Kontzeptua

Ikastola eredua

Ikastola eredua jardunbide luze baten emaitza da, eraikuntza-lan baten ondorioa da, hezkuntza-eredu gehienen modura faktore asko eta desberdinen bateratzearen fruitu dena alegia.

Eskola, erakunde oro bezala, nekez uler daiteke baldintzatzen duten testuinguru legala, soziala eta historikoa kontuan hartu gabe:

  • Legeriak hainbat arau ezartzen ditu funtzionamendua maila guztietan (curriculum, pedagogia, ekonomia eta finantza, ikas antolamendua, lan harreman, etab), eskola bakoitzeko hezkuntza-komunitateak zer pentsatzen duen eta zer nahi duen begiratu gabe.
  • Dinamika sozialak izaera indibidual nahiz kolektiboko ideiak eta itxaropenak adieraziz jarduten du, horiek eskolari eskatuz, honek gogo horiek beteko dituelako ustean.
  • Koiuntura eta koordenatu historikoek interes eta lehentasun ezartzen dituzte herri eta nazioetan, eta jarritako helbururantz gidatu eta zuzentzen dute eskola.

XIX. eta XX. mendeetan sortu eta sendotu ziren sistemen jardunbideak (egun mendebaleko kulturan ezagutzen ditugun eskola-sistemak) hiru eredu, heziketa eta eskola antolatzeko hiru eredu nagusi eman ditu fruitu gisa:

  • Eredu estatal-zentralista (Napoleonen garaian errotua)
  • Eredu munizipal-autonomoa (jatorri anglosaxoia duena)
  • Eredu eliztar-erlijiosoa (Estatuaren eta Elizaren arteko harremanetatik etorria)

Hiru eredu horietatik bi bakarrik garatu dira Euskal Herrian, ikastolen mugimendua sortu arte: estatal-zentralista eta eliztar- erlijiosoa.

Europako mendebaldean, Bigarren Mundu Gerraren ostean, gizarte berri bat eratu zenean kontzientzia zibila indartu zen, Estatu-Administraziotik eta Elizaren antolamendutik kanpo, eta 60ko urteetan nabaritu zen kontinente zaharrean, molde berriez eta kultur eta elkarte-forma berrien bitartez.

Euskal Herrian, 60ko urteetan ere, oso testuinguru legal, ekonomiko, sozial eta historiko berezian, euskal gizartearen sail batek bere burua nabarmendu zuen, Pirinioetatik iparraldean nahiz hegoaldean.

Orduko ikastolak mugimendu berritzaile haren proiektu nagusietarikoa izan ziren: euskal gizartearen sail baten ideiak eta itxaropenak ulertzeko modu berri batetik eta baterako sortu eta garatu ziren.

Gurasoek, hezkuntzako profesionalek eta lagundu zuten pertsona edota erakundeek sortu eta bultzatutako mugimendu zibil hark hezkuntza-eredu berri bat eraikitzen hasi zuen, aldez aurretiko inolako diseinurik gabe, ordura arte Euskal Herrian ziren hezkuntza-ereduen (publiko-estatal eta pribatu-erlijiosoen) alternatiba, gaur egun Ikastola eredua duguna, hain zuzen.

SIADECOk Euskaltzaindiaren eskariz egin eta 1979an argitaratutako ikerlan zabal eta sakon batean, honako bereizgarri hauekin jasotzen zen 70eko urteetako ikastola:

Ikastolen kopurua:
1975-76ko ikasturtean, 172 ikastola zeuden guztira Euskal Herri osoan (ipar -hegoaldeetan).

Egoera administratiboa:
Ikastolek Francoren garaian izan zituzten arazoak ez dira desagertu; Administrazioak eskola ofizialei exijitzen ez dizkieten legezko baldintza bat baino gehiagoren oztopoak gainditu beharrean jarraitzen baitute.

Lortutako eskolatze-mailak:
Ikastolaren garapena bulkada kementsu eta iraunkor baten premian aurkitzen da oraindik eta denbora puska baterako, euskarazko oinarrizko hezkuntza-zentro bezala duen egitekoa behin betiko finkatu nahi baldin bada behintzat.

