Kontzeptua

Ikastola eredua

2006-07 eta 2007-08 ikasturteetan zehar eginiko gogoeta, proposamen, eztabaida, zuzenketa eta balorazioen ostean, 2009ko urtarrilaren 24an, Ikastolen VI Batzarrak "Ikastolak, orain eta gero" izenburu zuen txosten trinkoa onetsi zuen.

Txosten horrek lau atal zituen, elkarri modu estuan lotuak:

  • Ikastola 2020
  • Ikastolen oinarrizko curriculum komuna
  • Antolaketa kolektiboa
  • II. Plan Integrala.

Lau ataletan lehenak, Ikastola 2020 deituak, Ikastola eredua xehatzen zuen, 2020 urteko eszenatokiari begira. Bertan, gaurdaino garatua izan den Ikastola ereduaren osagai nagusiak sartzen ziren, eredu hori hobetzeko edota osatzeko beste osagai batzuekin batera.

Proposamen onetsiak, beraz, eginkizun izaera du, 2020 urterako burutzekoa, eta ikastola bakoitzak bere eguneroko jardunean betetzeko konpromisoa hartu du, ikastolen kolektiboak konpromisoa hartu duen bezalaxe: bai Ikastolen oinarriko curriculum komun onetsian, bai antolaketa kolektibo onetsian, baita plan estrategiko kolektibo onetsian ere (II. Plan Integrala).

Elementu hauek guztiak kontuan izanez, bada, eta Ikastolen VI. Batzarrak onartu dituen osagai nagusietatik abiatuz, Ikastola ereduak ondoko ezaugarriok izango lituzke:

Ikastola ereduaren esanahi kontzeptuala egin dugunean, hiru elementu, besteak beste, agertzen dira:

  • Ikastola, banakoa
  • Ikastolen elkartea, kolektiboa
  • Ikastola hezkuntza-proiektua

Lehen bi elementuak subjektuak dira, eta hirugarren elementua subjektu horien eginkizuna da.

Komeni da, beraz, ezertan hasi baino lehenago, Ikastola ereduarekin egin dugun bezala, beste hiru kontzeptu horien esanahia finkatzea:

Ikastola
Nortasun juridikoa duen hezkuntza-erakunde euskaldun bat da, ikasleen, hauen gurasoen eta profesionalen lankidetza bidez bere hezkuntza-proiektua kudeatzen duena, ingurune hurbilarekin elkar eraginean ari dena, ikastolen erakunde kolektiboan Ikastola eredua sustatzen duena, hezkuntza eta eskola euskaldunak garatzeko.

Ikastolen Elkartea
Ikastolek osatzen duten erakunde kolektiboa da, Ikastola hezkuntza-proiektu komuna garatzeko, ikastola bakoitzari honen hezkuntza-proiektua garatzen laguntzeko, ikastolen kolektiboa ordezkatzeko, eta hezkuntza euskalduna ikastolen eremutik at sustatzeko.

Hezkuntza-proiektua kontzeptuaren balizko esanahi guztietarik, ikastolen mailan, ondokoa ados dezagun:

Hezkuntza-proiektua: Erakunde batek hezkuntza-egoera bati buruz egiten dituen gogoeta, markatze teoriko eta erantzunen multzo koordinatua eta erlazionatua da.

  • Hezkuntza-egoera bat du abiaburu (egoeraren azterketa: Non gaude?)
  • Hezkuntza-subjektua autodefinitzen du (nortasun ezaugarriak eta printzipioak: Nor gara?)
  • Hezkuntza-xedeak finkatzen ditu (helburu instituzionalak: Zer nahi dugu?)
  • Egiteko moldea ezartzen du (baliabide egitura eta eraketa: Nola egingo dugu?)

Kontuan izanez, ondorioz, ikastola eta Ikastolen Elkartea subjektuak direla, banakoa eta kolektiboa, eta beren jarduna hezkuntza-proiektua kudeatzea dela, bi hezkuntza-proiektu bereizi behar dira: berariazkoa eta komuna.

Ikastolen hezkuntza-proiektu komuna: Ikastolen Elkartean biltzen diren ikastolek, Euskal Herrian egungo eta etorkizuneko euskaldun hezkuntza garatzeko, adostu dituzten gogoeta, markatze teoriko eta erantzunen multzo koordinatua eta erlazionatua da.

