazaritza, zientzia orokorra...) lanak kaleratu zituzten.

Donostian bertan Pío Zuazuak ere moldiztegia jarri zuen XIX. mendearen amaieran. Zuazuak garaiko zenbait egunkaritan idatzi zuen, baita baten bat zuzendu ere. Inprenta-lanei dagokienez, aipagarria da, besteak beste, 1850ko hamarkadan Larramendiren gramatikaren eta hiztegi mardularen bigarren argitalpenak egin zituela (biak 1853an).

Donostiarekin batera, arestian esan bezala, Tolosa izan zen XIX. mendeko inprenta-gune garrantzitsua. Francisco de Lamak moldiztegia jarri zuen bertan 1780ko hamarkadaren hasieran, eta hainbat euskal liburu garrantzitsu (ber)inprimatu zituen berrogeita hamar bat urtez. Besteak beste, garai hartako Bizkaia eta Gipuzkoako euskal egile ezagunenen lanak inprimatu ziren bertan: Kardaberaz (hainbat lan), Ubillos (1785), Olaetxearen dotrinaren laugarren edizioa (1787), Añibarro (1803), Mogel (1803), Juan Bautista Agirre (1803, 1850), Astigarraga (1835), eta abar. Lama hil zenean haren alargunak jarraitu zituen inprenta-lanak 1860ko hamarkadara arte.

1830eko hamarkadan, baina, Tolosako inprenta-lanari hertsiki lotutako beste gizon batek jarri zuen moldiztegia: Juan Ignacio Mendizabalek. Bizi zelarik bi liburu baino ez zituen argitaratu (Basterretxea eta Kardaberazenak), baina haren alargunak ere moldiztegiari eutsi zion hainbat urtez. Kardaberaz (hainbat lan), Añibarro (1853), Gerriko (1858), Astigarraga (hainbat lan), Juan Bautista Agirre (hainbat lan) nahiz Lizana-ren (1871) lanak inprimatu zituen. Mendizabaldarren inprentak, dena dela, askoz ere ibilbide luzeagoa izan zuen: 1875ean Mendizabalen alaba-oinordekoak Amorezco eta dolorezco Jesu-Christoren pausoac obra inprimatu zuen, eta handik bi urtera haren senar Eusebio López lodosarrak hartu zuen moldiztegiko lanen ardura. Azken hori 1920ko hamarkadaren amaierara arte aritu zen inprenta-lanetan. Dozenaka liburu inprimatu zituen, tartean Kardaberaz, Irazusta, Arrue, Mendiburu, Jose Ignazio Arana, Eusebio Azkue, Iturriaga, Juan Antonio eta Juan Jose Mogel, Soroa, Lardizabal, Novia de Salcedo, Iztueta eta Ixaka López-Mendizabalenak. Eusebio Lópezen Ixaka López Mendizabal semeak ere inprenta-lanekin arduratu zen jada XX. mendean, kultur eragile (gogoangarriak dira, esaterako, haur nahiz nagusiek euskara ikasteko prestaturiko lanak) eta politika-eragile legez ezagunagoa izan arren.

Amaitu aurretik, aipatzekoa da mendearen bigarren erdialdean Bonaparte printzeak hainbat eta hainbat lan argitaratu zituela Euskal Herritik kanpo, besteak beste, Billing, Barclay, Strangeways and Walden edo Standford inprenta-etxeetan.