Planteamendu pedagogikoa:
Merezi du Ikastola garatu deneko testuinguru aurrerakoia ere azpimarratzeak, alegia, herrialde aurreratuenetan onartutako gidarauei jarraitzen diena eta Espainiako Estatuan aplikatu izan direnen aldean oso goitik ibili dena beti ere. Ikastolak hasi ziren, esate baterako, sexuen arteko bereizketa baztertzen, oso emaitza onekin, eta beste hainbestexe esan liteke pedagogia aktiboaren printzipioen aplikazioari buruz ere, aitzindaria izan da-eta Ikastola arlo honetan.

Gizarte aldetiko osaera:
Ikastolek duten kolorea tarteko kategoriek (obrero kualifikatu eta enplegatuek) emana da. (...) Herri-klaseak dira bertan nagusi.

Pertsonal irakaslea:
Hasiera batean, benetako euskal militateen esku egon da ikastoletako irakaskuntza. Baina gaur egun ari da profesionalizatzen. (...). Beren ordainsariari dagokionez, berriz, esan daiteke inongo exajeraziorik gabe durante bastantes años, gracias al sacrificio pecuniario de maestros y maestras.

Erreferentzi eredua:
Laburbilduz, esan dezakegu ikastolak aurrerantz kementsu jarraitzen duen errealitate bat direla (...). Euskal Herriaren historian aurrekinik ez duen ahalegin kolektibo bat da, egia esateko (...). Baina bada garaia ahalegin honetan erakunde publikoek beren txanda hartzeko, horrela, biharko egunean, ikastolek jadanik luze eta zabal frogatu duten hizkuntza-eredua ezarri ahal izateko Euskadiko herri-eskoletan.

Hirurogeita hamarreko urteen bigarren erdialdean, ikastolek aldi berri bati ekin zioten Ikastola ereduaren hobetze bidean, bi gertaera historikotan oinarrituta (1976ko Elebitasunaren Sinposiumean eta 1977 eta 1978ko Ikastola Biltzarretan). Bilkura horietan hainbat lan ildo ezarri zituzten:

  • Hezkuntza elebidunari buruzko ikerketa,
  • Irakasle prestakuntza berritzea
  • Irakaskuntza Batxilergoko mailetara hedatzea
  • Ikastola ereduan oinarritutako ikasmateriala produzitzea
  • Hego Euskal Herrian sortu berriak ziren herri erakundeekin elkarlanean jardutea, elebitasuna irakaskuntzan zabaltzeko bidetik
  • Ikastolaren eskola-antolamenduan sakontzea, orduko eskola publiko estatalaren alternatiba bezala
  • Euskal eskola publiko berri bat aldarrikatzea

Legalitate frankistatik Espainiako Estatuko legalitate konstituzionalera pasatzeak eta Frantziako gobernuaren jardun administratiboek ikastolak hiru erritmotan aritzera derrigortu zituzten, lehen berek markatutako jardunbideak garatzeko:

  • EAEko ikastolentzat bata
  • NFEkoentzat bestea
  • Iparraldekoentzat hirugarrena

Berriro ere, "lege-testuingurua" eta "indar politikoen korrelazioak" eragile erabakiorrak izan ziren ikastolen garapenean.

1978tik 2008ra, Ikastolen lehen Biltzarretan (1976, 1977 eta 1978) onetsitako lan ildoak betetzea ez-ezik, ikastolek hurrengo hamarkadetan erabakitako plan desberdinak gauzatu dituzte, ikastolek ziklo honetan eginiko bost Batzarretan (1990, 1992, 1996, 2001 eta 2004) ezarritakoak, hain zuzen ere.

Begi-bistako eta nabaria da ikastolek, urteotan zehar, etengabe hobetzen joan den eredu bat, Ikastola eredua, garatu dutela, nortasun-ezaugarri nahastezin batzuekin.