Ikastolaren hezkuntza-proiektu berariazkoa: Tokian tokiko ikastolak, bere ingurunean egungo eta etorkizuneko euskaldun hezkuntza garatzeko, ikastolen hezkuntza-proiektu komunarekin batera, adostu dituen gogoeta, markatze teoriko eta erantzunen multzo koordinatua eta erlazionatua da.

A
Ikastola bakoitza, bere berariazko nortasun juridikoa duen eskola-erakundea da, euskal gizarteak hezkuntzarengan jarriak dituen ideien eta itxaropenen adierazpenetako bat, gizarte-titularitatea duena, irabazi-asmorik gabekoa eta ekimen herritarraren fruitu dena.

B
bakoitza, ikasleek, gurasoek, langileek eta laguntzaileek osatutako hezkuntza-komunitatea da eta bere bizkarrezur den ardatza, bere berariazko Hezkuntza-Proiektu euskalduna da.

C
bakoitza elkarlan bidez kudeatutako antolakuntza da, bere joko-arauak ditu eta Hezkuntza-Proiektuarekin konprometituta dauden langileek bultzatua da.

D
bakoitza, berak jarduten duen gizarte-, kultura- eta ekonomia-ingurunean kokatu eta txertatutako erakundea da eta elkarreragineko egintzen bidez ingurune hori eraginez, ikastola/herri/auzo/hiri arteko harremana aberasten du, aldi berean ikastola herri/auzo/hiri horretako partaide bihurtuz eta alderantziz, herri/auzo/hiri hori ikastolako partaide eginez.

E
bakoitza, ikastolen kolektiboarekiko edo taldearekiko elkartasuna duen unitatea da eta Euskal Herriko ikastolen sarea garatzeko eta bertako partaide eraginkor izateko konprometitua da.

F
bakoitzak bere berariazko Hezkuntza-Proiektua du eta alde batetik ikastolen kolektibo osoaren elementu komunak ditu bare baitan eta, aldi berean, baita ikastola bakoitzak bere ezaugarriengatik, bere gizarte- eta kultura-ingurunearengatik edota bere testuinguru olitiko-administratiboarengatik dituen elementu espezifikoak ere. Hezkuntza-Proiektu hori hezkuntza-komunitateak onetsi eta eguneratua da, ikasleek, beren familiek eta langileek, onartuak dituzten gobernu- eta funtzionamendu-organoen bitartez, partaidetza eragilearekin bere garapenean parte hartuz.

G
bakoitzeko irakaslegoak, bere jarduna garatzen duen hezkuntza-maila eta ikas-arloa edozein izanik ere, hezkuntza konpetentzia orokorrak bere irakasle-eginkizunetan txetatzen ditu oinarrizko konpetentziak erdiesteko asmoz.

H
Hezkuntza konpetentzia orokorrak lortzeko ardura, irakasleen, gurasoen eta ikasleen (hezkuntza-komunitatearen) arteko elkarlan partekatuarena da.

A
Ikastolek hezkuntza-sarea eratua dute, ikastolen titularren antolakuntza alegia, beren proiektu komuna garatzeko, ikastola bakoitzari bere berariazko proiektua garatzen laguntzeko, ikastolak talde edo kolektibo gisa ordezkatzeko eta hezkuntza euskalduna ikastolen esparrutik harago eragiteko.

B
Ikastolen taldeak edo kolektiboak Euskal Herriarekin, Euskararen Herrialdearekin, identifikatzen du bere jarduera-esparrua eta hizkuntza-komunitate orok bere kultura-ondarea muga administratiboetatik harago transmititu ahal izateko irakaskuntza antolatzeko duen eskubidearen arabera jarduten du.

C
Ikastolen taldea edo kolektiboa, lankidetzaren bidez kudeatutako antolakuntza da eta bere berariazko joko-arauak ditu, ikastola bakoitzeko hezkuntza-komunitateak bultzatutako elkarketa eta ekimen bidezko kultura baten fruitu dena, hezkuntza-proiektu komunarekin konprometituta dauden kolektiboko profesionalek bermatu eta bultzatua.

D
Ikastolen kolektiboa, duen izaera herritarra dela bide, subjektu eraginkor eta lankide da Euskal Herriaren garapenean eta bere berariazko hezkuntza-sistemarenean, Euskararen garapenean eta bere kulturarenean, beste gizarte-, hezkuntza- eta kultura-eragile batzuekin batera dihardu eta bere lehentasunezko egitarauak, Euskal Curriculumaren definizioa eta aplikazioa, Euskal Eskola eta Euskal Unibertsitatea dira. Horretarako, euskal hezkuntza-sistemaren kontzeptu berri bat garatzen ari da, gaur egungo administrazio-zatiketetatik eta botere publikoen mendekotasunezko eredu publikoetatik harago doana eta gaurko estatuen eredu publiko administraziozaleekiko aukera berri bat eskaintzen duena.

