Kontzeptua

Ikastetxeak. Arkitektura

Euskal Herrian ere lehen ikastetxeak elizarekin lotu behar ditugu eta honen eraikinekin. Salbuespen gisa, baina bere garrantzia azpimarratuz, irakaskuntzari eskainitako lehen eraikina Oñatin aurkitzen dugu eta bertako Unibertsitatea da, XVI. mendean eraikia, Aro Berrian alegia, errenazimenduaren garaian.

Beraz, XIX. mendearen hasiera arte ez dugu eraikin gehiagorik aurkituko irakaskuntzari eskainia. Berez, aipatu dugun bezala, pentsamendu ilustratua eta iraultza liberalaren eraginez ikastetxeen beharra areagotu egiten da eta elizaren monopoliotik kanpo geratzen da, Estatuak bere gain hartuz. Udal eraikinak izango dira -bereziki udaletxeak- zerbitzu hau hartuko dutenak. Hala ere, egoera hori aldatu egingo da lehen unibertsitateak azaltzen direnean eta biztanleriaren kopuruak gora egiten duenean. Garai horretan, irakaskuntzarako eraikin berriak eta bereziak burutuko dira estilo eklektikoan eta jauregi baten oina eta antolamenduarekin. Lehenengo multzo unibertsitarioak sortuko dira, Bilbon Deustuko Unibertsitatea nabarmenduz. Bertan, gehienbat forma klasikoak erabili zituzten, hezkuntzaren eta Aitzin Aroaren artean nolabaiteko lotura sortuz.

Arkitektura garaikidea heltzen denean, kontzeptu klasikoekiko lotura hausten hasiko da formalki eta funtzionalki gure artean. Euskal Herrian etorrera horren bi eredu interesgarriak ditugu, eta biak Bilbon daude: Estanislao Segurolaren Kindergarten ikastetxea Deustun eta Pedro Ispizuaren Briñas ikastetxea. Hala ere, bi apustu horiek arkitektura modernoaren alde salbuespenak besterik ez dira izango. Gehienetan eklektizismoan oinarrituta eta bloketan antolatutako ikastetxeak gauzatu ziren hiri eta herri nagusi guztietan, neurri higienistak edota funtzio zehatzak kontutan hartu gabe. Ikastetxe multzo handi horren artean Victor Eusak Iruñeako hainbat ikastetxetan eginiko lana, bere lengoaia arkitektonikoaren originaltasunagatik.

XX. mendearen bigarren erdialdetik aurrera egoera asko aldatuko da, batez ere hirurogeigarren hamarkadatik aurrera gauzatuko diren eraikin berriek ikastetxeen benetako funtzioak aintzat hartuko dituzte, arkitektura garaikidearen hizkuntza berriei so eginez. Ondorioz, azken lau hamarkada hauetan asko badira ere altxatu diren eraikuntza interesgarriak honako hauek nabarmenduko ditugu: Deustuko Unibertsitateak Donostian eraikitako kanpusa Miguel Oriolen eskutik, Juan Daniel Fullaondo eta Alvaro Libanok Bizkaiko hainbat herritan Bigarren Hezkuntzako hainbat ikastetxe, Hondarribiko ikastola Juan Ignacio Linazasoro eta Juan Garayren lana, Euskal Herriko unibertsitate publikoak eraikitako kanpusak, Euskal Herriko Unibertsitatearen kasuan Bilbon, Gasteizen eta Donostian -azken hiri honek eraikuntza interesgarrienak ditu- eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa Iruñean -Francisco Javier Saenz de Oiza arkitekto nafarraren lana, Estatu Batuetako eredua jarraiki egina-. Euskal Herriko beste bi unibertsitate pribatuek ere -Nafarroako Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea- eraikin interesgarriak dituzte. Lehenengoa Iruñean dago, paisaiarekin bat egiten duen antolamenduaren alde apustua eginez. Bigarren kasuan, multzo bakarraren kontzeptuari muzin egin eta hainbat fakultate eraiki ziren Gipuzkoako probintziako herrietan zehar -Arrasate, Oñati, Ordizia, Irun, Donostia, eta abar-. Deigarriak diren hainbat eraikin berritzaileen alde apustua egin zuten, Donostiako Miramonen dagoen Basque Culinary Center eraikinaren kasuan bezala, Vaumm estudioak egina.

Hala ere, eraikin multzo handi horiez gain eskala txikiago batean beste hainbat eraikin interesgarri aurkitu daitezke Euskal Herrian barrena. Xumeagoak dira baina ikuspegi arkitektonikotik esanguratsuak eta adierazgarriak ere badira. Ikastetxeen tipologia oraindik garatu eta aldatu litekeela erakusten digute, elementu eta kontzeptu berriak txertatuz. Azken adierazpen horren adibide gisa Eduardo Arroyok Sondikan burututako haurtzaindegia har dezakegu.