"Hezkuntza-eredu bat izatearen" eta "hezkuntza-eredua egunetik egunera hobetezearen" artean erlazio dinamiko bat dago, eta erlazio horrek, hirugarrenen aurrean estatus juridiko-administratibo jakin bat izatea edo horien aldetik bera errekonozitua izatea errebindikatzeaz aparte, ikastola bakoitzari eta ikastolen kolektiboari "eredu berezi eta desberdin" baten ezaugarriak ematen dien loturazko barne-sarea finkatu eta sendotzen ari dela esan nahi du.

Zein izan da, beraz, ikastolak hezkuntza-eredu bihurtu dituen eta, aldi berean, "hezkuntza-eredu hori bera egunetik egunera" finkatu eta sendotu nahi duen loturazko barne-sare hori?

Sare horren parte bat zenbait elementu objektibok osatu dute, hots, egitate zehatz eta ukigarriek osatu dute, Ikastola eredua deitzen den osotasunaren elementutzat jo izan direnak. Ikastolen kasuan, honako hauexek dira funtsean:

  • Euskaldun izaera, hezkuntza integral, eleanitz eta kultur arteko baten ardatz bezala.
  • Ikastola bakoitzaren nortasun juridiko propioa, Hezkuntza Komunitatean oinarrituta.
  • Hezkuntza-sisteman duen eragina, bere jardun berritzailearen ondorioz.
  • Herri Administrazioarekiko elkarlana hezkuntzako zerbitzu publikoan.
  • Hezkuntza Komunitatearen esku hartze aktiboa ikastola bakoitzaren gobernuan.
  • Ikastola bakoitzaren gestio autonomoa.
  • Ikastola arteko elkarlana, Ikastolen Elkartean, hau da, kolektiboaren erakundean.
  • Elkartasun Kutxa, ikastolen artean solidarioki laguntzeko konpromiso indibidual eta kolektiboa.
  • Lan-esparru espezifikoa, eduki propioarekin.
  • I+G+B (Ikerketa, Garapena eta Berrikuntza) hezkuntza-proiektuaren oinarrizko prozesu bezala, bakarra sektore guztian.
  • Eredura egokitutako Prestakuntza Plana.
  • Ikasmaterial ekoizpen propioa, euskarri-mota eta modalitate guztietan.

Izaera euskalduna

Euskara eta euskal kultura ardatz dira, eta ardatz horren gainean doa ikastolen hezkuntza integral, eleanitz eta kulturen artekoa.

Kulturartekotasunaren barnean euskalduntasuna indartzeaz bereizten den eta Eskola-zentroaren eremura mugatzen den hezkuntza-zerbitzu baten berariazko irakaskuntzako arduketez gain, ikastola bakoitzak bere ingurunean eta ikastola guztiek oro har, ekintza- eta kanpaina-sail bat garatzen dute gizartea euskararen, hezkuntza euskaldunaren, euskal kultura modernizatzearen inguruan sentsibilizatu, bildu eta kohesionatzeko helburuarekin, horiexek dira-eta gizartearen parte on baten nortasun-erreferentziak. Olentzero, Santa Ageda, Ihauteriak, Kilometroak, Ibilaldia, Araba Euskaraz, Nafarroa Oinez, Herri Urrats, eta euskal kultur jarduera askotarikoak leku inportante bat lortzera iritsi dira gizarte-agenda bariatuaren lerrunean, eta gero eta ikastetxe pribatu eta publiko gehiago dira ekintza horiek beren herrian bere egin dituztenak. Euskal Eskola Publikoaren jaialdia, esate baterako, lurralde bateko edo besteko ikastetxe publikoak bildu eta kohesionatzeko helburua duen ospakizun gisa, ez zatekeen seguru asko egingo ikastolen jaialdi jendetsuak ezagutu izan ez balira. Begien bistan dago Ikastola ereduak akuiluarena eta aldi berean idi-parearen lana egin duela honetan guztian.