E
Ikastolen taldeak edo kolektiboak, oinarrizko curriculum komuna partekatzen du eta, curriculum horrek, bere hezkuntza-ereduari eta euskal curriculum espezifikoari dagozkion edukiak islatzen dituzten adostutako lerro nagusiak ditu bere baitan.

F
Ikastolen hezkuntza-sareak, bere berariazko zerbitzu kolektiboen multzoa du.

F.1
Ikastolen arteko komunikazio estu eta sendoarekin antolatuta dago sarea eta horrek ematen ditu ezagutzera testuinguru zehatz bakoitzean sortzen diren beharrizanak eta eskatutako eta eskainitako zerbitzu kolektibo gisa identifikatu, planifikatu, garatu eta inplementatzen direnak, gero beren emaitzen berri emanez.

F.2
Zerbitzu horiek ikastolek onetsi eta ebaluatuak izaten dira adostutako gobernu-organoen bidez egindako partaidetza eragilearen bitartez, izan ere, organo horietan esku hartzen baitute ikastolek hautatutako ordezkariek eta izendatutako eginkizunen betekizunak ebaluatuak izaten dira.

F.3
Beren irispenaren arabera, zerbitzu kolektiboak ikastoletara bakarrik bideratuko dira edota hezkuntza euskalduna eragiteko ikastoletatik harago doan hedapena izateko burutuko dira.

F.4
Zerbitzu kolektiboen ikerkuntza-, garapen-, berrikuntza- eta kudeaketa-lanak, beren konpetentziari, ikastolen izaera, misio eta ikuspegi komunekiko nahiz erabakitako planak betetzeko eta gobernu-organoekin elkarlana egiteko duten konpromisoa gehitzen dioten profesionalen bitartez egiten dira.

A - Giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen bultzatzaile
Ikastolek berena egiten dute Giza Eskubideen Aitorpen Unibertsalaren (1948) 26. artikuluaren edukia, hain zuzen ere honako hauek dakartzana: hezkuntza-eskubidea eta obligazioa nahiz oinarrizko hezkuntza-aldian gutxienez izan beharreko doakotasuna; giza nortasuna bere osotasunean garatzeko helburua eta giza eskubideekiko eta oinarrizko askatasunekiko errespetua sendotzea; eta familiak lehentasun osoz beren seme-alabei eman nahi dien hezkuntza mota aukeratzeko duen eskubidea.

B - Eskola barneratzailea edo denentzako eskola
Ikastolak, gaur egungo euskal gizarteak ezaugarritzat dituen kulturaniztasunaren testuinguruan eta hori ugaltzeko dagoen joeraren aurrean, denentzako izango den eskola barneratzaile eta anitzarekin identifikatzen dira, Euskal Herrian presente dauden genero, balore, gizarte-portaera, portaera politiko eta erlijiosoak beren barne hartuko dituenarekin alegia eta eredu hori konpentsatzaile gertatzen da sortzen dituen ikasketa-zailtasunekiko, irekia jatorri, gizarte-maila nahiz ekonomia-maila desberdinetako pertsonentzat eta aukera-berdintasuna ziurtatzeko ahalegina egiten du, bertan dabiltzan ikasleek, trinkotuta eta Euskal Herrian eta Europan txertatuta nahiz munduarekin harremanetan egongo den euskal gizartean bizitzen jakin dezaten.

C - Pertsona- eta gizarte-eredua

C.1.
Ikastolek ulertzen dute hezkuntza-jardunbidearen helburua gizakiaren konpetentziak mailarik handienean garatzea lortzea dela, bere izaera hirukoitz eta bereiztezinean: norbanako subjektu gisa, gizarteko kide edo partaide gisa eta naturako partaide gisa. Ikuspegi horretatik esan daiteke, hezkuntzaren helburuak lortu izana adierazten duten parametroak, hau da, heldutasuna eta bizitza betea bezalakoak, norbanako subjektu moduan konpetentzien garapenean lortutako mailak eta gizartearen garapenean eta hobekuntzan izandako txertakuntzak, identifikazioak eta elkarlanak nahiz natura zaintzeko eta berari eusteko egindako ekarpenak zehaztuta datozela.

C.2.
Bizitza osorako hezkuntzaren ikuspegi integral hori erdiesteko asmoz, ikastolek, Euskal Curriculumean definitutako hezkuntza-konpetentzia orokorren garapena bultzatzen dute, hala nola, ikasten eta pentsatzen ikastea, komunikatzen ikastea, elkarrekin bizitzen ikastea, norbera izaten ikastea eta egiten eta ekiten ikastea, guztiak ere diziplina-esparru guztietan eta bizitzaren esperientzietan txertatuz, horrela, bizitzarako beharrezkoak eta ezinbestekoak diren oinarrizko konpetentziak lortzeko, Europako Parlamentuaren gomendioetan definitutakoaren arabera.

C.3.
Ikastola bakoitzak oinarrizko heziketa eta bizitza osorako prestakuntzaren oinarriak finkatuko ditu, pertsonaren garapen osoa besarkatuz, ikasleak gai izan daitezen beste prestakuntza maila batzuetarako eta lan-mundurako sarbideak irekitzeko, eragile ekintzaileak eta profesionalak, ekonomikoak eta sozialak izateko, bere bizitza zentzuz bideratzeko, eta bere etorkizuna arduraz hautatzeko.

C.4.
Zientzia-ezagutzen garapena eta tresna teknikoen ekoizpena, nahiz informaziorako eta ezagutzarako sarbidea indar handiko berrikuntza- eta aldaketa-elementu diren gizartean, ikastolek beren osotasunezko hezkuntzaren planteamenduan, Zientzien eta Teknologiaren nahiz IKTren esparruetan konpetentziak garatzea sartzen dute, beti ere ikuspegi kritikoa landuz..

C.5.
Gizonezkoen eta emakumezkoen arteko hezkuntzako elkarbizitzaren eredu baten oinarri gisa, eskubideetan genero-berdintasuna aldeztuko duten jarrerak eta portaerak bultzatzen ditu ikastolak.

D - Euskal eskola

D.1.
Komunitate edo herri orok bere kultura bere luze-zabal osoan gorde, bizi, birsortu eta garatzeko nahiz bere kideei familiaren, eskolaren eta gainerako hedabideen bitartez transmititzeko eskubidea eta betebeharra ditu. Ikastola-mugimendua, euskal hizkuntza eta kultura transmititzeko, erabilpen eraginkorra egiteko, garatzeko eta indartzeko konpromisoarekin sortu zen eta hori du ezaugarritzat. Horrela, eta eskubide hori gauzatzen duelarik, beste kultura batzuei ere irekia da, ukipeneko auzo-kulturei batez ere, kulturartekotasunezko hezkuntza--planteamenduak era osasuntsuan eginez eta gauzatuz.

D.2.
Ikastolek, euskal hizkuntza eta kultura erreferentzia-ardatz moduan hartuta, hizkuntzen eta kulturen ikuspegi integratzailea eragiten dute eta hizkuntza- eta kultura-konpetentziak osagarritasun-ikuspegiarekin ulertzen dituzte.

D.3.
Ikastola bakoitzak, Euskararen Lurralde gisa hartzen du Euskal Herria, bere historia Pirineoen bi isurialdeetan hedatzen den mendebaldetik mugarik gabeko jendez osatutako espazio unibertsalera irekita ekarpen desberdinekin eraiki duen eta eraikitzen ari den lurraldetzat, lehendik definitutako baina etengabe berritzen eta aberasten ari diren hizkuntza- eta kultura-arrasto berezituetan oinarritua.

Gainera, bere hezkuntza-lana gauzatzeko, ikastola bakoitzak, Euskal Herria izena, Euskaltzaindiak 2003. urteaz geroztik erabiltzen duen zentzu berean erabiltzen du, hots, Arabak, Bizkaiak, Gipuzkoak, Lapurdik, Nafarroak (Behereak eta Garaiak) eta Zuberoak osatzen duten lurralde-multzoa identifikatzeko.

A - Lankidetza- eta elkarmendekotasun printzipioa
Ikastola bakoitza ikastolen taldeko edo kolektiboko gainerako ikastolekin elkartzea, hezkuntza-sare bat eratzeko eta elkar sendotzeko beren artean ezarritako elkarmendekotasun- eta lankidetza-loturei esker da egingarri eta ikastolen kolektiboaren eta ikastola bakoitzaren talde-arrakastaren emaitza da.