Nortasun juridiko propioa

Ikastolak forma juridiko diferentetako hezkuntza-erakundeak dira, eta beren titulartasuna eta gestioa Hezkuntza Komunitatean oinarritzen da, tokian tokiko Gizarte Komunitatearen markoan eta botere publiko-administratiboekiko menpekotasunik gabe.

Ikastola bakoitza, ikasleek, gurasoek, profesionalek eta laguntzaileek osatutako hezkuntza-komunitatea da, legezko nortasun juridiko propioa duena, gizarte-erakunde autonomoa, kooperatiboa eta irabazi-asmorik gabea, tokian tokiko (herri nahiz auzoko) komunitatean txertatua, eta honi euskalduntasunaren ardatzaz eta, ikastola bakoitzaren nortasuna errespetatuz, ideia, balore eta portaeren aniztasunaz nabarmendutako hezkuntza-zerbitzu publikoa eskaintzen diona.

Ikastola bakoitzak, bere Hezkuntza Komunitatearen eta bere Toki Komunitatearen inguruan, eta ikastola guztiek Ikastolen Elkartearen inguruan bilduta, beren gain hartzen dituzte zerbitzu publiko bat eskaintzeko konpromisoa eta erantzukizuna,euskal gizarteari hezkuntza-arloan, ekimen eta aitzindaritzako gaitasunarekin.

Hezkuntza-sisteman eragina

Ikastolek beren hezkuntza-ereduaren kalitatea etengabe hobetzeko egiten duten ahaleginak bere eragina du, ikastolen beren borondatez, hezkuntza-sistemako gainerako ikastetxeetan, hezkuntza-sistemaren parte on baten erreferentzia gertatuz.

Ikastolak kalitatezko hezkuntza euskalduna etengabe hobetzeaz konprometitutako hezkuntza-eredu bat bezala dira ikusiak, gazte eta haurren hezkuntzako eremuan berrikuntza eta esperimentazioko ekimenak bultzatu izan dituen hezkuntza-eredu kualifikatu bat bezala, hezkuntza-komunitateko profesionalen eta gainerako kideen formazio-arloan prestigioa duen hezkuntza-eredu bezala, eta ikasmaterialak sortu eta lantzeko orduan nahitaezko erreferentzi puntu den hezkuntza-eredu bat bezala.

Herri Administrazioarekiko elkarlana

Ikastolak, euskaldun hezkuntza ikastoletatik kanpo diren eremu zabalagoetara sustatzeko eginkizunetan, botere publikoen lankide dira, hauekin hezkuntza- eta kultur intereseko proiektuak partekatuz.

Tokian tokiko edo bailarako esparruetan ikastola bakoitzak bertako herri botereekin burutzen dituenez gain, ikastolek eremu zabalagoko botereekin hainbat jarduera, egitasmo edota proiektu gauzatzen dituzte: lurralde mailakoak, lurraldeen gaineikoak, estatalak zein estatuen goragotikoak. Horren lekuko dira hizkuntza alorrekoak, hots, Eleanitz, Hizpro eta Euskaraz Bizi, esterako; alor kurrilarrekoak eta ez-kurrikularrekoak, hots, Euskal Curriculuma, Bertsolaritza, Euskal Soin Jarduerak, Aisialdia, Urte Sasoiak, adibidez; eta informazio eta komunikazio teknologien sailekoak, hots, IKT, Ikasdat eta Ikasys bezalakoak. Hauek guztiek ere, ikastolak eredu bilakatu dituzte, ikastolen esku jartzen diren baliabideak eraginkortasunez gestionatzen dituen eredu bezala, konpromiso desberdinak proposatu, ekarri, negoziatu, adostu eta hartutakoak leialtasunez betetzen dituen eredu bezala eta gizarte-kontrolaz hornitutako eredua bezala.

Hezkuntza Komunitatearen esku hartze aktiboa

Ikastola bakoitzeko Hezkuntza Komunitatea osatzen dutenek aktiboki parte hartzen dute berorren gobernu eta funtzionamenduan.