B - Elkarlotura- eta artikulazio-printzipioa
Ikastolen taldeak edo kolektiboak dinamizatu egiten du bere hezkuntza-sarea (ikastola bakarrak, lurraldeko ikastolak eta lurralde desberdinetako ikastolak) bere maila guztietan ongi elkarlotuta eta artikulatuta egon dadin eta, horrela, ikastolen arteko informazio- eta komunikazio-harremanen fluxua norabide guztietan gauzazen da.

C - Aniztasun- eta malgutasun-printzipioa
Ikastola bakoitza berezia da eta ikastolen estatus juridikoak errealitate juridiko-administratibo desberdinek baldintzatuta daude. Ugaritasun horretatik abiatuta, egoera desberdin eta aldakorrei malgutasunez egokitzeko, ikastola bakoitzak duen ahalmena batetik eta malgutasun eta ugaritasun horiek, bai antolakuntzan eta baita zerbitzuen arloan ere, ikastola bakoitzaren berezitasunei egokituz eta doituz etengabe ari den berariazko hezkuntza-sare batean sartuta egotea bestetik, ikastola-taldearen edo kolektiboaren garapena eutsigarri izateko bermerik onenak dira.

D - Etengabeko hobekuntzaren printzipioa
Ikastolen taldeak edo kolektiboak, etengabe aldatzen ari den munduan era jarraikian ikasi eta berritzeko gai izango den eta aldaketarako, berrikuntzarako eta etengabeko hobekuntzarako prestatutako hezkuntza-sare eran jardungo duen egituraren aukera egiten du.

E - Enpresa-zentzuaren printzipioa
Ikastolen taldeak edo kolektiboak eraginkortasun-irizpideak erabiltzen ditu iritsi nahi dituen emaitzak lortzeko, bai elkartutako ikastolen beharrizanak asebetetzeari dagokionez, bai gainerako bezeroei erantzuteari dagokionez eta baita bere berariazko kudeaketa-sistemei erantzuteari dagokionez ere.

F - Tokiko elkarreraginaren eta elkarreragin unibertsalaren printzipioa
Ikastolen taldeak edo kolektiboak lankidetza-harremanak eta itunak ezarriak ditu hezkuntza-, kultura- eta gizarte-arlo desberdinetako beste agente batzuekin, beti ere interes komuneko proiektuen eta egitarauen garapenaren inguruan. Horien artean lehentasunezkoak dira egitarau hauek : tokian tokiko arloan Euskal Curriculuma, Euskal Eskola eta Euskal Unibertsitatea eta arlo unibertsalean, beren hizkuntza duten eta/edo beren hezkuntza-sistema izan nahi duten herri eta nazioetako elkarte eta erakundeekin, Europako Batasunaren esparruan arreta berezia jarriz.

G - Bazkide den ikastolari arreta eskaintzeko printzipioa
Ikastolen taldea edo kolektiboa sentibera da elkartekoa den ikastola bakoitzarekiko eta berarekin lankidetzan doitzen ditu bere zerbitzuak haren berezitasunetara.

A - Bizitza guztirako hezkuntzaren xedea
Euskal Curriculumean, hau proposatzen da bizitza guztirako hezkuntzaren helburutzat: "Norberaren gizartearen eta naturaren errealitateak kritikoki ulertzeko, horietan eraginkortasunez ekiteko eta arduraz eraldatzeko baliabideak ematean datza hezkuntzaren xedea, era horretara, pertsonak, gizabanako gisa, gizartekide eta izadikide gisa ahalik eta konpetentzia gehien gara dezaten".

Ikastola bakoitzak giza garapen handiena lortzen laguntzen die bere ikasleei.

  • Norbanako edo izaki gisa; horrek, ikasle bakoitza, besteekin batera bere biografia eraikitzen duen subjektu autonomo moduan identifikatzea eskatzen du.
  • Gizarteko kide gisa; horrek, ikasle bakoitza, kulturaniztasuneko marko batean euskaldun legez identifikatzea eskatzen du.
  • Naturako partaide gisa; horrek, ikasle bakoitza, kosmosaren eta lurraren barruan giza espezieko partaide eta izaki bizidun legez identifikatzea eskatzen du.