Ikastolak bereizten dira, baita, Hezkuntza Komunitatea osatzen duten kide guztien partehartze aktiboarengatik ere, eskumen zabalak dituen ikastola baten autonomia eta konpetentzien barruan.

Ikastolaren gobernu-organoa Batzar Orokorra da, Hezkuntza Komunitateko kide guztiek osatzen dutena: ikasleek -adinaren eta eskola-mailaren arabera-, gurasoek, profesionalek, Hezkuntza Komunitateko bazkideek eta Administrazio lokalaren ordezkariek. Gainerako gobernu-organo guztiek, eta baita funtzionamenduko egitura guztiak ere, delegazioz jarduten dute eta Batzar Orokorraren esanetara daude. Batzar Orokorreko lehendakaria Ikastolaren ordezkaria da.

Gestio autonomoa

Hezkuntza Komunitatearen borondatea da ikastola bakoitzean hezkuntza-proiektuaren garapena eta aplikazioa erabakitzen duen motorea bakarra.

Ikastola bakoitzak berak gestionatzen ditu bere eskumen zabalak, bere autonomia bere hezkuntza-komunitatearen partehartze aktibo eta kooperatzailearen bitartez eta bere komunitate lokalarekiko elkarlanaren bidez egikarituz, eta bere eskumenak Ikastolen Elkartean, hau da, ikastolen antolakunde kolektiboan, konpartituz gestionatzen ditu, taldean onartutako proiektuetan aktiboki lagunduz.

Ikastola arteko elkarlana

Ikastolek elkarrekin lan egiten dute, beren autonomia antolakunde kolektibo batean (Ikastolen Elkartean) konpartituz eta proiektuak eginez, gero ikastola bakoitzean bere ingurunera moldatuta aplikatzeko.

Ikastolak Ikastolen Elkartearenak, hau da, ikastolen erakunde kolektiboarenak izateaz bereizten dira, non ikastola bakoitzak aktiboki parte hartzen duen haren proiektuetan, eta gero horiek egokiro aplikatzen bere hezkuntza-proiektu partikularrean.

Ikastola bakoitzetik eta Ikastolen Elkartean bilduta, bere borondatez eta legez eratutako ikastola-kolektiboa, ikastolen zerbitzuan eta Euskal Eskola sustatzeko dagoen gizarte-erakunde bat da, hezkuntza-ikerketa, berrikuntza eta esperimentazioko prozesuak planifikatu eta garatzen dituena, eta orobat guraso eta profesionalen formazioa ere, hezkuntzako material-mota guztiak edo kulturarekin zerikusia dutenak diseinatu, landu eta argitaratuz, eta hori guztia ikastola bakoitzaren, Ikastolen hezkuntza-ereduaren eta eska dezaketen eskola-entitate guztien -publiko nahiz pribatuen- etengabeko hobekuntzarako eskainiz.

Ikastolen Batzarra da Ikastolen Elkartearen gobernu-organoa, eta bera, beren gogoz elkartuta dauden ikastola guztiek osatzen dute. Plan estrategiko bat lantzen du, Ikastola ereduaren oinarrizko prozesuak eta prozesu kritikoak lauzpabost urteko epealdirako seinalatuz. Plan hori ebaluatu egiten da bere gestioaren urteroko kontrolen bitartez eta ezarritako epealdiaren buruan batukorra izango den azken kontrol baten bitartez. Bai berorren lanketa, eztabaida eta onespenean, eta baita bere gestio eta exekutapenean ere, ikastolek aktiboki parte hartzen dute eta egokiro aplikatzera konprometitzen dira.

Elkartasun Kutxa

Ikastola baten arazoak gainerako ikastolek sentitu eta aztertuak izaten dira Solidaritate Kutxaren bitartez.

Kanpotik (botere publikoengandik edo beste erakundeetatik) etorritako finantzabide nahikorik ezean, proiektu berrien garapena edo biziraupena bera zalantzan jarri izanak, autofinantzaketaren eta solidaritatearen kultura sortu du ikastoletan.