B - Hezkuntzaren xedeak Oinarrizko Hezkuntzaldirako:
Oinarrizko Hezkuntzaldia, bizitza guztirako den hezkuntzaren derrigorrezko etapa komuna da eta giza nortasunaren garapen betea iristeko xede hauek ditu:

  • Ikasleak unean-uneko egoerei egoki erantzuteko eta helduen bizitzan sartzeko eta norbanako subjektu moduan osotasunezko bizitza bizi ahal izateko, gizartearen partaide eraginkor diren herritar izateko eta natura gorde eta garapen eutsigarria gauzatzeko konprometitutako pertsonak izateko gai izan daitezen prestatzea da.
  • Ikasleek euskal kulturako eta kultura unibertsaleko oinarrizko elementuak berenganatzea lortzea eta ondorengo ikasketak egitera joateko nahiz lan-munduan sartzeko behar den bermearekin prestatzea da.
  • Ikasleak sentiberatu eta gaitu beren bizitza osoan zehar ikasketak iraunkorki eta etengabe egiteko eta garatzeko gai izan daitezen.

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak (2006) zortzi oinarrizko konpetentziak edo gako gomendatzen ditu bizitza osorako hezkuntza iraunkorra bultzatzeko asmoz:

  1. Ama-hizkuntzan komunikatzea
  2. Hizkuntza arrotzetan komunikatzea
  3. Matematika-konpetentzia eta Zientzia- eta Teknologia-arloko oinarrizko konptetentziak
  4. Konpetentzia digitala
  5. Ikasten ikastea
  6. Gizarte-konpententziak eta gizabide-konpetentziak
  7. Ekimen-zentzua eta enpresa-espiritua
  8. Kultura-kontzientzia eta kultura-adierazpena.

Espainian LOEk (2006) eta Frantzian LOk (2005) ezarritako araudiak oinarrian bat datoz nagusiki europar gomendioarekin.

Ikastolek oso baikorki baloratu dute "Derrigorrezko eskolaldirako Euskal Curriculuma" deituak egindako proposamena. Proposatzen diren hezkuntza-konpetentzia orokorrak hauek dira:

  • Ikasten eta pentsatzen ikastea
  • Komunikatzen ikastea
  • Elkarrekin bizitzen ikastea
  • Norbera izaten ikastea
  • Egiten eta ekiten ikastea.

Hezkuntza-konpetentzia orokorrak, irudian ikusten den moduan, bitartekari dira alde batetik hezkuntza-helburuen lorpenean, eta bestetik, ikasgai guztietan sartu behar diren prozedura- eta jarrera-edukietan eragingarri bihurtuta, Europako Parlamentuak gomendatu eta Espainiako eta Frantziako araudiek ezarritako zortzi oinarrizko konpetentziak lortzea ahalbidetzen da.

Onartutako hizkuntza-ikuspegia

Hizkuntzak pertsonaren garapen indibiduala eta soziala lortzeko tresna nagusia direnez, "komunikatzen ikasi" konpetentzia orokorraren osagai gisa landuko da konpententzia linguistikoa, ikastolako eremu oro kontuan hartuz eta hezkuntza komunitateko estamentu guztien elkarlanari esker. Hizkuntzekiko helburua, ikasleak, gizarte-bizitzako eta norbere bizitzako egoera eta behar guztietarako hizkuntzaren erabilera eraginkorra egiteko gaitzea da. Hortaz, egoera eta behar askotariko horiei erantzunez sorturiko testu generoen ulermen eta ekoizpenean eta horien gaineko hausnarketan oinarrituko da irakaskuntza prozesua. Hizkuntzaren diskurtso-ikuspegia, beraz, curriculum diseinu honen oinarrian dago.

Eleaniztasuna euskara ardatz dela

XXI. mendeko gizartea eleanitza da. Gaur egungo gizartean, globalizazioaren mendean, komunikazio-baliabideak, pertsonen mugikortasuna eta nazioarteko harremanak gorabidean dauden garai honetan, ezinezkoa da hizkuntza gutxiengotu bati -euskarari- iraunaraztea eta bera biziberritzea, gizarteko hizkuntza bakar moduan planteatuta. Pertsona euskaldunen etorkizuna eleanitza da. Euskararen biziraupenak, berau bere hizkuntza-esparruan nagusi izatera iristea eskatzen du, baina, gainera, pertsona euskaldunek gai izan behar dute beste hizkuntza batzuetan mintzatzeko, izan ere, hala ez izanda, euskara bera egongo bailitzateke arriskuan. Beraz, helburu nagusia, bi elementu horiek elkartzea lortzea izan behar du: batetik, euskarak bere hizkuntza-esparruan behar duen garapen osoa lortzea eta, bestetik, pertsona euskaldunak beste hizkuntza batzuek ezagutu eta erabiltzeko gai izatea.