Ugariak, era askotakoak eta aberasgarriak dira Ikastola ereduak bere eguneroko iraupena bideratu ahal izateko premiak bultzatuta metatu dituen ekarpen original aipagarriak, hasi bazkide laguntzaileen diru-bilketetatik eta familien mailegu pertsonal, errifa, profesionalen ondainsari- eta lanpostuen egonkortasun-falta, jaialdi, ikastola-jai, merkatu txiki, enkante, etab.etatik pasaz, ikastolen arteko solidaritate eraturaino iritsi arte. Azken puntu honetantxe aldentzen eta bereizten da argien Ikastola eredua. Ikastolek sortutako Solidaritate Kutxa finantzaketa kooperatiboaren adibiderik begi-bistakoena dugu, non beharrik handiena duenak gainerakoen laguntza hartzen duen. Hitzetatik ekintzetara bere gogoz pasatzea erabakitzen duen eta bestela ezinezkoa izango zatekeena, hots, ikastolen eta, beraz, Euskal Eskolaren zerbitzuko eredu bat sendotzea, ahalbidetzen duen gizatalde bat hain zuzen ere.

Lan-esparru espezifikoa

Ikastoletan lanerako marko propio eta espezifiko batzuk daude.

Estatu bakoitzak ezartzen dituen muga legalen barruan, ikastolek Ikastola ereduko lan-harremanen marko espezifiko eta autonomo bat daukate: behar bezala protokolizatu eta homologatutako hitzarmen kolektibo bat, bakoitzari dagokion Autonomia Erkidegora mugatua, eta mugaz gaindiko lan-akordio bat, Ikastola ereduan jarduten duten agente sozial guztiek izenpetua.

Ikastola bakoitzak gestionatzen ditu hezkuntza-ereduko lan-harremanak, lan-marko horretan oinarrituta, zeinaren punturik espezifikoenak honako hauek izango bailirateke:

  • Urteko lan-jornada gainerako erakundeena baino handiagoa.
  • Pertsonalaren kontratazioa hezkuntza-komunitateko batzorde parekide baten esku egongo da.
  • Ikastolarteko eta mugaz gaindiko pertsonal-aldaketa.
  • Profesionalen formazio eta birziklapenerako laguntza eta plan itunduak.
  • Mugaz gaindiko elkarlanerako akordioak formazio-arloan.

I+G+B

Ikastolak dira, sortu zirenetik, I+G+B proiektua, iraunkorra.

Ikastolek Ikastola ereduaren lehen eta funtsezko prozesu oinarrizko bezala, I+D+B seinalatu dute: eredua zaindu eta sendotzea, ikerketaren, garapenaren eta berrikuntzaren bidez. Honi dagozkion azpi-prozesuak, 1978-2008 aldian, ondokoak izan dira:

  1. Ikastolen izaera eta helburuen etengabeko eguneratzea.
  2. Ikastolen eta Ikastola ereduaren artxibo historikoa.
  3. Ikastola ereduaren osagai giltzarriak ikertzea:
    • Curriculuma.
    • Ebaluazioa.
  4. Joera eta beharrizan berrien esperimentazioa eta berrikuntza.
    • Eleaniztasuna. Kultura artekoa.
    • Ingeles irakaskuntza goiztiarra.
    • IKT
    • Aurrekoak sendotzeko ekintzak.
  5. Euskaran eta euskal kulturan sakontzea eta zabaltzea:
    • Euskararen erabilera sustatu eta zabaltzea eskolan eta eskolatik kanpo.
    • Bertsolaritza sustatu eta curriculumean sartzea.
    • Euskal Pilota sustatu eta curriculumean sartzea.
    • Euskal folklore tradizionala berreskuratu eta dibulgatzea.

Ikastolek lan horiek erakunde ugari eta askotarikoekin burutu dituzte elkarlanean: Eusko Jaurlaritzarekin; EHU, Deustuko, MU, Tel-Aviv, Erroma, Birmingham eta Amsterdam Unibertsitateekin; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Diputazioekin; mordo bat Udalekin; Pilota eta Herri Kirol Federazioekin; gizarte-elkarteekin, hau da, Bertsozale Elkartea, Labayru Ikastegia, Elhuyar, Elkar, UEU, AEK erakundeekin, artista, bolondres eta hezkuntza-eragileekin.

Lan horiek guztiak ez dira ikastoletara mugatu, baizik eta hauek gainerako ikastetxeei -publiko eta pribatuei-eskaini dizkiete, jarduketa honek bere oihartzuna izan dezan, lehen urrats batean, hezkuntza-sisteman, eta, oro har, gizarte osoan.

Prestakuntza Plana

Ikastolek Ikastola eredura egokitutako prestakuntza-plan espezifiko dute.

Ikastola ereduak segurtatu nahi lituzketen zerbitzu batzuk ditu, eginkizun profesionalez arduratzen den pertsonalaren kalitatea eta familien prestakuntza -hauek gizarte-partaidetzako eredu batean jokatzen duten rolarengatik-, eta horretarako ezinbestekoak gertatzen dira formazio, aholkularitza eta ebaluazioko zerbitzuak. Horietatik, ondokoak dira nagusiak:

  • Titulu ofizialak lortzera bideratutakoa.
  • Etengabeko prestakuntza esperimentazio eta berrikuntzako arloetan.
  • Zuzendari eta tarteko koadroen formazioa ikastolen gestioan.
  • Interesgune eta monografien inguruko formazioa. Jardunaldi Pedagogikoak.
  • Ikastoletako batzordekoen (gurasoen) formazioa.
  • Aholkularitza pedagogikoa.
  • Ebaluazio-zerbitzuak.

Jarduera horiek burutu dituzte ikastolek beste hainbat erakunderekin elkarlanean: EHU, MU, Deusto, UOC unibertsitateak, HIZPEI Institutua, HABE, AEK, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Frantziako Gobernua, Euskalit, eta beste hainbat.

Prestakuntza-zerbitzu horietako gehienak irekiak dira eta, horrela, ikastetxe guztiek -publiko nahiz pribatuek- erabiltzen dituzte, eta baita hezkuntza-sistemaren orientazio pedagogikoko zentroek ere, begi-bistan jarriz beste behin ikastolek beren hezkuntza-ereduaren inguruan daramaten jarduerak interes pedagogiko orokorra sortzen dutela, eta sortzen dituzten sinergietan ikusten dela berori.

Ikasmaterial ekoizpen propioa

Ikastolek Ikastola ereduari dagozkion material eta tresnak sortu eta produzitzen dituzte.

Ikastola ereduaren izaera bereziaren funtsezko habeetako bat ikasmaterial propioak sortze eta ekoiztea da, ikastolen beharrizan oinarrituz, gero, ikastolek, beren eguneroko praktikan erabil ditzaten.

Ikastolek Ikastola eredua garatzeko behar diren material oinarrizko eta osagarri guztiak landu eta argitaratzen dituzte, derrigorrezko irakaskuntzaren maila guztientzat eta curriculum-arlo guztietarako edozein formatu-motatan: kontsulta-liburuak, entziklopediak, unitate didaktikoak, lan-koadernoak, bideoak, disketeak, CD-rom multimediak, jarduera-bankuak, kasete-zintak, laminak, diapositibak...., irakaskuntza arautu eta ez arautuetarako, zehar-lerroetarako, tutore-ekintzetarako, etab.

Irakaskuntzako prozesu osoa biltzen duen eta elementu osagarri guztien gestiogile bezala hezkuntza-komunitatea esku arrotzetan utzi gabe jarduten duen hezkuntza-eredu bakarra da Europa osoan.

Eta beste aldetik, ez da ikastolen hezkuntza-eredua balio erantsi horretaz onuratzen den bakarra, baliatzen dira baita beste ikastetxe pribatu eta publiko ugari ere ikasmeterial horietaz beren irakaskuntzan, argi utziz behin berriz alegia ikastolen hezkuntza-ereduak zer-nolako interes pedagogikoa sortzen duen hezkuntza-sistema guztian.