Behar-beharrezkoa litzateke Euskal Herrian bizi behar duten pertsonak euskararen normalkuntzarekin konpromiso eraginkorra izatetik abiatzea eta hizkuntza nagusitzat hartzea. Gainera, dagokien ukipen-egoerako hizkuntzaren ezagutza sakona eduki behar dute eta egoki erabiltzeko gai izan behar dute. Era berean, nazioarteko harremanetan nagusi den hizkuntzetako bat zabalkiro ezagutu behar dute. Azkenik, Estatuen arteko mugaren bi aldeetako gizarteen kultura-kohesiorako oso garrantzitsua da, oinarrizko mailan bada ere, norbanakoek beste Estatuko hizkuntza ofiziala ezagutzea.

Hizkuntza arloko curriculum bateratua

Hizkuntza horiek denak hizkuntza-ahalmen orokor baten baitan elkarreragin etengabean kudeatu eta garatzen dira. Gaitasun orokor horren sustapen egokia egitea oinarrizkoa da konpetentzi eleanitz bateratu eta orekatua eraikitzeko.

Zentzu horretan, hizkuntza arloari dagokionean, curriculum--proposamen bakarrean bildu ditugu euskararen irakaskuntza-ikasketa, hurrenez hurreneko (beste) hizkuntza ofizialarena (espainierarena edo frantsesarena) eta nazioarteko erabilpeneko hizkuntzena, hizkuntza desberdinen curriculum bateratu bat diseinatuz..

Horren ondorioz, esparru horretako konpetentzia orokorren definizioa, metodologia-ikuspegia eta eduki-blokeen definizioa nahiz oinarrizko edukien hautaketa-irizpideak, komunak izango dira curriculumeko hizkuntza guztientzat eta, horrela, hizkuntza guztietatik gauzatuko da garapen osagarria. Hizkuntza bakoitzaren edukien deskribapenean, bakoitzaren elementu berezituekin batera, eduki komun batzuek agertuko dira, hizkuntza guztietan errepikatuak eta ikastetxe bakoitzak haien artean banatuko ditu bere hizkuntza-proiektuaren arabera.

Hizkuntza desberdinetan lortu beharreko mailei dagokienez, konpetentzia berezituen definizioan zehaztuak izango dira eta bereziki zehaztuko dira ebaluazio-irizpideen bitartez, beti ere marko deskribatzaile komun batetik abiatuta noski.

Hizkuntza-plangintza

Hizkuntzen mailaketa-proposamena egiteko garaian, Hizkuntzentzako Europako Erreferentzia Marko Orokorrean adierazitakora mugatu gara eta proposamena bi mailatan bereizten dugu: Batetik, ikastola guztientzako oinarrizko hizkuntza plangintza komuna, bozketarako aurkezten dena. Bestetik, aholkatutako proposamena, 90eko hamarkadatik aurrera Ikastolen Elkartea garatzen eta bultzatzen ari dena.

Euskara, ikastolen eleaniztasunaren hizkuntza nagusia eta ardatza izanik, euskararen eta (beste) hizkuntza ofizialaren (espainiera edo frantsesa kasuan kasu) garapenak, erabiltzaile independentearen mailarik handienekoa izan beharko du, B2 Europako Erreferentzia Markoan, (edota Iparraldearen kasuan, frantsesari ezartzen zaion maila bera izango du euskarak) eta hirugarren hizkuntzarentzat maila bat gutxiago eskatuko da, hots, B1 maila.

Hegoaldean: Euskara eta Gaztelania

Iparraldean: Euskara eta Frantsesa

Honako hau aholkatzen da: hirugarren hizkuntza nazioarteko komunikaziorako hizkuntza nagusia izan dadin eta beste Estatuaren hizkuntza ofiziala hizkuntza plangintzan sar dadin A2 mailan.

Helburu horietara iristeko eta norberaren egoera soziolinguistikoa kontuan hartuz, ikastolak hizkuntza bakoitzaren funtzioak eta hartuko dituen eremuak definitu beharko ditu eta ondorioz bakoitzari eskainiko zaion denbora eta irakaste bideak zehaztu.